GARA
DONOSTIA

Loreak eta kontakizuna, Mikel Zabalza gogoratzeko

Donostiako Altza auzoan omenaldia egin zuten atzo Mikel Zabalza bizilaguna Guardia Zibilak atxilotu eta hil zueneko 30. urteurrenean. Bertsio ofiziala gezurtatu eta egia azaleratzeko dokumentala egiten ari diren bitartean, erreparazioa eta justizia eskatu zuten bakea eraikitzeko.

Lore eskaintza eta omenaldi batekin gogoratu zuten atzo Altza auzoko frontoian Mikel Zabalza orbaizetarra, ETAko kidea izatea leporatuta 1985. urteko azaroaren 26an atxilotu eta handik hogei egunera Bidasoa ibaian hilik topatu zuten gaztea. 32 urte zituen eta autobus gidaria zen Donostian. Ostegunean bete ziren hogeita hamar urte beste hiru lagunekin batera (Idoia Aierbe, Mikelen bikotekidea; Manuel Bizkai eta Ion Arretxe) atxilotu zutela. Denek jasan zituzten tortura bortitzak Guardia Zibilaren eskuetan Intxaurrondoko kuartelean.

Ekitaldian hitza hartu zuen, besteak beste, Ion Arretxek, Zabalzarekin batera egun beltz hartan atxilotu zutena, bere testigantza eskaintzeko. Mikel Zabalza Gogoan ekimenekoek ere hitza hartu zuen, baita Dbus autobus konpainia publikoaren izenean langile batek ere.

Omenaldian oholtzara igo ziren Idoia Aierberen senideak ere. Zabalzaren bikotekidea zenak gaur egun ez du gertatutakoaz ezer gogoratzen, Arretxek orain egun gutxi aitortu zuenez.

Egia, bakea eraikitzeko

Ekitaldira bertaratu ziren Amaia Almirall Donostiako Udalean EH Bilduko bozeramailea eta Marian Beitialarrangoitia EH Bilduko Gipuzkoako zerrendaburua Madrileko Kongresurako. Azken honek adierazi zuenez, «biktima guztiek, salbuespenik gabe, behar eta merezi dute egia, justizia eta erreparazioa».

Hautagaiaren ustez, Zabalzaren kasuak agerian uzten du badagoela oraindik «bidea egiteko». «Gizarteak eskatzen duen bakea eta elkarbizitza eraikitzeko». «Gainditu beharra dago tortura sistematikoa ez zela izan eta gutxi batzuei baino ez ziela eragin dioen bertsio ofiziala», eskatu zuen.

Hain justu bertsio ofiziala gezurtatu eta gertatu zena argitara aterako duen dokumentala prestatzen ari dira, “Galdutako objektuak”. Finantzatzeko crowdfundinga abiarazi dute.