Jon ORMAZABAL
Elkarrizketa
ERIK JAKA
ASPEKO AURRELARIA

«Lehen helburua lesioaren aurreko joko hori berreskuratzea da»

Kantxetatik at bost hilabete eman ostean, lagunez inguratuta itzuli zen Erik Jaka pilotalekuetara Legazpin. Irabaziz itzuli zen, gainera, lizartzarra, baina garrantzitsuena, inolako minik gabe egin zuela. Gauzak hala, igandean jokatzeko beste aukera bat eman dio enpresak eta Bergaran arituko da igande honetan, horixe baita bere helburua orain, partidak jokatu eta galdutako erritmoa eta jokoa berreskuratzea.

Legazpiko Urbeltz pilotalekuko aldageletan hartu gintuen Erik Jakak, orkatilako ebakuntza baten ostean jokatutako lehen partida amaitu berritan. Garaipena lortuta eta inolako minik gabe, pozik da lizartzarra, baina badaki lan handia duela aurretik.

Derrigorrezko galdera; nola bukatu zenuen itzulerako partida?

Ondo. Fisikoki inolako minik gabe eta inongo kexarik gabe, baina oraingoz asko falta zait erritmoa hartzeko, partida asko jokatu beharra daukat eta egin nituen hutsak eta tontakeriak alde batera utzi beharra ere bai.

Jokatu gabe bost hilabete zeneramatzala kontuan hartuta, partida hasiera bikaina egin zenuen, tantoak amaitzea behintzat ez zaizu ahaztu...

Pilotek brilloa zeukatenean errazago aritu nintzen. Xabik –Tolosa– ondo dominatzen zuen eta horrela errazagoa da. Amaieran pixka bat gehiago kostatu zitzaidan tantoak amaitzea. Pilotak asko gastatu ziren eta izugarri kostatu zitzaidan asmatzea. Nik, oraindik, abiadura gutxi ematen diot pilotari eta uste dut pixkanaka indarra eta jokoa hartzen joaten naizen eran, tantoak errazago amaitzen joango naizela.

Igandean bertan duzu hurrengo aukera...

Orain behar dudana horixe da, partidak jokatu eta partidak jokatu. Aste honetan bi partida dauzkat eta hurrengoan ere bi balira, are hobeto.

Oso luze egin zaizu?

Bai, bost hilabete azkenean luze egiten dira, uste baino gehiago. Gelditu nintzenean hilabete eman behar izan nuen operatu arte eta ebakuntza egin eta gero lau hilabete izan dira. Baina tira, dena behar zuen bezala joan da, inolako arazorik ez daukat eta garrantzitsuena hori da.

Zer izan da gogorrena?

Azkenean ebakuntza egin behar hori. Sekula ebakuntzarik egin gabea nintzen eta dena berria da, ez dakizu nola joango diren gauzak, zenbat denbora behar den gauzak egiten hasi aurretik… Baina enpresak laguntza handia eman dit, lagunak eta ere beti hor egon dira, bikotekidea eta etxekoak ere bai eta horri esker dena errazago joan da.

Osatze prozesua Gasteizen hasi zenuen, baina Zubietan –Realaren instalakuntzetan– ere izan zara azkenaldian. Zer moduzko esperientzia izan da hori?

Alter-G makinan aritzera –grabitaterik gabe korrika egiteko modua ematen du, artikulazioek gutxiago sufritu dezaten– egun batzuetan joan nintzen, bai. Oso esperientzia berria, oso jende jatorra; batez ere, Imanol Soroa fisioterapeuta nire gainean egon da, asko lagundu eta asko erakutsi dit, gainera, eta horiei ere asko dauzkat eskertzeko. Ni ez naiz bestelako kirolariekin batera egon. Goizean goiz joaten nintzen, nire lanak egin eta ahalik eta gutxien molestatuz etxera joaten nintzen azkar.

Sekula ez dator lesio bat une onean baina, zure kasuan, zure joko maila onenean zeundenean iritsi zen?

Dudarik gabe. Binakakoa bigarren aldiz irabazita joko puntu onean nengoen, eta hanka okertu nuen; gero, bi astera, Altsasun berriro eta uda guztia erdizka ibili ondoren, Lau eta Erdiko finalean berriz ere hankak min eman zidan eta azkenean guztiz gelditu behar izan nuen.

Helbururik jarri diozu zure buruari aurrerantzerako?

Jokoa hartzen joatea gehienbat, ea lesionatu aurreko joko puntu hori berriz ere hartzea badudan. Eta ezin bada, ahal den ondoen ibili eta ahalik eta partidarik gehien jokatu eta ahalik eta gehien irabazi. Maila ona eman eta gustura ibili behintzat.

Oso gertukoak izan dituzun Altuna eta Irribarria Buruz Buruko nagusiko finalerdietan ikusita zer datorkizu burura?

Poz latza. Horiek bizi guztiko lagunak izan dira, beti klubean –Amezketako Zazpi Iturrin– eta batera ibili gara, batera ikasitakoak gara eta inguruko zenbat eta jende gehiagori gauzak ondo joan, denentzat hobe.

Aurrera egiteko aukerarik ikusten diezu?

Nik uste dut aukerak izan badituztela, orain arte erakutsi dutena izugarria izan da eta zerbaitegatik daude hor. Altuna agian Irujoren zoritxarreko horregatik pasatu da zuzenean finalerdietara, baina Irribarriarekin ikusi da Aimar Olaizolari ze pasada eman zion eta edozeini irabazteko gai direla.