EDITORIALA
EDITORIALA

Euskal erbestetik bide berrietara

Gerratik alde egin nahian ekialdetik Europara datorren errefuxiatu andanak kontzientziak astindu ditu gure artean. Arazoari irtenbidea emateko gailurretik gailurrera ibili dira Europako politikariak, baina ez dute ezer konpondu; beraien nagikeria agerian gelditu da, besterik ez. Bien bitartean, gaiaren inguruan gizartean eztabaida publikoa zabaldu da eta ihesi datozen pertsonei laguntzeko mobilizatu dira herritarrak, bakoitza bere ahalmen eta baliabideen arabera.

Zoritxarrez, euskal herritarrontzat egoera hori aski ezaguna da. Karlistaldietatik hona milaka eta milaka izan dira ihesean ibili diren euskal herritarrak. Belaunaldi berriak ibilbide zaharretik munduan zehar dozenaka herrialdetatik igaro dira. Erbestean egon diren euskal herritarrak asko izan badira ere, orain arte ez da gaiaren inguruan diagnostiko berezi bat egin. Euskal Memoriak egiteko hori bere gain hartu, eta euskal errefuxiatuen informazioa jaso, aztertu eta landu egin du. Ale monografikoa osatu du datuak eta testigantzak bilduz. Liburuaren aurkezpenean aipatu duten moduan, erbestea kartzela eta deportazioaren parekoa da, baina nolabait ez da halakotzat hartua izan gure gizartean. Ezbairik gabe, ikerketa horrek iheslarien afera gizartean behar bezala kokatzen lagunduko du.

Gaiari bere garrantzia ematea eta agenda politikoan sartzea urrats bat da konponbideari heltzeko. Hala ere, horretarako harantzago jo behar da eta gertakariaren iturburura jotzea ezinbestekoa da. Halako kasuetan, inork ez du bere jatorria uzten bere gogoz. Leku batekoak edo bestekoak izan, errefuxiatuen atzetik, beti gatazka bat dago. Horien konponbide politikoa ahalbidetu behar da iheslarien afera behin betiko amaitzeko. Zentzu horretan, Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboak 2013an bide orria aurkeztu zuen. Gatazkaren izaera eta ondorioei erantzun demokratiko bat eman behar zaiela aldarrikatu zuen. Irtenbide demokratikoa –guztion eskubideak kontuan hartuko dituena– ezinbestekoa da egoera berriz ez errepikatzeko eta belaunaldi berriak bide berrietatik ibiltzen hasteko.