Mikel ETXEGIA

Nola azaldu hemen bizitakoa

Lan zaila jarri didate gaurkoan. Ez dakit Bizkaia pilotaleku honetan bizitakoa hitzez esplikatzeko gai izango ote naizen, benetan zirraragarria izan da, eta hazten ikusi nuen mutiko hura iritsi den lekura iristen ikusteak benetan pozten nau.

Finala aztertzen jarrita, nire ustez, Irujok irabazita zuen partida bati ihes egiten utzi dio. Lehen ere gertatu izan zaio halakorik eta gaur ere berriro gertatu zaio. Dena kontrolpean zuela zirudien, partidan dena ari zen ondo egiten, sakeak, errestoak, defentsan ere bikain, jokoaren ekimena beti berea izan da, eta txapela dagoeneko buruan zuela uste genuenean, ihes egin dio hatzen artetik.

Mikel, berriz, kostata sartu da partidara. Hasieran ez ditu beti ondo egiten dituen gauza horiek ere ondo egin. Beti izan da errestoan bikain aritu den pilotari bat, txapelketa honetan oso lan ona eginda zegoen arlo horretan, baina gaur hasiera xamarretik utzi ditu errestatu beharreko lauzpabost sake, tantoaren ekimena ere Irujoren esku utzi du zenbaitetan eta horrela oso zaila da halako pilotari bati jokatzea. Ez du barkatzen.

Baina inork gutxik espero genuenean, Irujo opariak egiten hasi zaio Mikeli, Urrutikoetxea gora etorri da, konfiantza hartu du, ixilik zegoen pilotalekua ere garaipenean sinisten hasi da, finala erabat aldatu da gutxien espero genuenean.

Kanpotik ematen zuen partida amaieran fisikoki ere Mikel gehiago izan dela. Eta Mikel oso ondo prestatuta dago, fisikoki izan duen aldaketa ikustea besterik ez dago arlo horretan lan handia egin duela ikusteko, baina fisikoki baino, buruz egon da Irujo baino indartsuago. Amaieran batez ere ideiak arerioak baino argiago izan ditu Mikelek, gauzak oso ondo egin ditu eta hortik eman dio buelta galduta zuen final eta txapel bati.

A ze urtea izan den 2015 hau, guretzat zoragarria. Ikaragarria da halako gazte bat buruz buruko bi txapelak jantzita ikustea. Nik bere garaian zati txiki batean lagundu nion, eta egia esan zoragarria zen berarekin lan egitea, beti baitzegoen prest entrenatzeko, sekula ez zuen hitz txar edo protestarik eta beti galdetzen zuen zer egin zezakeen hobetzen jarraitzeko. Oso maite dut Mikel betidanik, herrikidearen aurkako partidetan ere bere alde izaten naiz, pentsa! Orain beste etapa batean dago eta jarrai dezala, orain arte bezala, poliki-poliki gora egiten eta guk gozatuko dugu.