Ariane KAMIO
DONOSTIA

Udako amets bat Kristinaenean

William Shakespeareren «Uda gau bateko ametsa» antzokitik ateratzeko baimena eman dio bere buruari Tanttaka konpainiak. Donostiako Kristinaeneara eramango du duela ia 400 urte ezkontza baten bueltan idatzitako obra. Hain zuzen, publikoa izango da ezteietako gonbidatu nagusia antzerkia eta gastronomia batera jarriko dituen proposamenean. 800.000 euroko aurrekontua, 30 egunez jarraian taularatuko duten euskal sortzaileentzat. Berri on bat.

Ametsak ametsen baitan. William Shakespearek mundu oniriko bat eraiki zuen 1595ean Thomas Berkeley eta Elizabeth Careyren ezkontzaren harira. “Uda gau bateko ametsa” deitu zion mundu osoan taularatu den obrari. Teloi baten atzean eta baso irudikatu batean antzezteko moduan diseinatu zuen Shakespearek bere obra, Hermia eta Demetrioren ezkontzan gertatzen diren fantasia, amets, maitasun eta magia mundu bati leku emanez.

Tanttakak asmoak aldatu ditu eta agertokia, basoa bera, taula gainean eman beharrean, benetako toki batera eramango du. Egiatan irudikatuko du Shakespeareren mundua. Donostiako Kristinaenea parkean egingo du, ekainaren 21etik uztailaren 24ra, egunero (astelehenetan izan ezik), eta 250 gonbidatu izango ditu saio bakoitzean. Denbora bera ere eraldatu du. Hainbat egunetan gertatzen den Shakespeareren “Uda gau bateko ametsa”, bi ordu eta erdi-hiru ordu inguruan dabilen proposamenera egokitu du Patxo Telleriak.

80 pertsona baino gehiago

Basoa, udako solstizioa, Shakespeareren komedia eta ametsak. Donostia 2016 Kultur Hiriburutzak oraino aurkeztu duen proposamen erakargarrienen artean dago “Uda gau bateko ametsa”. Festa oniriko bat Kristinaenea parkean. Ezkontza bat, bankete eta guzti. Eta ikusleak, publikoa, gonbidatu nagusia. Parte hartzaile zuzena.

Ikuskizuna 21.00etan hasiko da eta publikoak ikusle huts izateari utziko dio; Hermia eta Demetrioren ezteietako gonbidatu bihurtuko da. Dagokien aulkietan eseriko dira oturuntza hasteko, eta bitartean obraren lehen agerraldiak egingo dira. Ikuskizunak bi ordu eta erdi inguruko iraupena izango du, gutxi gorabehera, eta ezkontzaren festa bete-betea irudikatuko da; banketea eta aurrerago egingo diren topa eta eskaintzekin.

Lana, bost ekitalditan banatuta, parkeko leku desberdinetan gertatuko da; beraz, ikusteko era ere desberdina izango da. Kristinaenea Shakespeareren baso magikoa izango da eta bertan barneratuko da ikuskizuna, eskuetan kriseilu bana hartuta.

Ekoizpenak babes ekonomiko publiko eta pribatua izango ditu eta orotara 800.000 euro inguruko aurrekontua izango du. Fernando Bernues eta Iñaki Rikarteren zuzendaritzapean, 80 pertsonatik gorako talde bat gauero ariko da lanean ikuskizunean.

Hamabi aktore orotara. Horien artean, Gorka Otxoa –atzo Madrildik prentsaurrekora eta lehenengo entsegura espresuki etorria–, Aitziber Garmendia, Itziar Atienza, Joseba Apaolaza eta Naiara Arnedo, obra honetarako asmatutako Kristinaenearen pertsonaiaren barruan. Horiekin batera dantzariak, Easo korala, zerbitzariak... Mundu oso bat Shakespeareren bueltan eraikita.

Alor gastronomikoa izango da erakargarri nagusienetako bat. Afaria emango zaie gonbidatuei, eta maitasunaren sasoi desberdinak irudikatuko dituzten jakiak eskainiko dira. Izan daiteke begirada bat, edo pasiozko musu bat; dena ahoratzeko moduan.

Orotara 30 saio gauzatuko dira –10 euskaraz eta 20 gazteleraz– eta estreinaldia ekainaren 21ean izango da, udako solstizioan. Ikuskizuna ingelesez eta frantsesez jarraitu ahal izateko baliabideak ere jarriko dira. Sarrera 30 eurokoa izango da aurrez erosita eta 40koa egunean bertan hartzen bada. Donostia Kulturako bazkideek, langabeek eta 16 urtetik beherakoek deskontuak izango dituzte.

Euria egiten duen egunetan bertan behera geldituko da eta dirua itzuliko da. Euriagatik egin gabe geratuko balitz, arratsaldeko 19.00etan jakinaraziko da dss2016.eu web orrialdean edo 900840251 telefonoan.