Amalur ARTOLA
Elkarrizketa
JUAN KRUZ IGERABIDE
IDAZLEA

«Poseak hautsi egin behar dira bizi duzuna benetakoa izan dadin»

Amildegi ertzetik begira jarri eta gizakiaren beldurrez, minez, nahigabeez mintzatzen zaigu Juan Kruz Igerabide (Aduna, 1956), baina baita itxaropenaz eta umoreaz ere. «Lainoa janez» poema liburuarekin, barrua hustu eta bere biografia arakatzearen faseari amaiera eman diola azaldu du.

Amalur ARTOLA | DONOSTIA

Lainoa jan eta euria ikusi nahiko lukeela dio Igerabidek. Baita ukitu ere. Gizakiaren alde intimoenetara bidaiatu amildegi bazterretatik begira jarrita, norbere beldur, min eta, zergatik ez, pozak arakatzeko gonbidapena egiten du “Lainoa janez” (Erein, 2015) poema liburuan.

Sei-zortzi urtetan idatzitako poemak batu dituzu. Zer ibili duzu buruan epe horretan?

Batetik, bizitzaren joana edo ibilbidea; liburuan bada umezarotik zahartzarora nire buruarekin egiten dudan hizketa bat. Bestetik, euriak badu existentziaren kutsua, euria eta eguzkiarekin sortzen baita bizia. Euria gure lurrarekin oso lotua dago eta ekartzen dit ni jaio naizen lurra, ni bizi eta garatu naizen lurra... Azken urteotan euria leit motiv bat izan da nire bizitzan. Oinkari dantza taldearekin euriari buruzko emanaldia egin genuen, zenbait poeten olerkiak hartuta, Lizardi, Gandiaga... Testutxo batzuk sartu nituen horiek lotzeko eta hortik hasi zen euriaren poemen abentura, bi alor utzi dizkidana: jolasa eta sakondu nahia edo gogoeta filosofiko edo existentziala, nahi baduzu. Jolasak “Ur: Euriaren liburua” utzi zuen, eta bigarrenak “Lainoa janez”. Helduentzat egin dudan honetan ez dut jolasa ahaztu, baina egin dudana da soildu, kendu, kendu eta kendu, enborra gera dadin.

Urtaroetan atzera eginez, bizitzaren udazkenera garamatzazu. Nola bizi duzu aro hori?

Continuum bat bezala bizi dut, xelebrea egiten zait. Benetan, e! Gorputza pixka bat aldatzen da, burua gehiago jantzi ote den edo ez dut oso argi, eta ibilbide horri eszeptizismo pixka batekin baina batez ere umore eta ironia puntu batekin begiratzen diot. “Hau al zen dena?” esanez bezala. Gizakiok gizarte barregarriak osatzen ditugu eta ironiaz begiratu behar ditugu, askotan baita minez eta amorruz ere. Baina, bestalde, gizarte horiek osatu egin behar ditugu, hori da gure ahalegina. Gizarteak, familiak, gure buruak... eraiki.

Eta ezer deseraikitzeko beharrik ez duzu ikusten?

Deseraiki ere bai. Uste dut ironiak bonba txiki batzuk jartzen dituela; ardatz batzuk etenda erori egiten dira eraikin asko. Ironiak badu indar hori, agian sarkasmoak baino gehiago, bihotzera jotzen duelako eta, orduan bai, deseraiki egiten du. Ironiarekin jolastu nahi izan dut zenbait amildegira heltzeko: minak, kezkak, beldurrak, pentsamendu nahiak...

Amildegi horien artean presente xamar dago heriotza.

Heriotza izan baita gizakiaren orain arteko historian amildegi nagusia. Goizago edo beranduago, horra goaz. Niretzat heriotzaren amildegia, oinazearen amildegia eta plazeraren amildegia dira nagusiak. Zoriona plazerean bilatu izan dugu gizakiok eta hor amildegiak sortzen dira, muturrera eramanda autosuntsiketara garamatzatenak. Begira Dickinson, etengabe amildegian bizi izan zena, edo Silvia Plath, Alfonsina Storni… Horien eraginak, batez ere Dickinsonenak, badaude poemario honetan.

Heriotzari beldurrak ere amildegira garamatza. Horregatik «Beldurrik ez» poema?

Beldurra gizakion emozio nagusia da, bizirautera garamatzana. Baina, noski, hori azkenean paralisi bilakarazten dugu. Bizitzari begirada luze bat egiten diozunean barre egiten diozu beldur askori, beldurraren aurrean gizakiok barregarri jokatzeko dugun zera horri. Alde horretatik esaten dut “Beldurrik ez”, alferrikako beldur pila ditugulako. Eta heriotzari diogun beldur atabikoa, horixe da denetan alferrikakoena. Paradoxikoak gara gizakiak, nire burua ere oso paradoxiko ikusten dut eta horrek poesia paradoxikoa egitera eramaten nau. Poema irakur daiteke esperantza gisa ere.

Neronek irakurketa hori egin dudala esatera nindoan.

