Jon LEUNDA
Harri-jasotzea

Idoia Etxeberriak marka guztiak apurtzen ditu

Esku batekin 118 kiloko harriari bi jasoaldi eman dizkio eta bi eskurekin beste bi 162 kilokoari.

Idoia Etxeberriak marka guztiak apurtzen jarraitzen du, eta herenegun iluntzean beste bi berri lortu zituen. Bat esku bakar batekin egin zuen, eta bestea, berriz, birekin.

Orain dela bi aste jaso zuen 117 kiloko errektangularra esku batekin Idoia Etxeberriak, marka berria ezarriz. Herenegun kilo bat gehiago erantsita joan zen plazara, eta oraingoan ere ez zuen hutsik egin. Oriotarrak bi aldiz berdindu zuen bizkarraren gainean harria, eta ustel bat ere egin zuen. Eta ustela aurreneko jasoaldian heldu zen. Harria ia berdinduta zeukan, baina beste eskuarekin ukitu egin zuen; berak ostean azaldu zuenez nahigabeko kolpe bat izan zen, baina, noski, nahikoa izan zen epaileak usteltzat emateko, eta hutsetik hasi behar izan zuen.

Indarrez gainezka dago, ordea, Oriokoa, eta ez zuen hutsik egin. Bigarren ahaleginean ederki berdindu zuen bizkarrean, eta oraindik beste ahalegin bat egiteko tartea ere bazeukan, eta baliatu zuen saiatzeko, eta baita lortu ere, harria ederki berdindu baitzuen bizkarrean, bi jasoaldi onekin geratzeko, emakume batek orain arte plazan egin ez duena eginez.

Bi eskuekin ere emakume batek inoiz egin gabe zuena egin nahi zuen 162 kiloko errektangularra jasoz, eta hori ere lortu zuen. Hiru minutuko tartea izan zuen, eta beste bi jasoaldi eman zizkion, horrela bi marka handi egiteko. Bere lana eta duen sasoia ikusita, garbi dago Idoiak horiek ere laster gaindituko dituela, eta segur aski egiteko ere ez du eskari faltarik izango, ez baitu hutsik egiten eta zaleek ikusi egin nahi baitute.

Berarekin batera Jokin Eizmendi ere aritu zen. Honek bere marka pertsonala ondu nahi zuen, eta 251 kilokoarekin aritu zen hiru minutuan, eta helburua lortu zuen, jasoaldi bat eman baitzion, nahiz eta bigarrena lortzerik ez zuen izan. Nahi izan zuen, baina bigarrenak ihes egin zion.