Ariane KAMIO
DONOSTIA

«Egin dudana baino gehiago interesatzen zait etorkizunak asma dezakeena»

Xola pertsonaiarekin bosgarren alea ondu du Bernardo Atxagak haur literaturan. Orain arteko lau ipuinak ingelesera itzuli ondoren, berriki saritua izan da Londresen. Britainia Handiko hiriburura egindako azken bidaian haur literaturan behar berri bat deskubritu du idazle asteasuarrak; ilustrazio eta elkarrizketez gain, aktoreak ere behar direla.

Bere alderik askotarikoenak agerian utzi ditu Bernardo Atxagak azken egunetan. “Muskerraren bidea” aurkeztu du berriki Asteasun, bere sorkuntza literarioetarako sortu zuen Obaba hiri imajinarioaren bueltan eraikitako gida literarioa. Atzo, aldiz, haur literaturara itzuli zen. Hain zuzen, 1995ean abiatu zuen Xola ipuin bildumari bosgarren alea erantsi dio oraingoan; “Xola eta lapurra” (Erein).

2013an “The Adventures of Shola” izenburupean, Xolaren lehen lau istorioak ingelesera itzuli ziren album bakarrean bilduta. Arrakasta ezagutu duen edizioa izan da, izan ere, salduenen zerrendan sartzea lortu zuen Atxagak haurrentzako sortutako pertsonaiarekin eta berriki Marsh saria jaso du. Londresen izan da azken asteetan Atxaga Children Book Show deritzan zirkuituan, idazle, editore eta ilustratzaileekin harreman zuzenean. Egonaldi hartan ikasitakoaz aritu zen: «Haur literaturak baditu hiru osagarri: elkarrizketak, irudiak eta aktoreak». Hots, haurrei zuzendutako istorioak dramatizatzearen beharraz mintzatu zen, Londresko antzoki batean ikusitako esperientzia batez ohartuta.

Umorea

Dramatizazio lanetan aritu zenetako bat izan zen Michael Ross idazlea. «Liburua hartu eta zutik interpretatzen hasten zen aktore bat bezala». Umorearen garrantziaz jardun zuen, ildo horretan Bernardo Atxagak. Eta gazte garaietan irakurritako lehen liburuek sortu zioten zirraraz aritu zen, horien artean, Charles Dickensen “The Posthumous Papers of the Picwick Club”. Bi umore mota bereizi zituen bide horretan: beltza eta txuria, «tartekorik ez dut erabiltzen». Haur literaturarako txuria darabil Atxagak, «poesiatik oso hurbil dagoelako eta poesia hori neureganatzen saiatu naiz». Halaber, egungo diskurtso zurrunetatik aldentzeko mekanismo gisa ikusten du; «antiautoritarista da umorea».

Umorez hitz egitean sakoneko gaiak ekiditen direnik ez du uste, bestalde. Eta Michel Rosenen adibidea jarri zuen berriro, hemeretzi urteko semearen heriotzaren ondotik idatzi zuen “The sad book” liburua adibidetzat hartuta. «Irakurketa aringarria da. Bat-batean hil zaion semeari buruzkoa bada ere, ez da ihes bat, umorea batzuetan bizitzaren alde ere erabiltzen da», laburbildu zuen.

Joan-etorri geraezinean dabil azken denboran Bernardo Atxaga. Hala ere, buruan du dagoeneko Xolaren seigarren alea izango dena, nahiz eta oraindik ez duen idazketa prozesua abiatu. «Esertzen naizen egunean idatziko dut, azkenaldian asko kostatzen ari baitzait esertzeko denbora izatea», esan zuen bromatan. Egindako lanari eta datorrenari begira, idazle asteasuarrak oharra bota zuen bere ibilbidean gertatutakoaz eta gertatuko denaz: «Egin dudana baino gehiago interesatzen zait etorkizunak asma dezakeena».

 

Zaindaritzat jotzen zuten etxeko txakur hura...

Etxean zuen txakur baten iruditik sortu zen Bernardo Atxagaren haurren unibertsoko pertsonaia. Behin kanpoan zirelarik, anaiari txakurra ateratzeko eskatu zion eta, anaiak, lapur gisa jokatzea erabaki zuen, animaliak nola erreakzionatuko zukeen jakiteko. Zaunkaka eta hozkaka atera zitzaion lau hankatako izakirik ez zuen ikusi; aitzitik, neguko arropak gordetzen zituzten armairu batean manta azpian aurkitu zuen zaintzailetzat zuten txakurra.

Hortik abiatuta, bost istorio ondu ditu azken hogei urtean eta seigarrena ere izango du. Kasu horretan Parisera eramango du Xola. Gioconda ikusteko irrikaz egongo den txakurrak ez du, ordea, Da Vinciren obra ikusteko aukerarik izango eta Cezanneren lanekin konformatu beharko du, halabeharrez. A.K.