Amalur ARTOLA
DONOSTIA

«Time Machine Soup», historiaren lorratzetara garamatzaten zaporeak

Ikusmenetik, entzumenetik, ukimenetik, usaimenetik baina batez ere dastamenetik kontsumitzeko osatutako ikuskizuna da «Time Machine Soup». Historiako hamabi une iradokitzen dizkiguten hamabi zopa dira ikuskizunaren ardatza; garratzak edo goxoak, beroak edo hotzak, irudikatzen dituzten momentu historikoen gisakoak. Guztia argi-diseinu, soinu-efektu eta eszenaratze bereziz lagundua. Lehen historia-otordua, bihar Tabakaleran.

Sukaldeko sutan borborka, egosten orduak eta orduak ematen zituzten “gure amonen zopa haiek” gogoan hartuta otu zitzaion Santos Bregañari “Time Machine Soup” ikuskizunaren ideia. Jorge Oteizak egungo amonen eta haitzuloetakoen artean laurogei amona besterik ez daudela esaten zuela etorri zitzaion gero gogora eta, beraz, antzinako zopen eta gaur egungoen artean laurogei zopa daudela ondorioztatu zuen. Ideia hori garatuta osatu du, Donostia 2016ren laguntzaz, “Time Machine Soup”, zoparen bidez historian bidaiatu eta hamabi garai ezberdin bizitzeko aukera ematen duen ikuskizuna.

«Egostearen bidez elikagaien transformazioa oinarrizkoa izan da gizakiontzat. Urbasako artzainek harria egosten jarri zutenean egin zuten inguruko lehen zopa eta hori da proiektu honen muina: zopak inguruko errealitateaz bustiak ere badaudela», azaldu zuen Bregañak, eta zapore horiek iraganera bidaiarazteko duten ahalmena nor bere amonaren zoparekin oroitze hutsarekin agerian geratzen dela iritzi zion.

Esperientzia gastronomiko-sentsorial honetarako ikusleak mahaiaren bueltan jartzera gonbidatzen ditu Bregañak. Mahaiko hamabi “jatun-bidaiari” egongo dira eta, antzezle, proiekzio eta argi zein soinu efektuen bidez, parte hartzailea apurka-apurka denboran bidaiaraziko dute. Basque Culinary Center-eko ikasleek banatuko dituzten zopak izango dira bidaia bakoitzaren hasiera markatuko duten elementuak; batzuetan gazi, besteetan gozo, bero zein hotz, irudikatzen duten une historikoari zaporea hartzeko bidea irekiko dute. «Une zirraragarri eta beldurgarrietan zehar bidaiatuko dugu, baina festa bat ere izango da», azaldu zuen Bregañak, une historiko horien azalpen gehiago eman gabe. Ikuskizuna “happening sentsorial” gisa deskribatu eta bidaian zehar latako Campbell tomate-zopa eta historiako “lehen zopa” egongo direla soilik aurreratu zuen.

Kazetarientzat 2016 Gunean egindako erakustaldi txiki batean, bertan bildutakoek mahaiak ordulari itxura nola hartzen zuen ikusi ahal izan zuten eta, inguruan ez ezik, mahaia bera bilakatu zen ikus-entzunezkoak proiektatzeko gune. Ikusle bakoitzari zopa bana zerbitzatu –salda beroa eta erremolatxa zopa dastatu ahal izan ziren erakustaldian– eta, haren zaporea ahoan, audio eta proiekzio ezberdinen bidez bi garai ezberdinetara bidaiatzea ahalbidetu zuten. Erakustaldiaren amaieran Pablo Berastegui Donostia 2016ko zuzendari nagusiak azaldu zuenez, «ikuskizuna askoz ikusgarriagoa izango da Tabakaleraren eremuan, audio, argi-joko eta proiekzio gehiago ere egongo baitira. Esperientzia bikaina izango da».

Ikerketa antropologikoa

Proiektu hau aurrera eramateko Frederic Duhart-ek egin duen ikerketa antropologiko «zorrotz eta zehatza» ezinbestekoa izan dela nabarmendu zuen Agurtzane Intxaurraga Hikako kide eta obraren zuzendari artistikoak; baita, ikerketa horiek oinarri hartuta, Iñigo Cojo sukaldari donostiarrak egin duen hamabi zopa horien berrinterpretazioa ere. «Nire eginkizuna izan da zaporeari begiak eta belarriak jartzea, bihotzeraino iristeko. Hasieran kosta egin zitzaidan, baina ikerketak lagundu zidan ulertzen zergatik hautatu ziren hamabi geltoki horiek; une horietan zer gertatu zen jakin nahi dugu, eta ikuslea garai horietan murgil dadila».

Zeregin horretarako “luxuzko taldea” izan duela aitortu zuen. Testuak osatzen Harkaitz Cano aritu da, soinu diseinua Xabier Erkiziarena da, Devolex-ek “hamabi eszenografia txiki” diseinatu ditu, antzezpen lanetan Tessa Andonegi eta Andrea Quintana ariko dira eta Basque Culinary Centerreko ikasleekin ere hartu-eman estua izan dutela ziurtatu zuen Intxaurragak: «Zerbitzari moduan arituko dira, baina ez genuen soilik zerbitzari izan zitezen nahi; jendea historiako une horietan murgiltzen laguntzeko lan handia egingo dute».

Ikuskizunaren hamabi antzezpen egingo dituzte (sei euskaraz eta sei gaztelaniaz), Tabakaleran. Ikuskizunak bihar, etzi eta larunbatean eta hurrengo asteburuan (19, 20 eta 21ean) izango dira, 19.00ean eta 22.00ean. Sarrerak salgai daude 18 euroan. Ikuskizunaz gain web orrialde bat ere ireki dute (timemachinesoup.dss2016.eu); ikerketa antropologikoa eta bestelako zehaztapenak biltzen dira bertan.