Nagore BELASTEGI
Donostia
Elkarrizketa
LUR ALBIZU ETA AITOR SERVIER
GAZTE DANBADA-RAKO AZKEN PRESTAKETAK

«Aurtengo Danbadan asko ikasi eta oso ondo pasatuko dugu»

Ostiralean hasiko da Laudion Aitzinak eta Ernaik elkarlanean antolatutako Gazte Danbada. Astelehenera arte luzatuko den topaketan, «Esna harrapa gaitzala» lelopean, «bestelako herri baten aldeko borroka hauspotzea» dute jomuga. Elikadurari dagokionez, tokiko produktuak izango dira eskuragarri eta musikaren aldetik sortzaile gazteak bultzatuko dituzte.

Inurriak bezala aritzen dira lanean euskal gazte antolakundeetako kideak. Inurri horietako bi besterik ez dira Lur Albizu eta Aitor Servier, Gazte Danbadako antolakuntzako kideak, Ernaikoa bata eta Aitzinakoa bestea.

Aurten kanpaldia egingo duzue, zergatik?

Lur ALBIZU: Iaz mendi martxa egin genuen, duela bi urte “Burutakzioak”. Gure asmoa da gaiak era sakonago eta integratuago batean lantzea, eta leku batean egonda askoz gehiago landu ditzakegu edukiak. Alternatiben eraikuntza horretan indarra egin dezakegu.

Zenbat jende gerturatzea espero duzue?

L.A.: Nik beti esaten dut 4.000, baina gaur 5.000 esango dut.

Aitor SERVIER: Aurreko elkarrizketa batean 4.000 esan zuen Lurrek, 4.500 esan nuen. Oraingoan ere antzera, ez naiz bera baino baikorragoa izango.

L.A.: Momentuz 2.000 sarrera saldu dira. Herrietan erosteko epea larunbatean amaitu zen.

Aurreko urteei erreparatuz, zein da joera?

A.S.: Jende kopurua antolatzen dugun ekimenaren araberakoa da. Duela bi urte “Burutakzio” topaketak antolatu genituen, bereziki formakuntzara bideratutakoak. Ekimen hori ez zen masa ekimen bezala antolatu. Ez genuen gazteriaren zati handi bat erakarri, baina formakuntza ekimen bat izan zenez komeni zen kopuru txikiago bat batzea eta hortik lanketa ona atera zen. Iaz, martxan, jende gehiago egon zen, martxek beti erakartzen dutelako jende multzo handi bat eta are gehiago espero dugu aurten Gazte Danbadan, horrelako topaguneetan hainbat gauza uztartzen ditugulako; eduki politiko sakoneko hitzaldi, tailer eta eztabaidak, eskaintza kultural oso indartsua eta, horri lotuta, aisialdia.

Programazio bitxia duzue; drogen inguruko hitzaldia, «prekaritatearen kontrako tailerra» deitzen dena, «buruberoki tailerra»… nondik ateratzen dituzue ideiak?

A.S.: Ez dakit zenbateraino harritu behar dugun horrelako eskaintza zabala edukita, zeren nik uste dut benetan gaur egun Euskal Herriko gazte mugimendua oso anitza dela, eta azkenean, gai horiek gazte mugimendutik ateratzen direnak dira. Gazteriaren behar, gogo eta desiretatik sortzen dira. Uste dut aurtengo Danbadan asko ikasiko dugula eta oso ongi pasatuko dugula.

L.A.: Iruditzen zait egitarauak sekulako ekarpena egiten diola Euskal Estatuaren sorrerari. Uste dut Danbada bezalako ekitaldi batek baliabideak eta tresnak ematen dizkiela gazteei euren proiektuen sorkuntzarako, gure problematikari era orokorrean erantzuten dielako.

Araban murgildu zarete oraingoan, Laudion izango zarete.

A.S.: Urtero saiatzen gara Euskal Herriko toki desberdinetan antolatzen gure udaberriko ekimen hau. Azken bi urteetan Nafarroan antolatu dugu eta, oker ez banaiz, lehenengo aldia da Araban antolatzen dena.

Uste dugu Gazte Danbada Laudiora ekarriz herri horri eta eskualdeari ekarpen bat egin ahal diogula, eta azpimarratzekoa da bertakoen laguntzarik gabe ezinezkoa litzatekeela aurten Gazte Danbada antolatzea. Haiekin lankidetzan arituko gara eta horren adibide da otorduetan martxan jarriko dugun elikadura burujabetza, Danbadako otordu guztiak izango baitira eskualdeko nekazariek ekoitzitako produktuekin osatuak. Herrian ahalik eta ondoen txertatzen saiatu gara.

Nola antolatzen zarete gazteak? Sekulakoak prestatzen dituzue!

L.A.: Barne mailako komunikazioa egiten dugu, hilabete askotako lana da eta badirudi gauzak bat-batean sortzen direla, baina horren atzean jende asko dago lanean. Adibidez, egunero 400 pertsona ibiltzen dira Danbadan.

