Amalur ARTOLA
DONOSTIA

«Gizartearen aniztasuna defenditzen duten obrek» hartuko dute Donostia

Aniztasuna eta desberdinen arteko bizikidetza islatzen duten antzerki obrak eta elkar aberasten duen gizarte bat eraikitzearen alde egiten duten dantza ikuskizunak bildu, kokteleran sartu eta «gizartearen aniztasunaren defentsa» egiten duen programazioa osatu dute Donostia Kulturak eta Donostia 2016k elkarlanean. Zenbait euskal talderen obrez gainera, besteren artean Kolonbia, Hungaria eta Koreako konpainien lanak ikusteko aukera izango da.

Donostia 2016k eta Donostia Kulturak elkarlanean garatu eta dFeriaren programazioari gehituko zaizkion zazpi antzerki lan, beste horrenbeste dantza emanaldi eta zirku ikuskizun bat aurkeztu zituzten atzo Udaleko Kultura zinegotzi Miren Azkaratek, Donostia Kulturako dantza eta antzerki programazioaren arduradun Norka Chiapusok eta Hiriburutzako zuzendari Pablo Berasteguik. Ekimena “Elkarrizketak” programaren barruan kokatzen dela azaldu eta dFeria-ren dantza eta antzerki programazioa «osatu eta aberastera» datorrela azaldu zuen Azkaratek. Antzerkiaren alorrean «desberdinen arteko bizikidetzari erantzuten dioten obrak» bildu dituztela eta dantzari dagokionez «elkar aberasten duten eta gizarte bat eraikitzen laguntzen duten» ikuskizunak bateratu dituztela nabarmendu zuen.

Berasteguik, bere aldetik, obra horiek Kultur Hiriburutzako balioekin «bete-betean» bat egiten dutela gaineratu zuen eta Chiapuso izan zen abendura bitartean Donostian ikusi ahalko diren obren berri eman zuena. Programazioa Kukai-ren “Oskara”-k ireki zuen joan den asteburuan, hori baita dFeriarekin lankidetzan antolatu duten emanaldi bakarra. Hurrengo dantza emanaldia otsailaren amaieran izango da. Marta Eturak eta Chevi Muradayk bikote harremanak arakatzen dituen “Return” obra ekarriko dute. Gainerakoan, Israel Galvan flamenko dantzariak eta Akram Khan indiar kathak dantzariak kulturen arteko loturak aztertuko dituzte “Torobaka” ikuskizunean; Marokon jaiotako Sidi Larbi Cherkaoui koreografo belgikarrak pasioa, sena eta kontsolamendua hartuko ditu hizpide “Goteborgs Operans Danskompani”-n; Oreka Tx-ek Japonia eta Euskal Herriaren arteko elkarrizketa bideratuko du “Hybrid Rythm & Dance”-n; afrikar emakumearen identitatearen gaia landuko du Aida Colmenerok “She Poems”-en; eta etengabe lurrera erori arren bizitzan aurrera egiten dutenak izango ditu hizpide Sharon Frimanek “Free Call”-en.

Antzerkian, Cho In Theatre korearrek II. Mundu Gerran japoniarrek bahitutako emakumeak ekarriko ditu gogora “Hotel Splendid”-en; Delmira Agustini poeta uruguaitarraren hilketaz jardungo da Marianella Morenaren “No daré hijos, daré versos”; mendekua landuko du Teatro Petra kolonbiarren “Labio de liebre”-k; Kulunkak adinekoak izango ditu hizpide “Solitudes”-en; Ysarcak gizakiaren barrunbeak miatuko ditu “Incendios”-en; Cervantesek espainolen hipokrisiaz idatzitako testu bat eramango du oholtzara Morfeok “El retablo de las maravillas”-en; eta Vaivenek Varsoviako haur juduen umezurztegi batera eramango gaitu “Último tren a Treblinka” obran.

Azkenik, Recirquelek zirku hungariar berria ekarriko du “The Naked Clown” ikuskizunaren bidez.