Nagore BELASTEGI
DONOSTIA

Kios irlako errefuxiatuei jaten emateko proiektua martxan

Greziara iristen ari diren errefuxiatuei elikagaiak helarazteko proiektua abiarazi dute Donostiako Intxaurrondo auzoan. Boluntarioentzako otorduak ere prestatuko dituzte haien lana errazteko asmoz. Martxoaren 1ean abiatuko da lehenengo boluntario taldea.

Zaporeak Solidario proiektua martxan jarri du Intxaurrondoko Gastronomia Elkarteak. Etiopian ostalaritza eskola bat sortzeko egitasmoa amaitzear dutenez, eta errefuxiatuen arazoa ikusirik, euren esfortzua haiengana zuzendu nahi dute oraingoan.

Zehazki, Greziako Kios uhartera iristen ari diren pertsonei laguntzeko erabakia hartu dute. «Gure helburua errefuxiatuei jaten ematea da, baina baita bertan dauden boluntarioei lana erraztea», kontatu zuten Donostiako Intxaurrondo auzoan egindako prentsaurrekoan. Horrez gain, errefuxiatuei kostaldera iritsi orduko «salda bero bat» eskainiko diete, bidaia luzearen ostean hotzak eta bustita iristen direlako. «Gu ohituta gaude jende askorentzat janaria prestatzen», azaldu zuten.

Oraingoz martxoaren 1ean abiatuko da lehen boluntario taldea Kiosera. Gutxienez hilabete baterako materiala badute, baina helburua egitasmoa gutxienez sei hilabetera luzatzea da. Hala, boluntarioak behar dituzte Grezian zein Euskal Herrian. Hemen jasotzen duten materiala kudeatu beharko dute eta hara joaten direnek hiru asteko txandak egingo dituzte. «Ez dugu janari ponposorik egingo. Uste dugu edonor dela gutxienekoa prestatzeko gai», esan zuten bertaratutakoak animatzeko asmoz.

Helburu nagusia sukaldea eta jangela jartzea da. Guztira 800-1.000 bat otordu eskaini nahi dituzte egunean. Era berean, proiektua autofinantzatzeko modua bilatu behar dute. Oraingoz, zenbait erakunderekin harremanetan jarri dira eta lortutako baliabideekin sei hilabeterako aurreikuspenak egin dituzte. Hala ere, zenbait gauza behar dituzte oraindik: furgoneta bat, galtzen ez den janaria (babesleen bitartez eskuratzen saiatuko dira) eta boluntarioen bidaiak eta materialen hileroko garraioa ordaintzeko dirua. Sukalde eta jangelarako azpiegitura minimoak jada badituzte, Fagor eta Lacor enpresen babesari esker.

Euren proiektua laguntzeko prest dauden guztiei Zaporeakeko kideekin harremanetan jartzeko deia egin zieten.