Arantxa MANTEROLA
BAIONA

Elkargo bakarraren alde egin dute esparru ekonomikoko hiru ganberek

Merkataritza eta Industria Ganberak, Ofizioen Ganberak eta Laborantza Ganberak, Ipar Euskal Herriko elkargo bakarraren aldeko iritzia plazaratu zuten atzo, Baionan. Erakunde bakoitzak bozketa egin du bere batzarretan eta, «lurraldearen garapenerako egokiena» delakoan, gehiengo zabalez babestu dute aukera hori. Erabakitzea hautetsiei badagokie ere, ekonomia esparruan duten ordezkaritza aintzat hartuta, iritzia emateko zilegitasuna dutela uste dute.

Duela aste batzuk Andre Garreta Merkataritza eta Industria Ganberako buruak adierazitako jarrerara bildu dira orain gainerako bi ganberak. Hala jakinarazi zuten atzo, Baionan, hiru egituretako ordezkari gorenek egindako agerraldian.

Ofizioen Ganberaren presidente Sauveur Lagourguek joan den astean, bozketaren bidez, hiri elkargo bakarraren alde hartu duten deliberoa jakinarazi zuen. 26 hautetsietatik 25 alde eta bat kontra agertu ziren. Lagourguek adierazi zuenez, «gure artisau, autonomo eta ofizialentzat Bordeleko erabaki eremua urrunegi» geratzen da eta erakunde bakarra izatea «finantzamenduak bilatzeko, proiektuak bultzatzeko eta euskal lurraldea kontuan hartua izan dadin pisua izateko irtenbide oso ona» da.

Antzeko argudioak eman zituen Jean-Mixel Anxolabeherek. Pirinio Atlantikoetako Laborantza Ganberako hautetsiek ostiralean eman zuten beren aburua «etorkizunerako garrantzi handia» izango duen gai honetaz. Departamendu mailako 30 hautetsietatik 24 alde eta 1 aurka agertu ziren bozketan eta gainerako 5ek abstentziora jo zuten.

Anxolabeherek nabarmendu zuen elkargo bakarrak «lekuko gobernantza argiagoa eta eraginkorragoa, tarteko solaskiderik gabekoa, bertako dinamikarentzat sustagarriagoa eta lurraldearen berezitasunei egokituagoa izateko» aukera ematen duela.

Iritzi zilegiak

Paueko ganberako presidenteak argi dauka azken erabakia lekuko hautetsiei dagokiela. «Alta, erakunde publikoak garen heinean, guk ere gure iritzia ematea inportantea da, hau ez baita soilik afera ideologiko bat. Datozen urteetarako laborantza politikak, landa lurren kudeaketak eta lurralde koherentziak eskatzen digun ardura ere bada», gaineratu zuen.

Garretak, berriz, esparru ekonomikoko hiru eragile nagusietako batzarrek hartutako jarreraren garrantzia azpimarratu zuen. «Herri elkargoen bitarteko ekonomikoen %60 gure jardueretatik dator. Ez ditugu, jakina, erabakia hartu behar dutenak ordezkatu nahi baina azterketa eta txosten ugariren laguntzaz sakon jorratu dugu gaia eta uste dugu legitimitatea dugula gure iritzia plazaratzeko», esan zuen. MIGeko biltzarrak duela aste batzuk bozkatu zuen eta 26 hautetsiek aho batez Ipar Euskal Herriko elkargo baten alde azaldu ziren.

 

Ipar Euskal Herriko hitza entzunarazteko, premiazkoa

Hiru ganberetako presidenteek ez zuten elkargo bakarra sortzearen aurkako iritzia plazaratu duten hautetsien jarrera baloratu nahi izan. «Ez gara horretan sartuko. Gure ganberen zeregina adostasunean eta elkarlanean gure ekonomiaren garapena nola sustatu finkatzea da. Horren alde zer egiten den edo ez den egiten, zeintzuk izango diren bitartekoak eta solaskideak, hori da inportanteena», adierazi zuen Sauveur Lagourguek. Ildo horretan, hiru ganberen mintzaidetza bakarra egituratze aldera partaidetza moduak aztertzeko intentzioa dutela esan zuen Jean-Mixel Anxolabeherek.

«Errepublikak euskal batasunean aritzeko aukera ematen digu orain eta ezin dugu aukera alde egiten utzi. Bordeleren ostean, elkargo handiena izango ginateke. Gure hitza entzuna eta errespetatua izan dadin, negoziatzeko, ezinbestekoa da batuta egotea. Bizpahiru elkargotan banatuta geratuko bagina, nork entzungo luke 15.000 herritar soilik ordezkatzen duen egitura bat?» galdetu zuen Lagourguek.A.M.