GARA
DONOSTIA

Hizkuntz eskubideen protokoloaren zutabeak zehaztuko dituzte egunotan

Donostia 2016 eta Kontseiluaren eskutik, Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa egiteko ardura duen batzorde zientifikoa bilduta dago. Datorren urteko abenduan aurkeztekoa den agiriaren oinarriak zehazten ari dira.

Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloaren lehen urratsak adostea. Zeregin horretantxe dihardute hizkuntzalaritzan eta zuzenbidean aditu diren hamabost pertsonak, atzo hasi eta gaur arte.

DSS2016EUko eta Kontseiluko arduradunek harrera egin zieten atzo batzorde zientifikoko ordezkariei. Donostia 2016ko zuzendari nagusi Pablo Berastegi eta Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbao zeuden ekitaldian.

Bileraren garrantzia azpimarratu zuten denek. Bi egunetan «lan jardun sakona» izango dute batzordekideek, aurrerantzean protokoloa lantzeko irizpide nagusiak zehaztuko baitituzte.

Hizkuntza eskubideak bermatzeko neurri zehatzak biltzen dituen dokumentua izango da protokoloa, eta hizkuntza eskubideak modu eraginkorrean aplika daitezen neurriak proposatuko ditu. Bartzelonan 1996an aurkeztu zen Hizkuntza Eskubideen Deklarazio Unibertsalean oinarrituko da.

Hala, martxoan aurkeztutako talde antolatzaileak protokoloaren irizpide nagusiak landu ondoren, Batzorde Zientifikoa osatu da eta horri dagokio dokumentua idazteko eta osatzeko lanari heltzea.

Lehen testu hori abiapuntutzat hartuta, datorren urtarrilean «salto kualitatiboa» emango da, prozesua kanpoko ekarpenei irekiko baitzaie. Jendarteak «ezinbesteko papera» izango du, sustatzaileen esanetan. Modu horretan, Europako hainbat gizarte erakunde eta eragileren adostasunaz garatu eta 2016ko abenduan aurkeztuko da Donostian, Europako Hizkuntza Aniztasunaren Goi Bileran.

«Duela 19 urte Bartzelonan Deklarazioak egin bezala, gaur hemen hasten dugun lanak hizkuntz eskubideen alorrean erreferente bihurtuko du Donostia 2016», adierazi zuen atzoko ekitaldian Paul Bilbaok.

Ezinbesteko erreminta

«Europako hizkuntz aniztasunaren garapen bidean ezinbesteko lanabesa izango da ekimen hau», gaineratu zuen Pablo Berastegik. Bere esanetan, «hizkuntz eskubideen esparruan erreferentziazko ekarpena izango da, Europako bizikidetza hobetze aldera». Hiritartasun proiektuaren muina kultura bizikidetza hobe baten aldeko erreminta izatea da. Hori horrela, «hizkuntza eskubideak bermatzea beste edozein giza eskubide bermatzea bezain garrantzitsua da».

Batzorde Zientifikoko kideen artean daude, besteak beste, Alexandra Buchler Erresuma Batuko Itzultzaileen Elkarteko zuzendaritza kidea, Conchur O Giollagain Hizkuntza eta Kultura Gaelikoa Biziberritzeko Ikerketa Sare Nazionaleko zuzendaria, Davyth Hicks Europako Hizkuntza Berdintasunaren aldeko Sareko idazkari nagusia, Robert Dunbar Edinburgoko Unibertsitateko irakasle eta Eskoziako gaelikoan aditua, Ferran Suay Psikobiologia irakaslea Valentziako Unibertsitatean, Iñigo Urrutia Zuzenbide Administratiboko irakaslea Euskal Herriko Unibertsitatean eta Maria Pilar Garcia Negro Coruñako Unibertsitateko irakaslea.