Asier AIESTARAN

Zika birusak erabat aztoratu du Rio-rako atzera kontaketa

Orain arte ardura soila zena, beldur olde bilakatzeko bidean da. AEBetan hainbat ahots entzun dira Zika birusak Brasilgo Olinpiar Jokoetan izan dezakeen eraginaren inguruan, eta Kenyako Olinpiar Batzordeak bere kirolariak Riora ez bidaltzeko aukera ere jarri du mahai gainean.

Oraindik sei hilabete falta diren arren, Zika birusak Brasilen izan duen hedapenak erabat aztoratu du Rioko Olinpiar Jokoetarako atzera kontaketa. Normala den moduan, bertaratzeko asmoa duten kirolari eta zaleek gero eta ardura handiagoa erakutsi dute birusak izan dezakeen eraginaz, are gehiago Osasunaren Mundu Erakundeak orain gutxi larrialdi egoera globala ezarri zuenetik. Azken orduetan hainbat agintarik hitz egin dute gaiaren inguruan, eta lasai asko esan daiteke ardura soila zena beldur olde bilakatzeko bidean dela.

Nazioartean duen sona kontuan izanik, hautsak bereziki harrotu ditu Barack Obamak, Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak, birusaren aurkako borrokarako Kongresuari eginiko diru eskaerak: 1.800 milioi dolar guztira. Testuinguru horretan zabaldu da, antza, AEBetako Olinpiar Batzordeak bertako federazioei urtarril bukaeran eginiko bileran helarazitako mezua. «Eroso ez badira sentitzen, ez behartu joatera», horixe omen da kirolariekin gomendatzen den jarrera, Donald Anthony, AEBetako esgrima federazioko presidentearen hitzetan.

Zurrunbilo horretan sartuta, Kenyako Olinpiar Batzordeko zuzendaria, Kipchoge Keino, oraindik urrunago joan da. «Zika birusa larria baldin bada, ez gara Jokoetara joango. Ez ditugu gure kirolari gazteak arriskuan ipiniko», esan die Keinok herrialde afrikarreko komunikabideei. «Azken minutura arte itxarongo dugu. Brasilgo osasun zerbitzuek emandako informazioa kontuan izango dugu erabaki zuzena hartu ahal izateko», gehitu zuen 1968ko Jokoetan, 1.500 metrotan, urrea irabazi zuen atleta ohiak.

Aurrez ere Justin Gatlin abiadura lasterketetako izar estatubatuarrak –«abuzturako arazoa gaindituta egotea espero dut»– edo Jokoetan urrezko bi domina irabazitako Andrew Triggs arraunlari ingelesak –«haurra izateko esperoan dagoen emakume batentzat arriskua benetakoa da»– beren ardura azaldua zuten arren, kirol erakunde garrantzitsuenek ere halako beldurra azaltzeak –Espainiako Kirol Kontseiluak hurrengo egunetan gaia aztertuko duela azaldu zuen– Nazioarteko Olinpiar Batzordearen erreakzioa ekarri zuen atzo bertan. Ohar baten bidez, Batzordeak bere «Rioko kideekin» arazoari aurre nola egin aztertzen ari dela jakinarazi zuen, «olinpiar egoitzen inguruko urak nola tratatu, moskitoak bertan ugaltzen direlako, eta haiekin kontakturik izaten dutenen arriskuak nola gutxitu». Momentuz, Batzordeak ematen dituen gomendioak Osasunaren Mundu Erakundeak ematen dituen bertsuak dira: azala ahalik eta gehien tapatu arroparekin, beste gorputz ataletan eltxoen aurkako produktuak erabili, eta haurdun dauden emakumeen kasuan sendagileari galdetu ea Brasilera bidaiatzea gomendatzen duen.

Abuztua, bertako negua

Bere prentsa oharrean, Nazioarteko Olinpiar Batzordeak aurrez Rioko arduradunek esandakoa ere gogoratu zuten: Jokoak abuztuan izango direla, bertako negu sasoiarekin batera eta Zika birusa transmititzen duen Aedes aegypti eltxoak eragin gutxien izaten duen urte garaian, hain zuzen ere. Hala ere, antolatzaileek argi utzi zuten egoitza guztiak goitik behera fumigatuko direla eta jarraipen zehatza egingo dela kasu guztietan.

Arazoa, noski, kirol arlotik askoz harago doa, eta Zika birusak Jokoetan izango duen eragina estuki lotuta dago sendagile eta zientzialariek datozen hilabeteetan lortzen dituzten aurrerapenekin. Izan ere, une honetan, zalantzak askoz gehiago dira ziurtasunak baino. Badakite haurdunaldian gaixotasuna jasan duten amen umeetan mikrozefalia kasuak ikaragarri altuak direla, baina zientzialariak oraindik ez dira ausartzen kausa-efektua erabat baieztatzera, emaitzak «susmagarriki altuak» direla diote. Eta ohikoa izan ez arren, pare bat kasutan birusa harreman sexualen bidez transmititu dela baieztatu dute osasun agintariek.

Argi dago mota honetako informazioak tentuz hartu behar izaten direla, are gehiago kirol ospakizun handietan. Azken urteetan ohikoa izan da mota horretako ospakizunak inguratu ahala, haiek kolokan jar zitzaketen arazoen inguruko zarata. Nor ez da gogoratzen Pekingo Olinpiar Jokoak gerturatu ahala kalean bizi ziren katuen inguruko psikosiaz, edota jatetxeetan zerbitzatzen zen txakur haragiak sortutakoaz. Behin Jokoak iritsita, ez zen horren inguruko inolako kexarik entzun. Segurtasunarekiko gehiegizko ardura ere oso ohikoa izan da. Halaxe gertatu zen Hegoafrikako Munduko Futbol Txapelketaren bezperatan, edota Brasilen bertan 2014an jokatutakoaren atarian.

Rioko Jokoen kasuan, titular gehienak eraman dituzte egoitzak eraikitzeko Brasilgo Gobernuaren arazo ekonomikoek, eta baita Rioko uretan dagoen kutsadura handiak ere. Orain, aldiz, begirada guztiak Zika birusak bildu ditu. Ea arazoa azkar konpontzen den, bertako biztanleengatik batez ere.