Ipar eta Hego Euskal Herriaren baturari garrantzia ematen diozue.

A.S.: Lehen, gazte mugimenduan Haikarekin eta Segirekin gazte antolakunde nazionalak egon izan dira. Ziklo politiko honetan bi antolakunde sortu genituenean uste dut gaizki-ulertu bat izan zela eta jende askok ez zituela bere egin hori hala izatearen arrazoiak. Guk ikusi genuen antolakuntza aldetik komeni zitzaigula bi antolakunde sortzea, baina hori hala izan arren ezinezkoa zaigu gure arteko lotura eta nazio ikuspegiarekin jarduteko borondate hori galtzea. Horregatik, Ernai eta Aitzina antolakundeetako kideok etengabeko elkarlanean jarduten dugu, batez ere gazteon problematika antzerakoa delako Hego eta Ipar Euskal Herrian.

L.A.: Ezin dugu ulertu gure proiektu politikoa hegoaldeak iparralderik gabe eta iparraldeak hegoalderik gabe. Bi estatuen arteko muga handia da, baina horren aurrean buelta bat eman behar diogu. Euskal Herria subjektu politiko bat bada guk horri indarra eman behar diogu.

A.S.: Mugarena aipatu duzunez, askotan konturatzen gara guk zenbateraino dugun sartuta muga psikologiko hori, eta norbaitek muga hori apurtu behar badu gazteok izan behar dugu. Gure praktikan erreferente izan behar dugu nazio eraikuntzan.

Danbadaren antolakuntzan ere elkarlanean ibiliko gara bertan. Aitortu beharra dugu Ernaik baino kapital humano txikiagoa duela, baina gu ere saiatuko gara Gazte Danbadan ekarpena egiten.

Ikusten al duzue euskal gazteek, orokorrean, zuen pentsamendu iraultzailearekin bat egiten dutela?

L.A.: Gure proiektura batu behar dira gazte horiek eta gure esku dago proiektu politiko honetan txertatzeko bideak bilatzea. Uste dut Euskal Herria oso anitza dela bere osotasunean eta horregatik ez dela berdina Tafallako, Baionako edo Donostiako gazteek izan dezaketen izaera. Gu beraiengana hurbildu behar gara.

A.S.: Ipar Euskal Herriari dagokionez, bi lan dauzkagu: gure ideiekin jada bat egiten duen jendea erakartzea eta aktibatzea, eta gazte mugimenduak eskaini behar die tresnak pertsona hauek antolatu ahal izateko. Eta bestetik –hauxe litzateke gure erronka– betiko abertzalea ez den gazte multzo batengana iristea, bereziki beren burua frantsestzat duten Ipar Euskal Herriko gazteen zati handi batek gure arazoen antzekoak dituelako.

Nolako bilakaera izan dute Ernaik eta Aitzinak orain arte?

A.S.: Aitzina gazte antolakundea 2013. urteko udazkenean sortu zen. Esan dezakegu ia hutsetik sortu zela. Hasieratik abertzaletzat jo genuen geure burua eta borroka ildo nagusitzat finkatu genituen abertzaletasuna, berdintasun soziala eta parekidetasuna. Aitzinarekin belaunaldi berri bat sartu zen gazte mugimenduan Ipar Euskal Herrian. Hasieran funtsezkoa izan zen gazteriaren aktibazioa eta gazteria hori aldarrikapen politikoetan mugitzeko eragitea hainbat eskualde eta herritan.

Urte hauetako aktibazioaren ondotik, alternatibak sortzearen plano batera igaroko gara hurrengo urtean. Guretzat funtsezkoa da herri mugimenduko beste eragileekin jardutea. Gazteriak problematika berezia dauka eta gazteok zapalkuntza berezituak pairatzen ditugu. Problematika horiei gazte antolakunde bezala erantzun nahi diegun moduan, beste gai askotan herri mugimenduekin jardun nahi dugu gizartean elkarlanean ahal bezainbeste eragin ahal izateko.

L.A.: Ernai 2013ko martxoan sortu zen, eta hasiera batetik aldarrikatu izan dugu gure proiektu politikoa nola ahalbidetu behar dugun, hau da, antolakuntzaz lortuko dugula independentzia, sozialismoa eta feminismoa, eta Euskal Estatu horren sorkuntzan lanean jarri behar dugula gazteria.

Bizi genuen egoera politiko horretan helburutzat gazteriaren aktibazioa genuen eta horretan ibili gara orain arte, gazteen aktibazioan eta gazte mugimenduaren bultzatze horretan. Euskal Estatu hori gazteek bultzatu behar dugu eta eraldaketa politikorako objektu ezinbestekoa da gazteria, eta horren harira ekarpena egin nahi diogu gure proiektu politikoari. Azkenaldian batez ere, Aitorrek esan duen bezala, alternatiben eraikuntza horretan kokatzen dugu geure burua.