GARA
BILBO

Logroñon Otegi ikusten saiatu eta Guggenheim museoan hizlari izango da

Ikusmin itzela ari da pizten Angela Davis Euskal Herrian. Ostiralean 300 lagun bildu zituen Gite-Ipes elkarteak Bilbon antolaturiko emakumea eta kartzelari buruzko solasaldiak eta beste hainbeste gertatuko da gaur eguerdian Bilboko Guggehmeim museoan. GARA-NAIZeko harpidedunek berehala agortu zituzten sarrerak, aretoa leporaino beteko dutelarik, baina interesa duen orok jarraitu ahal izango du zuzenean saioa Naiz.eus atarian, 13.00etatik aurrera.

Solasaldia baino, elkarrizketa formatua izango du jardunak. Iñaki Soto GARAko zuzendariak aurkezturik, Maider Eizmendi etxe honetako kazetariak, David Fernandez CUPeko kide ezagunak –kazetaria da ogibidez– eta Laura Mintegi idazleak egingo dizkiote galderak Davisi.

Baina dezente lehenago hasiko da eguna ekintzaile afroamerikarrarentzat. Izan ere, argitu aurretik Logroñorako bidean egongo da, bertan preso den Arnaldo Otegi ikusten saiatzeko. Horretarako eskaera egina du Davisek, baina ikusteko dago azkenean espetxera sartzen utziko dioten ala ez. Eskubideen alde borrokatzeagatik euren bizitzetan espetxea ezagutu duten bi ekintzaileok elkartzea gertaera politiko garrantzitsu eta esanguratsua litzateke.

Iazko udaberrian mundu osoan abiatutako ‘‘Free Otegi free them all’’ kanpainak hasiera-hasieratik izan du Angela Davisen bultzada, justizia aldarrikatzeagatik errepresioa euren larruan jasan duten Desmond Tutu, Gerry Adams, Nora Cortiñas eta beste ekintzaile ugarirena bezala. Aldaketarik ez bada, martxoaren 1ean utziko dute aske Otegi.