Lander GARRO
Idazlea

Bizilagunak

Galtzak lepoan lotu behar balitu bezala, galtzapeko potro ximelak agerian utziz, bularretaraino igotzen ditu galtzak nire bizilagunak. Lorategian aritzeko janzkera berezkoa du, safari tankerakoa, lorategiko lehoi imajinarioengandik babestu behar balu bezala. Kexaka datorkit, bere doinu solemne orojakilean, nire lorategiko konpost ontziak «eragiten dituen euli, arratoi eta kiratsengatik» aineka. Plastikoak eta jaki biodegradagarriak nahastea euliak baino nagiago ote dituen galdetu diot, eta paparrean daukan haragi soberazkoa dantzaraziz baietz dio. Zuk bai, planetak ez, erantzun diot. Hatza goititu du, arratoiak «bertan koloniak osatzekoak» direla oihu eginez, arratoi kolonia bat sortzen bada erantzukizuna neurea izango dela. Arratoi koloniak mundua kakaz betetzen duen jendea baina hobea dela esan nahi diot, baina ez naiz ausartu. Horren ordez, poliziari deitzeko esan diot, eraman ditzatela atxilo arratoi gorrotagarri guztiak. Orduan azaldu da emaztea eta, lepoa oilo baten gisan luzatuz, saguzar ahotsez, esan du: «Guardia Zibilari, Guardia Zibilari egingo diogu hots!». Neure artean pentsatu dut: beti dira zilborrari so eginaz bakarrik bizi direnak oso polizia zale. Beti. Ez dago salbuespenik. Planetak eztanda egitean poliziaren besoetan salbatuko direla amets egiten dute, planeta berotzean agente guztiak hura hozteko ahaleginean putz egiten hasiko direla alegia. Daudela zain.