I.S.
GASTEIZ

Jostailu sexisten aurkako kanpaina jarriko du martxan EH Bilduk

EH Bilduk kanpaina abiatuko du Gabonetan oparitzen ditugun jostailuak ez daitezen sexistak izan. Kartel sorta bat ikusgai jarriko du hainbat udalerritan eta bestelako ekimen batzuk ere egingo ditu helduak kontzientziatzeko helburuarekin.

Koalizioak adierazi zuenez, «ez dago jolas onik edo txarrik, jolasaren erabilerak baitira onak edo txarrak izatekotan. Era berean, ez dago neska edo mutikoentzat den jolasik, izatekotan, jolas jakinak neskei edo mutikoei eskaintzen baitizkiegu; eta kasu hauetan, maiz asko generoei esleitutako rolak eta aurreiritziak indartzen ditugu».

Bestetik, Emazteek Diote Hazparneko taldeak zenbait aholku argitaratu ditu jostailuak aukeratzeko. Ea toxikoak diren, zein baldintzatan egin diren, iraunkorrak ote diren edo jostailuak sexu estereotipoak sortzen ote dituzten kontuan izateko gomendatzen diete gurasoei. Izan ere, «jostailu baten erostea, izugarri seriosa da».