GARA
BUJUMBURA

Burundiko gatazka politikoa etniko bihurtzeko asmoa ikusi du oposizioak

Ostiraleko erasoek 87 hildako eragin zituzten, Gobernuaren arabera, baina beste iturriek diote 200en bat hildako izan zirela. Kasu askotan hiltzaileek judizioz kanpoko exekuzioak egin zituztela eransten dute. Gatazka politikoa etniko bihurtzeko asmoa ikusten du oposizioak.

Bujumbura hiriburuan eta inguruko herrietan 150etik gora gorpu aurkitu dituzte. Lekuko batzuek esan dute 200en bat izango zirela kaleetan jasotako gorpuak. Izenik eman nahi ez duten lagunek informazio hori eskaini diote Fides Vatikanoko agentziari: «Agintariek diote hildako pertsonek, gazteak gehienak, armak zituztela, baina armarik ez dute erakutsi».

Informazio horren arabera, hildako gehienek eskuak bizkarrean lotuta zituzten, eta tiroa buruan, «judizioz kanpoko exekuzioak izan diren seinale. Era berean, erail dituzten pertsonen kopurua handiagoa izan daiteke, Bujumburan eta inguruko herrietan hobi komunak ere badaudela uste baitugu».

Ostegun gauean hasi zen hiriburuko hiru kanpaleku militarren aurkako eraso koordinatua. Fidesek emandako datuen arabera, erasotzaile gehienek ihes egitea lortu zuten. Hurrengo egunetan inoiz baino gorpu gehiago aurkitu zituzten kaleetan: «Hildako gehienak tutsi etniakoak dira. Pierre Nkurunziza presidentearen hirugarren agintaldiaren aurkako manifestazioak hutuen zein tutsien auzoetan egin dira. Beraz, Burundiko krisia politikoa da, ez etnien artekoa. Baina tutsi etniako aurkariei bakarrik eraso eginda, gatazkari ezaugarri etnikoa eman nahi diote agintariek».

Atzo hasi zen maiatzean egin zen estatu kolpearen inguruko epaiketa. 28 pertsona daude akusatuta, ministro ohiak eta jeneralak barne. Epaiketak garbi utzi du segurtasun indarren barruan posizio kontrajarriak daudela. Testuinguru horretan, Belgikak esan du «zerbait egin beharko dugula». Europar Batasunak laguntza eskaini dio Burundiri elkarrizketa prozesu bat abian jartzeko, eta AEBek beren herritarrei esan diete herrialde horretara ez joateko.