Eta nik ere bilatu nahi dut esperantza, itxaropen puntu batzuk gabe ezin baitugu iraun bizitza honetan. Horregatik amildegi ertzeko jolas hori, eta ironia, ze esperantza, bizitzarako ernamuin bada ere, badakigu ze ibilbideko osagaia den... Poesia oso erradikalek desesperazio edo nihilismo izugarri batera jotzen dute, gizakiaren eta existentziaren ikuspegi erabat pesimistara garamatzate esperantzari zirrikiturik utzi gabe. Nik horren aurrean jarrera meditatiboa hartu eta irribarre bat atera nahi dut.

Jarrera horrek beste zapore bat ematen die poemei.

Landu nahi dudan jarrera bital bat da. Niri, besteei bezala, tokatu zaizkit gauza latzak bizitzan, baina irribarre egiten saiatzen naiz. Zen tradizioak fintasun berezi bat erakutsi dit, Li Bai-k esaterako, sotiltasun eta umore puntu hori: lore bat badakigu bihar ihartuko dela, baina orain goza dezagun koloreez eta lurrinez, ezta? Hori esaten dizu txinatar poeta batek edo haikuak egiten dituen eta niri pertsonalki asko gustatzen zaidan Issa-k. Dena gainbehera dugunean ere lorea usaintzeak, heldulekuek, itxaropen puntuek, ironiak... erabat suntsitu gabe irauteko aukera ematen dizute.

Zuk ere egin dituzu haikuak.

Batez ere haurrentzat egin ditut, batzuk helduentzat… Nire poesia egiteko modua kutsatu dute etengabe. Bada hor atzean magia bat, haurtasun berezi bat. Nik badut, beste guztiok bezala, haur puntu bat, eta hori bizirik mantendu nahi dut.

Kosta egiten zaizu haur horri eustea?

Batzuetan bai. Bizitzarekin oso erreta, minduta, oso ezkor zaudenean haur hori hil egiten duzu. Neronek ere momenturen batzuetan hil edo erreprimitu edo isilarazi egiten dut. Baina erreskatatu egin behar da. Niri bizipoza ematen dit haur horrek, eta beste haur guztietan ikusten dut gainera ni naizen haur hori, batez ere jaioberrietan. Haien begirada bezalakorik ez dago munduan.

Zer ikusten duzu haur horien begietan?

Bizitza bera, baina gardentasun guztiarekin. Ukatzen eta tranpan hasten garenean, eta txikitatik ikasten ditugu zera horiek, gardentasun hori desagertu egiten da. Baina hiru, lau, bost, sei hilabeteko haurren begietan dagoen gardentasuna ikaragarria da. Hori haiku bat da azkenean, begi horietan poema txikiak ikusten dituzu.

Oraindik batera eta bestera zabiltza «Egun osorako poemak eta beste» (Pamiela, 1993) haur poesiako lanarekin.

Momentu honetan Donibane Lohizunen ari naiz esperientzia txiki bat egiten, halako saio batzuk. Ni neu ere liluratuta nago, zer-nolako gauzak ari naizen deskubritzen. Poemak beste modu batera irakurtzen ditut orain; normala da ere, hogei urte pasa baitira.... Baina beste batzuk direla iruditzen zait, beste modu batera jolasten naiz haiekin. Baina hori pose bihur daiteke, eta horrekin kontuz ibili behar da.

Zer-nolako poseez ari zara?

Haurrengana jotzea, poemak soiltzea... Gizartearen aurrean agertzeko modu efikazena dira poseak: pose batekin asmatzen duzunean etor dakizuke arrakasta eta orduan pose hori gehiago lantzen duzu, arrakasta mantentzeko landu behar duzulako. Eta hori da niretzat... arina hiltzen didan zerbait.

Arrakasta eman bai, baina karga ere bilaka daitekeelako?

Karga baino, posea azalekoa delako. Ez da benetakoa. Arrakasta denei gustatzen zaigu, eta min hartzen dugu baztertuta sentitzen garenean. Baina arrakastak posera zaramatza. Oteizak esaten zuen frakasoa zela bere bidea; ze eragin izan duen ikusita ez dakit serio hartu behar zaion, baina ulertzen dut zer esan nahi duen: posea hautsi egin behar dela benetakoa izan dadin bizi duzuna. Niretzat obsesio bat da benetakotasun hori, eta badakit hori ere pose bat izan daitekeela, etengabeko maskara jokoa... eta, gainera, seguru asko, sekula bukatuko ez den maskara jokoa izango da. Baina, jolas horretan, nahiago dut maskarak kenduz eta kenduz ibili maskarak jarri eta jarri ibili baino, kontziente izanda ere maskara bat kentzeko beste bat jarri behar duzula.

Ez dakit horrek eraginik izan ote duen, baina zure buruari behin baino gehiagotan galdetu omen diozu «zergatik jarraitu idazten?».

