GARA
BAIONA

Elkargo bakarra izango du Ipar Euskal Herriak

Atzokoan Aiherrak, Atharratzek, Bardozek, Urrustoi-Larrabilek, Milafrangak, Pagolak eta Sarrikotapeak baiezko botoa eman zuten, eta ezezkoa Bokalek, eta honekin bai herri bai biztanle kopuruaren langa gainditu ditu elkargo bakarraren proiektuak. Honekin 2017an elkargo bakarra izango du Ipar Euskal Herriak.

Ipar Euskal Herriak elkargo bakarra osatzeko bi baldintza bete behar zituen. Herrien erdien oniritzia jasotzea eta biztanleen erdia horietan bizitzea. Bigarrena lortuta zegoen dagoeneko eta atzo lortu zen emaitzekin, herrien erdira iritsi dira, 158 herrietatik 79rena jasoz

Aiherrak, Atharratzek, Bardozek, Urrustoi-Larrabilek, Milafrangak, Pagolak eta Sarrikotapeak baiezko botoa eman zuten atzo eta horiekin 79ko kopurua osatu da. Bokalek ezetz bozkatu du.

Honen bitartez, Udalen lankidetzarako erakundeak zazpi ataletan izango du esku hartzea: ekonomian, lurralde antolaketan, garraioan, ingurumenean, kulturan, hizkuntzan eta arlo sozialean.

Irakaskuntzan eta mugaz gaindiko harremanetan, eragileek maiz eskatutakoetan, ez du oraingoz ahalik izango.

Gauzak honela, hiru instantzia nagusik gobernatuko dute elkargoa, 232 kidek osatutako elkargo kontseiluak, 69 kidek osatutako batzorde iraunkor batek eta 20 kideko bulego batek.

Aukerak

Ekonomia atalean, adibidez, erregioak ezarritako ildoan jardun beharko du elkargoak, bereziki enpresa laguntzetan, garapen ekonomikoaren eskuduntza haiek dutelako aitortuta deszentralizazio legean. Hertsapen hori ez du izango hiru alorretan: Ipar Euskal Herriko ekonomia balioesteko politiketan, aktibitate eremuen prestaketan eta garapen ekintzak laguntzean. Lurralde antolaketan, esaterako, hiru herrialdeen mailako hirigintza plana egiteko eskumena izango du, baina udalek, hala nahi izanez gero, eskumen bat, herri mailako hirigintza planak ebaztekoa, manten dezakete. Horren bidez lurraren erabilera eta etxebizitza politika zehaztuko dira.

Elkargo bakarra sortzeak zergen mailan harmonizatze prozesu bat ekarriko du.