Ariane KAMIO
DONOSTIA

Joseba Sarrionandia, askatasun ariketa bat barne erbestetik

Mondragon Unibertsitatean emandako hitzaldietatik «Lapur banden etika ala politika» saiakera ondu du Joseba Sarrionandiak. Barne exiliotik egindako askatasun ariketa da idazle iurretarrak lerroetara ekarritako gogoeta. Elkarrizketari eta eztabaidari zabalik dagoen proposamena da eta kritikatik eta autokritikatik ere badu. Hain zuzen ere, unibertsitate barruan hasitako feedback-a kale izkinetaraino iristea da idazlearen guraria.

Azken hogeita hamabost urteetan Euskal Herririk ez du fisikoki ezagutu Joseba Sarrionandiak, baina kultura politikoaren nondik norakoari jarraitu diola ezin uka dakioke idazle iurretarrari, deserritik hainbat saiakera egin baititu noraez garaikideari atxikitakoak. Exilioaren distantzia fisiko eta psikologikoak murritz hartzearen alde egin du, bada, kasu honetan eta gertutasunezko elkarrizketa bat proposatu du. Hasierako solasaldia Mondragon Unibertsitatean Euskal Kulturaren Transmisioaren (EKT) baitan eman zuen hitzaldi bikoitzaren haritik bertako ikasleekin mantendutakoa izan zen. Bigarrena, gela barruan nola plazaren aurrean hala egin nahi du.

“Lapur banden etika a la politika” (Pamiela) elkarrizketarako proposamen bat da, eztabaidarakoa. Ikuspegi pertsonalenetik eraikitako saiakera da; figura literarioak albo batera utzi ditu eta soiltasun erabatekoz hizkera bera soberakinezko janzkerez erantzi du, bere xalotasunean ulergarri eta irisgarri izan dadin, edonoren eskura jarriz.

Testu dialogala da saiakeran erabilitakoa, eztabaidarako sortua eta, hartara, trukean hartzen du zentzua. Izan ere, Joseba Sarrionandiak prestatu zuen hitzaldietako batean oinarritu du alearen lehen zatia, bigarrena ikasleen ekarpen eta iruzkinekin osatuz. «Unibertsitate barruan hasten dena orain plazara aterako da», nabarmendu zuen atzo liburuaren aurkezpenean Nekane Goikoetxea irakasleak.

Julen Arexolaleiba EKTko koordinatzailea eta Iban Arantzabal blogari eta ikaslea ere izan ziren aurkezpenean, Jose Angel Irigaray editorearekin batera. Inork, baina, ez zuen liburuaren sakoneko baloraziorik egin nahi izan, barruan dituen iritzi eta gogoetak ez nahasteko.

Goikoetxearenak izan ziren aurkezpeneko ohar apurrak: «Pentsatzera behartzen gaitu. Adostasunak eta desadostasunak sortuko ditu eta hori da liburuaren helburuetako bat. Surrealismo pintzelkadez margotuta, bizi dugun egoerari buruzko elkarrizketa sustatzeko irakurketa pertsonala jarri du denon eskura Joseba Sarrionandiak. Kontsumo gizartearen mitokerien gainetik, agente legez azalduz eta guztioi ber gauza egiteko gonbidapena eginez», nabarmendu zuen.

Askatasun ariketa bat

Goikoetxearen iritziz, «askatasun ariketa bat da» funtsean euskal letretan eta pentsalaritzan aspaldian ikonizatutako idazleak egiten duena. «Barne exiliotik baino egin ezin den» ekarpena. Bere soiltasunean liburu sofistikatua ere badela dio, «kultura ikasketen eremuan bete-betean kokatzen dena eta horko erreferenteak baliatzen dituena». 2007/2008 ikasturtean abiatu zuen Mondragon Unibertsitateko Huhezi fakultateak Euskal Kulturaren Transmisioa aditu titulua eta aurtengoan Joseba Sarrionandia izan da gonbidatuen artean. Bi hitzaldi prestatu zituen hitzordu akademikorako. “Gure politikaren bilakaeraz inpresio eta iritzi batzuk” eta “Gure literaturaren bilakaeraz inpresio eta iritzi batzuk”. Lehenengoa hartu du oinarri “Lapur banden etika ala politika” saiakerarako eta elkarrizketa batean oinarritu du bere lana. Lehenengo hitzartzea berea da, hasierako 108 orrialdeetan ematen den hausnarketa «pertsonala, ausarta, gordina, gogorra, apala». Bigarren zatian, ikasle gisa parte hartu zuten hogeitik gora lagunen ekarpenentzat utzi ditu orrialdeak eta berak erantsi dituen erantzun eta azalpenekin osatu du lana. Autorea bera horrela mintzo da bigarren atalari hasiera eman aurretik: «Idaztea askozaz onuragarriagoa da irakurleek idatziz gero hurrengo orrialdeak». Eztabaida eta feedbackak ez du anekdota izaerarik, jendaurrera eramatea baita bere helbururik behinena, zintzotasunezko gogoeta politiko batek sor ditzakeen iritzi kontrajarrien dantza proposatuz.