Idaztea gizartean parte hartzeko modu berezia da niretzat. Asko betetzen nau. Momentu negatiboak izan ditut, kritika txar bat egin eta “arrazoi dik igual” esaten duzunean, edo “horren masailekoak hartzeko al nagok ni hemen?” esaten duzunean. Horrelako hausnarketak egiten dituzu. Baina, modu horretan, ez nituzke izan ditudan esperientziak izango, haurrekin, musikariekin, dantzariekin, artista plastikoekin... Nire burura bildu eta etxezuloan sartuko banintz, ez nuke haiek duten munduaren ikuskeraren berri izango. Eta hori da idaztera bultzatzen nauena, momentu batzuetan etsipena etortzen den arren.

Izan daiteke momentu batean tristurak harrapatu eta kito esatea, gizakiok ez gaude libre ezertaz. Hori nire lagun batzuek egin dute. Beste batzuek, beren buruaz beste. Hor bukatu da, eta errespetagarria da oso. Hor ere badago zer ikasia. Baina, oraingoz, zapuztu arren, aurrera egiten, idazten jarraitu behar dut.

Euria gora eta behera ibili gara, amildegi ertzetan, baina urak propietate purifikatzaileak ere ba omen ditu. Nola sentitu zara bilduma amaituta?

Liberazioa sentitu dut. Nobelekin aritu naizenean, karga uste bat sentitu dut nire buruarekin, ardura bat tokatu balitzaizu bezala edo... Hemen, alferrikakoak diren karga pila bat kendu ditut.

Lainoa ondo ikusten uzten ez digun zerbait bezala ikusten dut. Hori murtxikatuz, janez, euriari begiratu nahian idatzi dut. Nik badakit ez ditudala gauzak nahi bezain garbi ikusten, lainoa janez ari naiz, atzera begirakoak lainopean ikusten ditut, baina entzuten dut euria, ukitzen dut eta ikusi ere bai pixka bat.

Eta horrela jarraituko duzu, lainoa janez?

Nahi nuke! Baina kontziente naiz lainoa ez dela saretuko...

Horregatik ezin ahalegintzeari utzi, ezta?

Ez noski, eta gainera jarraituko dut euria ukitzen... eta, tarteka, baita pixka bat ikusten ere.

 

«Poemek abstraktuak ematen dute, baina atzean bada biografia bat; nirea eta nire ingurukoena»

«Zangotraba» (2014) eleberrian, baita aurreko bizpahiru lanetan ere, zure biografiari begira jarri zinen. «Lainoa janez»-ekin amaitutzat ematen duzu atzera begirako fase hori?

Beharbada bai. Nobelaren bat egitekotan, beste zerbaitez beharko luke, esan beharrekoak esan ditudala uste baitut. Literatura mota oso desberdinak erabili ditut gaztaroan bizi izan nuen garaia eta errealitatearen aspektu batzuk emateko, ezker muturreko jendea, ekologia eta yogaren hastapena, droga munduko jende bat, ETAren inguruko zera batzuk... Nire ikuspegia ematea ere zilegi zen, garai hartan nik hala bizi izan nituen kontuak direlako. “Elurra sutan”-en irakurketa fantasmagorikoa egin nuen, kriptikoa agian. Detektibeen generoa ere erabili nuen (“Zangotraba”), ironikoki, detektibe xelebre bat sortuz. Gizarteak xelebre jokatu zuela uste baitut, eta normala da, diktadura batetik atera eta kristoren aukerak ikusten dituzulako. Baina esan beharrekoak esanda ditut. Orain, beste gauza batzuekin jarriko naiz.

«Lainoa janez»-en, poema bakarra dago pertsona bati eskainia. Hor ageri da nabarmenen zure biografia.

Poemek abstraktuak ematen dute, baina atzean bada biografia bat; nirea eta nire ingurukoena. Eta hor argi ikusten da, bai. Adiskide bati dedikatu diot. Bere azken egunetan haurrentzako idatzi nuen lehen liburuko poemak irakurtzen egon zen, gauza batzuk ere idatzi zituen horren inguruan eta niretzat izugarria izan zen. Heriotzaren aurrean hartu zuen jarrera ere... izugarrizko lezioa eman zigun. Baina poema horren destinatarioa bat baino gehiago dira. Azken urteotan, emaztea, senarra, laguna, aita... askok galdu dute inor nire inguruan, eta haientzat ere bada. Saiatzen naiz egunero zenbait pertsonez gogoratzen, nire laikotasunean, badut eguneroko errezoa. Etsai batzuez ere gogoratzen naiz, ez dakit bakeak egiteko, baina bai aurrez aurre nobleziaz begiratzeko, txakurkeriarik gabe.

Ariketa sanoa dirudi.

Ez dakit sanoa den, agian psikiatra batentzat izango da patologikoa, baina niri on egiten dit gogoratze horrek. Minbiziak bai baitu, izenetik hasita, zerbait sakona. Eta uste dut bizitza eta artea halako gauzekin lotzen direla, gauza latzekin eta pozekin. Nik lotura hori mantendu nahi dut.A.A.