Maitane ALDANONDO
Oñati

«ZERGATIK AUKERATU BEHAR DUZU LANBIDE BAT? ZERGATIK EZ EKINTZAILE IZAN?

Lidergo Ekintzailea eta Berrikuntza graduko ikasle talde batek Meikinn elkartea sortu du, eta horren bidez Meikinn Europe ekimena abiarazi dute: nerabeen ekintzaile sena garatzeko eta zenbait baliotan sakontzeko aukera emango dien Interraileko bidaia.

Mondragon Unibertsitateko ikasle talde batek osatutako elkartea da Meikinn. Hain zuzen, Lidergo Ekintzailea eta Berrikuntza (LEINN) graduko lehen mailan dauden 16 gaztek sortu dute gerora enpresa bilakatuko dena. Lehen egunean egindako test batean oinarrituta batu zituzten gazteak eta euren gustuen araberako ekimenak daramatzate aurrera. Izan ere, ikasteko bide gisa hainbat erronka proposatzen dizkiete, eta, gainditzeko, proiektuak garatu behar dituzte. Taldearen lehen «proiektu izarra» Meikinn Europe izenekoa da: 14-17 urte arteko nerabeentzako ia bi asteko bidaia Interrailean. Aintzane Agirre, Mikel Alvarez eta Nora Kortaberria dira horren sustatzaileetako hiru. Azaldu dutenez, Ameriketako Estatu Batuetara begira hasi ziren, baina Koren elkarteko bigarren mailako leinerrek –LEINN ikasleak– hori bera eskaintzen zutela jakin zuten. «Konpetentzia egin beharrean beraiekin elkartzea erabaki genuen eta arrakastatsua izaten ari da», argitu du Agirrek.

Hori horrela, Europakoan garatu dituzte beraien ideiak. Izan ere, eurek nabaritutako hainbat hutsuneri erantzun nahi baitie proiektuak. Batetik, adin nagusikoak ez direnez, egin ezin duten zerbait egiteko aukera eman nahi diete nerabeei. «Laguntza behar dutenez, udaleku bat antolatzea pentsatu genuen: bidaia bat, hizkuntza eta balioak landuko dituena, kulturetatik ikasiko dutena... Guztia batera», laburtu du Kortaberriak. Bestetik, ekintzaile sena sustatu nahi dute nerabeengan LEINN filosofia ere landuz. Agirrek dioenez, «aukera eman nahi diegu hori bizitzeko, nork bere kabuz ikastea oso aberasgarria delako». Izan ere, hezkuntzak ikasleak ogibide bat aukeratzera bideratzen dituela uste dute, ekintzaile izateko aukera ezkutatuz. Kortaberriak aipatu duenez, «gazte askok esaten digu ezingo lukeela egin guk egiten duguna. Ez da egia. Hori uste dute ezetz esan dietelako. Zergatik aukeratu behar duzu lanbide bat? Zergatik ez ekintzaile izan eta gauza askotan aritu? Ekintzaile izan daitezkeela esatea falta zaie».

Hainbat ikastetxetan izan dira beraien asmoa aurkezten eta ikasleen iritziak biltzen. Horietan oinarrituta aukeratu dute zein hiri ezagutu. Hendaiatik irtenda Estrasburgo, Berlin, Brusela, Amsterdam eta Praga ezagutuko dituzte uztailaren 10etik 23ra bitartean. Lehen bi egunak hemengo aterpetxe batean pasatuko dituzte, elkar ezagutu eta euren arteko harremana hobetzeko talde lana lantzen. Ondoren, taldeak osatuko dituzte «izaeraren arabera, elkarri lagun diezaioten», nabarmendu du Alvarezek. Izan ere, ibilbidea ginkana erraldoia izango da eta partaideak hiriz hiri zenbait proba gainditzen joan beharko baitute. Horiek hizkuntzak praktikatzearekin, balioak lantzearekin eta kulturetatik ikastearekin lotura izango dute. Bidaiak 1.400 euroko kostua du eta lehen urtea izanik, 20 laguni emango diete aukera. Parte hartu nahi dutenek hilabete amaiera arte dute izena emateko aukera.

Erabakia hartzen laguntzeko, Action Day –ekintza eguna– egingo dute apirilaren 30ean Durangon, Plateruenan 10.00etan elkartuta. Goizean informazioa bildu eta ekimena bertatik bertara ezagutzeko aukera emango diete nerabeei. Jada izena eman duten sei lagunekin batera, interesa duten nerabeak nahiz horien gurasoak gonbidatu dituzte «inongo konpromisorik gabe» parte hartzera. Agirrek adierazi duenez, «probatu nahi dutenentzat da. Goizean zehar ekimenak egingo ditugu eta dituzten galderak erantzun. Seme-alaben zain denbora galtzen aritu beharrean, gurasoak ere sartu eta parte izan daitezen gustatuko litzaiguke».

 

Proiektuak sortu, helburuak lortzeko eta Eginez ikasteko

LEINN ikasketen oinarria eginez ikastea da. Irakasleek helburu ekonomiko batzuk zehazten dituzte eta, horiek lortzeko, interesen araberako proiektuak garatzen dituzte ikasleek. Meikinneko kideen lehen erronka bi asteko epean 750 euro lortzea izan zen. Madness Sweaters marka sortu eta kirol-jertseak saldu zituzten. Helburua aise lortu zuten, eta jada, 500 bat saldu dituzte. Ildo beretik, Finlandiara egin duten ikasketa bidaia euskal enpresa batzuentzat merkatu ikerketak egiteko erabili dute. «Ez dugu inoiz halakorik egin. Hasi eta gaizki egin genuen. Berriro hasi... erabateko learning by doing –eginez ikasi– izan da», aitortu du Nora Kortaberria elkarteko kideak.