Arantxa MANTEROLA
BAIONA

Kontrakotasun giroan hasi da lan erreformaren eztabaida Parisen

Asanblea Nazionalean eztabaida irekitzearekin bat, hainbat mobilizazio izan ziren atzo Estatu frantseseko hainbat hiritan. Baionan ere El Khomri legearen aurkakoak Colette Capdevielle diputatuaren bulego aitzinean elkartu ziren. Eztabaidak bi aste iraungo ditu.

Gobernuak lege proiektua aurkeztu zuenetik bi hilabete igaro direnean, langile sindikatu eta gazte elkarteen esparrutik egitasmoak eragindako egonezina berriro karrikaratu zen atzokoan. Izan ere, Asanblea Nazionalak atzo arratsaldean ekin zion seguru asko oso gorabeheratsua izango den eztabaidari.

Lan Kodea erreformatzea xede zuen hasierako testuak hainbat aldaketa izan ditu, batzuentzat –batez ere Medef ugazaben sindikatuarentzat– «legearen muina bera galtzeraino», eta, besteentzat, «aski ez langileen eskubideak bermatzeko». Aldaketok ez dituzte inolaz ere asebete erabat kontra daudenak eta Gobernuari erreforma bertan behera utz dezala exijitzen jarraitzen dute.

Hala, berriz protestak izan ziren atzo Estatu frantseseko zenbait hiritan (Rennes, Nantes, Lille...). Parisen sindikatuek elkarretaratze bat egin zuten eta Asanblea Nazionalaren aurrean Nuit Debout ekimeneko dozenaka lagunek eserialdia egin zuten. Baionan, berriz, Colette Capdevielle PSko diputatuaren bulegoaren aurrean bildu ziren El Khomri legearen kontrako Ipar Euskal Herriko kolektiboko kideak, ez dezala legearen alde bozka eskatzeko. Capdeviellek berretsi zuenez, «egun legea dagoen horretan» ez du ontzat emango, «langileak babesten ez dituelako eta langileek segurtasuna emango dien legea behar dutelako».

Bera bezala, bere alderdikide Sylvaine Alaux ere hasieratik egitasmoaren kontra agertu diren parlamentari eta PSko kideen artean da. Jean Lassalle diputatu zentristak ere ez duela alde bozkatuko esan duenez, Ipar Euskal Herriko herritarrak ordezkatzen dituzten diputatu guztiak legearen aurka dira.

44 boto faltan

Asanblea Nazionalean legearen debatea gidatzen duen Christophe Siruge diputatuak esan duenez, «gehiengoa bermatzeko 40 bat boz» falta zaizkie, baina horiek biltzea ez baldin badute lortzen, lehen Macron legea aurrera ateratzeko egin bezala, gobernuak 49.3 salbuespeneko artikulua erabiliko ote duen susmoak ere badaude.

Myriam El Khomri Lan ministroak, ordea, ez dutela bide hori erabiliko hitz eman du. Beraz, bi asteko eztabaidaren ostean, bozketa maiatzaren 17rako aurreikusten da.