GARA
donostia

Formazio falta, presa eta desordena dira istripu eragile ohikoenetakoak

Gaur, Lan Segurtasun eta Osasunaren Nazioarteko Egunean, makina bat aldarrikapen eta eskaera eginen dira, egoera ez baita batere samurra. Osalanen azken txostenaren arabera, aurtengo lehen hiruhilekoan bikoiztu egin dira EAEn heriotza ekarri duten lan istripuak.

Aurten, Lanaren Nazioarteko Erakundeak (OIT) estresean oinarritu du Lan Segurtasun eta Osasunaren Nazioarteko Eguna. Estresak ondorio latzak ditu: gaitz fisikoak eta psikosozialak sortzen ditu.

«Gure lanbidean, tamalez, oso ohikoak dira arrisku psikosozialak», azaldu du Satse Euskadiko Erizainen Sindikatuak. «Osakidetzak ez du bere profesionalen osasuna zaintzen eta langileak antolaketa-arriskuen menpe jartzen ditu egunero. Erakunde publikoaren zuzendaritza estiloa kritikatu behar dugu, ez dituelako estres-eragileak, mobbinga eta erasoak gelditzen».

Ondorio txarrak saihesteko, lan baldintzak hobetu, estres-eragileak identifikatu eta lan zamak gutxitzeko eskatu dio Satsek Osakidetzari. «Lehen urratsa arrisku psikosozialen ebaluaketa bat egitea da. Baina garrantzitsuena urrats horren ostean dator: arrisku horiek geldiarazten dituzten lan segurtasun eta osasun politikak ezartzea», azpimarratu du.

Adibidez, sindikatuak premiazkoa ikusten du erizaintzako lanpostuak egokitzea. Kontuan hartu behar da langileen %80tik gora emakumeak direla. Gainera, %65ek baino gehiagok txandaka lan egiten dute urteko 365 egunetan. Satsek ohartarazi duenez, gehigarri horiek estresa sortzen dute eta, garaiz tratatu ezean, osasunerako arazo larriak ekartzen dituzte.

Txandetan lan egitea

Ikerketa berriek diotenez, txandetan lan egiten duten emakumeen artean bularreko minbizia izateko arriskua areagotzen da. Azterketa horien arabera, 30 urtez astean behin gaueko txandan aritzeak ia bikoiztu egiten du bularreko minbizia izateko arriskua.

Datuak ez dira onak. Osalanen azkeneko txostenean agertzen denez, 2016ko lehenbiziko hiruhilekoan bikoiztu egin dira heriotza ekarri duten lan istripuak EAEn. Gainera, 8.553 ezbeharrek eragin dute baja hartzea.

Jorge Fernandez Teknodidaktikako aholkulari teknikoak ondorio latzak ekar ditzaketen akats ohikoenak aztertu ditu, ekidin daitezkeenak. Esplikatu duenez, formazio falta da bat, arriskuez ez jabetzea eta istripuak gertatzea eragiten duelako. Presaka lan egitea da bertze bat, berez segurua den egoera arazo bihur dezakeelako, batez ere objektu pisutsuekin, altueretan eta makinekin lan egiten denean. Aipatu duen hirugarren akatsa desordena edo/eta garbitasun falta da. Batzuetan objektuak egoten dira lurrean botata eta badirudi ez dakartela arriskurik, baina arazoak sor ditzaketela ohartarazi du.

Amaitzeko, telefono mugikorra erabiltzea da talka, kolpe eta iraultzeen eragile nagusia, bai kotxean bai biltegietako makinekin ibiltzean.

Cebek-en eta Confebask-en

Enpresa konfederazioak mugiarazteko asmoz, ELAk eta LABek bi mobilizazio eginen dituzte gaur Bilbon. Lehendabizikoak manifestazioa antolatu du Euskadi plazatik Cebek-en egoitzara, eta bigarrenak, giza katea Confebask-etik Lakuaren ordezkaritzara.

Bitartean, Asviamie Euskadiko Amiantoaren Biktimen Elkarteak borrokan segitzen du eta Madrilgo Parlamentuan lege proposamen bat aurkeztearekin batera, mugimendu zabal bat sustatu nahi du, «behingoz biktimentzako konpentsazio funtsa sor dezaten».