Martxelo DIAZ
IRUÑEA

Erakundeek euskara normalizatzeko lana badutela gogorarazi du EH Bilduk

Euskara indarberritzeko eta bultzatzeko manifestua aurkeztu zuen EH Bilduk atzo, Iruñean, bihar Euskararen Eguna ospatuko dela eta. Xabier Isasi eta Bakartxo Ruizek, Gasteiz eta Iruñeko parlamentariek, irakurri zuten testua, koalizioko beste hautetsiekin batera.

Abenduaren 3a ospatzeko eta aldarrikatzeko eguna dela nabarmendu zuten. «Ospatzeko, euskararen gizarte erakundeek, euskaltzaleek eta erakunde publikoek lan eskerga egin dugulako azken hamarkadetan euskararen normalizazioaren eta biziberritzearen alde, eta hizkuntza asko ez bezala, bizirik iritsi delako gaur egunera. Baina ospakizun hauek guztiak neurriz egin behar dira; izan ere, jakitun gara euskara bizirik egon arren, osasun onetik urrun dagoela. Unescok berak hizkuntza ahulen zerrendan du euskara eta normalizaziotik urrun dago», esan zuten.

Banaketa

Horrela, euskarak banaketa administratiboa pairatzen duela gogorarazi zuten. EAEn Euskararen Legeak 33 urte bete berri du eta Nafarroako Euskararen Foru Legea 29 urte betetzear da. Ipar Euskal Herrian, berriz, ez dago inolako aitortza ofizialik. «Euskal Herriko lurralde guztiak hartuta ere, agerikoa da oraindik ere hizkuntza politika eraginkorrak abian jartzeko eta beharko liratekeen baliabideak lortzeko bidea egin behar dela», gaineratu zuten.

Horregatik, EH Bilduk ordezkaritza duen erakundeetan (udalak, batzar nagusiak eta Gasteizko eta Iruñeko parlamentuak) euskara sustatzeko politikak bultzatuko ditu. «Euskararen osasuna hobetzeko, berreskuratzeko eta erabilera sustatzeko, herritarrok eta erakundeok elkarrekin lan egin behar dugu», esan zuten. EH Bilduren iritziz, erakundeek euskaldun berriak eta hiztun aktiboak lortu ahal izateko baliabideak eta tresna egokiak jarri behar dituzte. «Hizkuntza politika berritzailea bultzatu behar dugu, burujabea eta inongo mendekotasunik gabea, galbidean dagoen hizkuntza gutxitua izatetik hizkuntza normalizatua izatera iritsi ahal izateko».