GARA
SPRINGFIELD

Obamak egungo politikaren «txikitasuna» nabarmendu du

Barack Obama AEBetako presidenteak herrialdeak dituen erronken «garrantziaren» eta egungo politikaren «txikitasunaren» artean dagoen aldea nabarmendu du. Bere ustez, gaur egungo giro politiko «toxikoak» muturreko ahotsak indartzen ditu AEBetan.

Illinois estatuko Parlamentuaren aurrean ordubetez mintzatu zen Obama, Springfield hirian, asteazken ilunabarrean. Leku berean iragarri zuen, bederatzi urte lehenago, Etxe Zurirako lasterketara aurkeztuko zela. Leku hori hautatu zuen AEBetako gizarteak egun dituen erronken «garrantziaren» eta egiten den politikaren «txikitasunaren» arteko aldea nabarmentzeko: «Ez daukagu aurrera egiterik beti elkar suntsitzen ibiltzen bagara».

Azaroan egingo diren hauteskunde presidentzialak eta egun abian den kanpaina aipatu ez bazituen ere, bere mezuan oso kontuan izan zituen Donald Trump errepublikanoak egin izan dituen proposamen xenofoboak, egun batean musulmanen aurkakoak eta hurrengoan etorkinen kontrakoak.

Chicagoko politikariak «muturreko ahotsak» eta «zatiketa eragiten duten hizkerak» salatu zituen bere hitzaldian. Bere ustez, politikan izaten den «polarizazioa» ez da gauza berria AEBetan, baina gaur egun dituen ezaugarriak eta horrenbeste hedatu izana kezkatzeko modukoak dira. Kongresuan urtarrilean eskaini zuen diskurtsoan egin zuen moduan, presidenteak adierazi zuen bere frustraziorik handienetako bat polarizazio horixe dela; bera Etxe Zurian egon den bitartean alderdien arteko zatiketek gora egin izana.

Presidente beltzaren iritziz, konpromisorik hartu gabe ezinezko bihurtzen da era eraginkorrean agintzea, «eta egungo politikari batzuek konpromisoei uko egitea lorpen bihurtu dute». Horixe da, bere hitzetan egungo «giro politiko toxikoaren» ezaugarrietako bat. Eta giro horretan, «muturreko ahotsek eta mezuek» egiten dute gora.

Trumpen adierazpenak eta jarrerak gogoan izango zituen Obamak bera senatari izan zen garaian (1997-2004) gertatzen zena gogora ekarri zuenean. Gogorarazi zuen urte haietan inori ez zitzaiola «tontolapiko» eta «faxista» deitzen gai baten gainean ados jartzen ez zirelako. Senatuan pragmatismoa zela nagusi esan zuen, eta bera beti beste politikarien (errepublikanoen eta independenteen) gauzarik onenak baliatzen saiatzen zela, okerrenak nabarmendu beharrean. «Errespetua eta enpatia izateak ez du esan nahi bigunegia zarenik, edo ez zarela nahikoa abertzale», erantsi zuen, errepublikanoek leporatzen dizkioten ustezko gabeziei erantzunez. Horiez gain, egungo kanpainak ordaintzen dituen «diru iluna» salatu zuen.

 

El Supremo frena la reforma climática

El Tribunal Supremo de EEUU asestó el martes un duro golpe a Obama al suspender un ambicioso programa que busca limitar las emisiones contaminantes de las centrales térmicas. La más alta instancia judicial se pronunció a petición de 27 estados, en gran parte de mayoría republicana, que criticaban el plan en favor de las energías limpias, un pilar de su política para luchar contra el calentamiento global. La decisión del máximo tribunal se tomó por cinco votos contra cuatro. Los cuatro jueces progresistas de la Corte expresaron su desacuerdo con el fallo, tomado con una sorprendente y sospechosa rapidez.

El Tribunal Supremo suspendió concretamente la aplicación del Clean Power Plan (Proyecto para una Energía Limpia), elaborado por la Agencia de Protección del Ambiente (EPA) estadounidense, que impone a las centrales eléctricas reducciones draconianas de sus emisiones de gases de efecto invernadero –del 32% respecto a los niveles de 2005–, antes de 2030. GARA