A.K.
donostia

Itxuraldatuta, kanpora begira jarriko du literatura «Hegats» aldizkari berrituak

Hogeita bost urteko ibilbidea beteta, Euskal Idazleen Elkartearen “Hegats” aldizkaria barrura begira aritzetik kanpora so jarri da argitaratu berri den ale berriarekin. Idazle eta arlo espezializatuari ez ezik, kaleari begiratu nahi dio argitalpenak. Ez soilik bere forman, baita bere edukian ere, kontatzeko modu aiseagoarekin.

Lander Garro idazle, kazetari eta argazkilaria arduratu da aldizkariaren egitura berria diseinatzen. «Kultura eta literatura izaten dira zurrun, izu, herabe... Gure buruari limiteak jartzen aritu gara eta gure kulturak gure izan behar badu limiteak jarri gabe izan beharko du. Mugak jartzekotan, jar ditzatela kanpotik», nabarmendu zuen atzo aldizkariaren aurkezpenean. Eta azaletik bertatik nabari daiteke aldaketa. Mutil bat agertzen da normalean azalduko ez litzatekeen postura batean, ukabilkada bat jasotzen. Peru Iparragirreri egindako argazkia da, Itu Bandako kidea. «Aldizkari zahar bat alboan utzi eta berri bat esnatu dugu», ohartarazi zuen. Eta jarraitu: «Etorkizuna hitz gakoa da. Etorkizuna da denok biziko garen lurraldea eta hor egotea oso garrantzitsua da».

Edukiak

Azalaren atzetik datorren irudian, Ixiar Rozas, begiak itxita. «Bada beste postura bat komunikabideetan ateratzen garenean azaltzen ez dena. Iradokitzen du barrura begira dagoela. Azalak kanporako begirada bat iradokitzen du eta kontrazalak barrura begiratzekoa. Azkenean, literatura hori da».

Edukiei dagokienez, aldaketak ere baditu aldizkariak. Euskadi saria irabazi baina hari uko egin zion Mikel Peruarena idazle eta kazetariari elkarrizketa; Danele Sarriugartek, Kattalin Minerrek eta Jule Goikoetxeak osatu duten “Erractus” ikuskizun literarioa; edo Harkaitz Cano bera orain arte ezezagun zen albo batetik begiratuta. Hain zuzen, idazle lasartearrak osatu dituen marrazki kaieren irudiak. Halaber, Ramon Saizarbitoriarekin hitzordua. Bere ibilbideko sei liburu hautatu eta bere bizitzako sei argazkirekin lotura egin du idazleak. Egile lanetan aritu dira Danele Sarriugarte, Leire Palacios, Yurre Ugarte, Edorta Jimenez, Peru Iparragirre, Eider Rodriguez, Lander Garro eta Amagoia Gurrutxaga.

“Hegats” aldizkaria urtean behin argitaratuko da. Bost euroko salneurria izango du, eta Euskal Idazleen Elkarteko bazkideei banatuko zaie. Nolanahi ere, publiko orokorrera ere iritsi nahi du eta hainbat liburu dendetan salgai jarriko da, baita Durangoko Azokan ere. Harpidetzak egiteko aukera ere irekita dago.