Nagore BELASTEGI
TOLOSAKO INAUTERIAK

Salou Euskal Herria izango ote da inauterien ostean?

Castellers talde batek dorrea egin zuen Tolosako plazan, inauterietako txupinazoak eztanda egin aurretik. Artur Masek berak txistorraren partez butifarraren promozioa egingo duela esan zuen eta, trukean, euskaldunez josita dagoen Salou Euskal Herriaren parte izan dadin adosteko prest dago.

Hasi dira inauteriak. Ez, agian, Euskal Herriko herri gehienetan, baina tolosarrek atzo, ostegun gizenean, txupinazoa botata serpentina eta koloreei atea zabaldu zieten. Gipuzkoako herria parodiaren hiriburu bihurtzen da egun hauetan. Hirukide ikastetxeko ikasleak izan ziren goiztiarrenak. Herrian zehar desfile dotorea egin zuten eta, ondoren, dantza jaialdia eskolako patioan. Aukeratutako gaia animalien erreinua zen. Bazeuden lehoiak Jimmy Cliffen “In the jungle” kanta dantzatzen eta inguruan, begira, azeriak, pinguinoak, tximuak... baita safarietako esploratzaileak ere.

Urrunean txaranga entzuten zen eta jendea, pixkanaka, saguek Hamelingo txirulariaren musikari jarraitzen zioten bezala, erdiguneko kaleetan barrena zihoan. Buzoak eta txilabak onartuta daude, baina mozorro gehiegi ez da ikusten ostegun gizenean Tolosan. Hori bai, osagarriak ia derrigorrezkoak dira: askotariko txanoak, ilea pintatzeko espraia, ileordeak, betaurrekoak eta zapiak. «Mozorrorik ez» dioen idatzi gabeko legea hausten duenik ere badago, noski. Bertaratutakoen begiradak erakartzen zebilen rastak berdez pintatu eta buruaren goialdean mototsa zeraman gizona. Mototsaren inguruan lorontzi bat jarri zuen eta lore zuri bat gehitu zion. Bazirudien buru gainean landare bat zuela. Outfita betaurreko ilunak eta gitarra txiki bat eramanez osatu zuen. Gutxirekin mozorro ederrak presta daitezkeela erakusten digute urtero tolosarrek.

Gure Kaiolako Gazteak

11.30 aldera plaza ia beteta zegoen. Ostegun gizeneko konpartsa sartu zen plazan. Izututako txerriak bidea egin zuen udaletxeraino. Tolosarren irrika agerikoa zen, nabari zen nolabaiteko urduritasuna. Txerriarekin batera animatzaileak eta harakinak sartu ziren eraikinean. Barruan Gure Kaiolako Gazteak zituzten zain, Inauterizale Kuttun izendatu duten elkarteko kideak. «Denok espero dugu zuen jardunarekin jarraitzea. Zuekin inauteriek beti bizirik jarraituko dute», esan zien pregoilariak udaletxe barruan egindako ekitaldi xumean, kanpoan zalaparta eta algara entzuten zen bitartean.

Azkenean atera ziren balkoira «udal ordezkariak». Xistera zeraman pregoilariak aurtengo batzarrean hartutako erabakien berri eman zuen: «Katalunian gertatzen ari denari gertutik jarraitu diogu eta uste dugu pertsona bat kanpoan gelditu dela, eta Tolosara gonbidatu dugu: Artur Mas». Azken honek hartu zuen hitza: «Ingresuak erori egin dira president ez naizenetik eta kultura katalanaren promozioa egitea erabaki dut». Hala, iragarri zuen txistorraren ordez butifarra eta ‘espetek’-a eskainiko dituela. Trukean, pregoilariak Salou Euskal Herriaren parte bilaka zezala eskatu zion. Masek esan zion negoziatzeko prest dagoela. Ondoren, Castellers talde batek dorrea egin zuen, baina Masek altuagoa izatea nahi zuen eta erori egin zen azkenean.

Tolosarren irrikak baretzeko Gure Kaiolako Gazteek txupinazoa bota zuten eta, orduan, globoz eta izaraz apaindutako balkoietan zeudenak konfetia botatzen hasi ziren saltoka eta eskuak mugituz dantzatzen ari zen jendetzari. Txarangarekin batera, kaleetan zehar barreiatzen hasi zen jendea. Astearte gauera arte ez dira geldituko.