Ariane KAMIO
DONOSTIA

Toure sagako laugarren alea ondu du Jon Arretxek

Toure sagaren laugarrena kaleratu du Jon Arretxek «Estolda jolasak» lanarekin. Bildumako lanik «afrikarrena» da, kontinente beltzean garatzen baita narrazioaren zatirik handiena. Garai bateko bidaia kronikak eta nobela beltza nahastu ditu azken alean.

Toure pertsonaia afrikarraren bueltan saga bat eraiki du Jon Arretxek (Basauri, 1963) eta laugarren alea kaleratu berri du orain, euskaraz eta gaztelaniaz. “19 kamera”, “612 euro” eta “Hutsaren itzalak” aleen ondotik eraiki du orain “Estolda jolasak” (Erein). Toure Bilbotik kanporatuko dute agintariek eta Afrikara itzuliko da. Burkina Fasokoa bada ere, Bamakon, Maliko hiriburuan utziko dute. Orain arteko nobelarik «afrikarrena» dela aitortu zuen idazleak, kontinente beltzean garatu baitu kontakizunaren zatirik handiena.

Trilogiak begiz jota ditu Arretxek, eta horregatik erabaki zuen hirugarren alean proiektua amaitutzat ez ematea. Nolanahi ere, aitortu zuen kosta egin zitzaiola azken lanari hasiera ematea, hirugarren eleberriaren amaiera zalantzagarriaren ondotik.

Ohikoa izan da Jon Arretxerengan bidaia kroniketatik gertu ibili diren sorkuntza lanak, eta kutsu hori ere badu Afrikatik gertuen jarri duen eleberri horretan. Zalantzak ere izan ditu, ordea, genero nahasketa horretan. «Oso afrikazalea eta bidaiazalea naiz, baina ez dakit nobela beltzaren zaleei asko gustatzen zaien bidaia literatura hori, askotan hibrido modukoak egin izan baititut», esan zuen Donostian egindako aurkezpenean.

Bi zati bereizi ditu gainera. «Lehenengoa erritmo afrikarrekoa da; ahaztu estresa eta hemengo zurrunbiloa. Toureri ere zaila egingo zaio Afrikara itzultzea, ez baita ez hemengo eta ez hango sentituko». Egoera hori afrikar pertsonaia tipikoak erabiltzeko baliatuko du, Toureren itzuleran lagungarri izango zaizkionak.

Bigarren zatian indartzen du abiadura idazle basauriarrak eta «thriller afrikar» bat osatu du, ustelkeria eta mafiak tartean sartuz.

Nobelaren zati gehiena lehenengo pertsonan idatzi du, Toureren begietatik kontatuz, baina lehenengo eleberriko pertsonaia bat ere berreskuratu du, kamera kontrolatzailearena, «botere handiko pertsona errukigabea», hirugarren pertsonan ariko dena. Bere irudiaren bitartez gizartean dagoen eztabaida jarriko du mahai gainean, «atzerritarrekin nola jokatu, nola tratatu».

Jihadismoari zeharka begiratzen dio Arretxek lanean. Jakitun da azken denboran Europan eta Afrikan egin diren erasoek sortu duten harrabotsaz, eta ez du gehiegikeriaz jokatu nahi gaiarekin.

“Estolda jolasak” ez da Toure pertsonaiaren inguruan eraiki duen sagako azken emana izango. Bosgarrena dagoeneko buruan daukala onartu zuen. «Nahiko argi daukat nola abiatuko den, baita Bilbon gertatuko dela ere».