Pello ZABALA
Eguraldian aditua

Nola gobernatu?

Euskaldunok sarri eta gehientsuen generabilen hitza genuen hauxe: gobernu, gobernatze eta gobernantza… Nork gere burua gobernatu behar genuen goiz-goizetik, mahaian eta otorduetan bezala, kalean eta lagunartean. Zer esanik ez, goizeroko dotrina saioan eta haren segidako eskola orduetan…

Baina baita seme-alabak eta baserriko besteok ere: osaba-izebaren bat, morroi edo neskameren bat…denak xuxen eta egoki gobernatu, hala aste barruko lanetan nola asteburuko ordu libre eta kalekoetan.

Baina, agian, gobernu eta gobernatze zuzenena eta ordu gehien zeramazkiguna, azienda eta aziendatxoekiko, ganadu eta abereekiko, oilo eta oilanda nahiz txitoekiko harremantxo etenbako haiekikoak genituen hitzetik hortzera generabiltzanak.

Frogarik nahi duenak hor ditu aspaldiko idazleengan. Honakoa Kardaberazena duzue: «Bere familia añ ederki gobernatu izan zuen, non erri guzia marabillaturik zeukan».

Eta bertsolarietan aporrillo dauzkagu: Hara Xalbadorrena: «Haur nintzaneko, aitak erranik, ardiak goberna nitzan». Edo Txirritaren honakoa: «Zure idiak gose-plakian/ badute hamaika kariñu,/ uztarria baño obe zenduke/ ondo goberna baziñu».

Bai. Gobernazio kontu hauek denak, ez dizkit gobernu faltak edo gobernatu ezinak, edo gobernazio eskasak sortu, ez. Lagun baten galdera xorrotxak piztu zidan pentsamentuon katea eta lazoa. Aurten hainbeste hitz, hainbat aitzakia eta apustu trabestu dituen udazkeneko eta neguko eguraldiaren suieta ahoan, honela bota zidan: «Gobernu kontuez nazkatu gaituztenean, hik zer diok, Pello, eguraldia gobernatuko duenik ez al da?».

Algara batzuk tarteko, umore argiz jardun genuen kuadrillan, luze eta solasti. Baina, gehienok baserriko umeak ginenez, honako tesi finko honetan batu ginen: «Haizeari utzi behar zaiok!».

Noski. Hori hala izanik… «Eta? Haizea nork gobernatu?». Eta hor jardun ginen baserriko jakintzak nola asmatu zuen haizeen erreparoan. Kuarta-tenporak jorratu genituen beste behin, udako nahiz udazkeneko eta neguko haizeok gogora ekarriz. Baina… baserriko unibertsitateak nola ez omen duen balio, gobernuaren gobernazioa kritikatzera pasa ginen…