Iker BIZKARGUENAGA
ANGELA DAVIS EUSKAL HERRIAN

EREDU BATEK BERBA EGITEN DUENEAN, APUNTEAK HARTU

POLITIKAGINTZA, MILITANTZIA, KALEA, LANA ETA KONPROMISOA JADA EZ OMEN DAUDE MODAN GUREAN. HORI ESAN ZUEN BATEN BATEK NOIZBAIT. ESKERRAK... ANGELA DAVISEK POLITIKAGINTZAN, MILITANTZIAN, KALEAN, LANEAN ETA KONPROMISOAN OINARRITUTAKO BIZITZA DARAMA SOINEAN, ETA BIDEBARRIETAKO ARETOA LAR TXIKI GERATU ZITZAION.

Angela Davisek badaki, ondo jakin ere, pertsona errespetatua eta maitatua dela mundu osoan. Izan beharko, Pablo Milanesek, The Rolling Stonesek eta John Lennon eta Yoko Onok bere omenezko abestiak idatzi eta abestu dituztenean. Ez da gutxi. Eta, noski, jende askoren aurrean berba egitea ez zaio batere arrotz egingo. Baina, tira, atzo Bidebarrieta kaleko liburutegian sortu zuen ikusmina eta jaso zuen beroa ziur ez dituela egunerokoak. Izan ere, jendetza bildu zen Bilboko Alde Zaharreko txoko horretan Alabamako politikari, irakasle eta militantea bertatik bertara ikusi eta bere hizketaldia entzuteko.

Gite-Ipesek antolatutako “Emakumeak kalera! Emakumea eta kartzela” jardunaldien baitan, hitzaldi mordoa izan zen egun osoan, Euskal Herriko eta nazioarteko adituen eskutik, eta gurera bezperan heldutako Davisek arratsaldeko seietan zuen hitzordua. Ordurako, ordea, ezinezkoa zen aretoan tokirik topatzea. Eserleku guztiak –300 bat inguru– beterik zeuden eta gonbidapenaz bakarrik sar zitekeen. Ez ziren gutxi izan kanpoan geratu zirenak. Barruan, entzule asko eta asko apunteak hartzen eta denak adi-adi. Merezi zuen.

Euskal Herrira begira

«Halako emakume bat ondoan izateak zirrara eragiten du», esan zuen aurkezle Iratxe Urizarrek, eta hari begira zeuden ehunka lagunek ziur asko gauza bera pentsatuko zuten. Errespetua sumatzen zen.

Bi orduko hitzaldia zuten aurretik, eta ez zen astuna izan, alderantziz, Angela Davisek erakutsi zuen irakasle izatea ez dela debalde, eta oso saio arina egin zuen, zenbaitetan barre eraginez ere bai, nahiz eta gaia sakona eta serioa izan. Euskal Herrian izateagatik eta gonbidatu izanagatik eskerrak emanez hasi zuen berbaldia, eta luze barik lehen txalo zaparrada jaso zuen, euskal preso politikoen borrokari eta presoei eurei babesa eskaini eta Arnaldo Otegi aske utz dezatela eskatu zuenean.

Ez zen euskal errepresaliatuez arituko zen azken aldia izango. Eta berdin hitz egin zuen palestinarrez, irlandarrez, estatubatuarrez... emakume presoek pairatzen duten egoera bereziki nabarmenduz. Horrela, gordin eta argi aipatu zituen torturak eta eraso sexualak, besteren artean, eta emakumezkoen egiturazko zapalkuntza presondegietako egoerarekin lotu zuen.

Baina ez zituen kartzelak soilik hizpide izan. Aipagai izan zituen ere bere herrian indarrean dagoen estrategia sekurokrata, militarismoa, Fergusonen jazotakoa, 2001eko irailaren 11ren ostean izandako aldaketak, kartzelen funtzio zigortzailea, sistemaren arrazakeria, egiturazko biolentzia, homofobia, transfobia; Euskal Herrian eta Palestinan emakumezko preso kopuru bera dagoela azaldu zuen eta Palestinako militante adindu baten kasu latza kontatu, kapitalismoaren kontra gogor jardun zen, herrien arteko elkartasuna defendatu zuen, demokrazia erradikala eta sozialismoa aldarrikatu zituen, euskal herritarron askatasunaren aldeko borroka nabarmendu zuen...

Eta horrela joan ziren, ia konturatu gabe, bi orduak. Labur egingo zitzaizkion askori. Edo denei. Zorionez, oraindik gurekin izango dugu egun batzuetan, bizitza-lezioak ematen. Apunteak hartzea, nork bere kontura.