Nagore BELASTEGI
DONOSTIA

AEKren udako eskaintza aurkezteko erreportajea herriz herri eskainiko dute

AEK-k udako kanpaina martxan du eta hori ezagutarazteko erreportaje bat egin dute, hainbat ikasleren esperientziak bilduz. Horren bidez ikasle gehiago erakartzea espero dute. Atzo Donostian eskaini zuten erreportajea eta arduradunek iragarri zuten datozen egunetan beste herri batzuetan proiektatuko dutela. Era berean, aipatu zuten norbaitek bere herrian emateko interesa balu, beraiekin harremanetan jartzeko eta bilatuko dutela modua.

AEKko koordinatzaile nagusi Mertxe Mujikak eta komunikazio taldeko Helios del Santok izan zuten bertaratu ziren ikasle eta irakasleen aurrean filma aurkezteko ardura. Horiek jakinarazi zutenez, Miguel Angel Lamas Pitu Ahotsak-eko kideak egin du “Ikasi eta bizi izandakoa ez duzu ahaztuko” filma. Pitu bera AEKko ikaslea izan zen aspaldian.

Filmean hiru barnetegi mota ikusten dira: arrunta, familiartekoa eta ibiltaria. Hala ere, Mujikak azaldu zuenez, beste aukera batzuk ere badaude. Izan ere, herrietako euskaltegietan ikastaro trinkoak antolatzen dituzte maila desberdinetan eta, hala eta guztiz ere, eskoletara joan ezin dutenentzat, internet bidezko ikastaroak ere badaude. Hala ere, barnetegi batera joatea da aukerarik deigarriena udarako. Normalean 200 ikasleren bueltan izaten dira, nahiz eta iaz 230ek eman zuten izena. Aurten kopuru hori gainditzea dute helburu.

Hiru kasuak

Filmean ikusten diren kasuetako bat David Romeorena da. Nafarra da eta Noaingo euskaltegian badabil ere, 24 orduz euskaraz bizitzeko beharra ikusten du eta Arantzako barnetegian ematen du izena. Bertan, eskoletara joateaz gain, jolasak ere egiten dituzte, euskaraz beti ere. Ana Perez madrildarra da eta egun batean jakin-minak deituta euskara ikastea erabaki zuen. Euskaltegietan ibili da, baina orain euskaraz bizitzeko garaia dela uste du eta, hori erabakita, barnetegi ibiltarian hasi zen, bizikletarekin Euskal Herria zeharkatuz.

Tobar-Remiro familia, ordea, euskalduna da baina zailtasunak ditu euskaraz bizitzeko. Zugarramurdiko aterpera joaten dira bikotekideen artean eta semearekin euskaraz hitz egiteko ohitura eskuratzeko.