Maider IANTZI
BERTSOLARITZA

ARZALLUS ETA LUJANBIO, 75 URTEREKIN PLAZAN IRUDIKATUZ

ASTEARTEAN BERTSOLARITZA UTZI ZUEN XABIER AMURIZA AIPATUZ HASI ZUTEN MAIALEN LUJANBIOK ETA AMETS ARZALLUSEK BURUZ BURUKO SAIOA, ETA BEREN BURUA 75 URTEREKIN PLAZAN IRUDIKATUZ AMAITU.

“Jakin” aldizkariak eta Martin Ugalde Foroak antolatutako ekitaldia, Maialen Lujanbio eta Amets Arzallus buruz buru jarri zituena, Josu Goikoetxea gidari zela, ez zen bertso saio bat izan, solasaldi bat baizik, bertsolaritzari errepaso bat egiteko balio izan zuena, atzotik biharrera, gaztetxotan kantuan hasi zirenetik 60 urterekin edo, Amurizak bezala, 75ekin beren burua plazan imajinatu arte.

«Nola ikusten duzue plaza?», egin zien lehen galdera Goikoetxeak, entzulez betetako Martin Ugalde kultur parkeko aretoan. Jendez nahiko osasun onean eta bertsolari gazte eta onez ongi hornituta ikusten dutela erantzun zuten biek. «Bizi osoa pasa dugunok gazteenak izaten bertso saioetan orain zaharrenak gara», adierazi zuen hernaniarrak. «Gu hasi ginenean bertsolariak ez ziren ezagunak, nahiko xelebreak ginen bertso eskolara joaten ginelako, gazte jendea apenas zebilen, emakumeak ere gutxi, estilo homogeneoko publikoa zegoen… Orain, berriz, jardun errekonozitua da, bertsolariak kultur mailan erreferentzialak izan daitezke, gazteen ilusioa izan daiteke bertsolaria izatea».

Hendaiarrari txapeldun izateak aldaketarik ekarri al dion itaundu zion gai-jartzaileak, eta bere buruarekin barne borrokak ekarri dizkiola aitortu zuen Arzallusek. «Bertsolaritza bizi duzunean kasik zure bizimodu bezala integratuta, halako egun seinalatu batek, emaitza seinalatu batek eragin dezakeenak nahas zaitzake. Txapela egun eder bateko oroitzapena, jaki ederra da, baina indigestio batzuk eragiten ditu batzuetan».

Bertsotan egitea hagitz bide luzeko bilaketa bat bezala bizi duela kontatu zuen. «Lortzen ari zaren heinean bertsotan egiteko modu bat, lortzen ari zara zu entzuteko modu bat ere. Horren arabera baloratzen zaituztela uste dut».

Minik eta jakin-minik ez

Generoari ere erreparatu zioten. Lujanbiok oroitu zuenez, plazan kantari hasi zenean jendeak ongi hartu zituen emakume bertsolariak. «Oso lur atsegina zen talka gogorra izan zitekeen bat hartzeko. Azken urteetan asko ugaritu dira emakume bertsolariak eta diskurtsoak asko aurreratu dira. Beste abiadura batean gertatzen ari dira gauzak».

«Nik bizipenak bizi eta gero egin ditut irakurketak, ibilbide bat egin eta gero. Gaur egun neurri batean bada kontrako norabidea zenbait kasutan, eta esperientzia baino lehenago dago eskura teoria. Hori oso interesgarria da, baina praktikan askotan motzago gaude teorian baino», gehitu zuen.

Arzallus ere kezkatzen du gaiak, baita «lehenago kezkatu ez izanak ere. Ez nuen jakin-minik, minik ere ez nuelako». Autokuestionamendu ariketa baten gisa bizi du eta bertsolari baino gehiago sentitzen da enplazatuta pertsona bezala. «Gero, bertsolari bezala arduratxoa duzu gauza batzuk ohartu gabe transmititzen dituzulako. Gauza gehienak bidenabar bezala doaz eta zailagoa da horiek deszifratzen».

«Etorkizunean norekin eta norentzat kantatu nahi duzue?», galdetu zien, amaitzeko, Goikoetxeak. «Plazak mantentzen du garai batetik hona publiko anitz hori, eta nagusitzen ari dira plaza espezifikoagoak. Aurreikus daiteke halakoak ugarituko direla. Estimatuko nuke herri guztiari kantatze hori ez galtzea. Plaza desberdinak sor daitezela, baina hori mantenduz», azaldu zuen Lujanbiok. «Gure burua 60 urterekin plazan zer izango den, ezin dut imajinatu», aitortu zuen irria ateraz. «Gogorik badugu ederra litzateke».

Apaizen gisa erretiroa 75 urterekin hartu duen Amurizarekin batera, Joxe Agirre ere aipatu zuen Arzallusek. «Hil bezpera arte ze irrika zuen plazara joateko, hori bertsotan segitzea baino gehiago miretsi izan dut». Gainerakoan, Ipar Euskal Herrian orain baino gehiago abestu nahiko luke.