Xabier IZAGA

BURUZAGI POLITIKOAREN ITZULI INDARTSU ETA ITXAROPENTSUA

ARNALDO OTEGIK LOGROñOKO KARTZELAKO HARRESIEI BIZKARRA EMAN ETA BEREHALA ERAKUTSI ZUEN, BERE IBILBIDE POLITIKOA AGORTZETIK URRUN, BURUZAGIA ITZULI DELA, INDARTSU ITZULI ERE. LABUR BAINA MAMITSU, DENEN ARTEAN APOSTUARI EUSTEKO MEZUA ETA ZAPORE ITXAROPENTSUA UTZI ZITUEN

Estatu espainoleko kartzela batetik politikari bat ateratzen denean, eskuarki –kargudun politikoak kartzelatzea den salbuespenaren baitan–, haren irteerak ez du oihartzun handirik izaten, kartzelaldiarekin batera ibilbide politikoa iraungitzen baitu. Ez da Arnaldo Otegiren kasua, ordea. Ez kasua ez kausa ere, elgoibartarra ez baitzuten herritarren dirua osteagatik zigortu.

Atzo Logroñoko kartzelara bildutakoak buruzagi politiko bati harrera egitera joan ziren. Astegun buruzuri batean autoa edo autobusa hartu eta eguna argitu baino lehen gauaren hotzenean ziren, haren zain. Eta bertaratutako hedabideak sei urte eta erdiren buruan kartzelatik irten zen buruzagi politikoaren berri jakinarazteko joan ziren, Otegik, bere ibilbide politikoa agortzetik urrun, harresiak atzean utzi eta zenbait besarkada geroago erakutsi zuen bezala.

Preso eta iheslari ohiak, baten bat berarekin espetxean izandakoa, musikariak, abokatuak, langileak, sindikalistak, gizarte mugimenduetako militanteak, politikariak... Gehienak euskaldunak, baina ez denak, andaluziarren eta katalanen presentzia nabarmena baitzen. Haien artean, Lluis Llach, «jarduneko politikaria» izateagatik, hain zuzen, PSEk eta PPk Gasteizko seme kutuna izendatzea eragotzi zutena. Oraintsu dela hamar urte, Gasteizko martxoaren 3ko sarraskiaren 30. urteurrenean, Gasteizen, hildako langileen omenez egindako ekitaldien ondoren, kontzertu hunkigarria eskaini zuen. Entzuleen artean, Arnaldo Otegi zegoen. Hunkigarria, era berean, hamar urte geroago Logroñoko espetxeko atean elkarri eman zioten besarkada. Hunkigarria aitarekin, andrearekin eta seme-alaben artean ikustea. Eta honezkero topikoa eman lezakeen arren, ingurua jantzi duen irribarrea.

Agindutakoa bete zuen

Eta buruzagi politikoak bere mitina egin zuen aspaldiko partez. Labur jardungo zuela agindu zuen, «frantsesek esaten duten bezala, bref». Horrelako oharrarazpenak mehatxu gisa hartzeko modukoak izaten dira maiz, baina Otegik agindutakoa bete zuen. Inoizko hitzaldirik laburrena egin zuen, eta gutxitan bezain argi eta sendoa. Preso sozialak, immigranteak, etxegabetuak; independentzia eta sozialismoa –kartzelara sartu baino lehen eta batik bat kartzelatik irtendakoan–. Eta, nola ez, ba, euskal preso politikoak etxera ekarri beharra. «Guztiek batera» egin beharreko bidea. Buruzagiaren lehen irudia ezinago indartsu, koherente eta itxaropentsua izan zen.

Hamarrak baino lehenago Elgoibarrera bidean zen Arnaldo Otegi. Gaizkile moduan hartuko ote zuten bere herrian? Hango Udalak ez du persona non grata izendatu, eta nekez egingo du halakorik, Espainiako Gobernuaren dekretuz ez bada. Elgoibarren jende andana izango zen ezker abertzalearen liderra ikusi eta haren hitzak entzuteko zain.