Ariane KAMIO
JAMES RHODES DONOSTIAN

Bach, salbazioan Jesu Kristoren ordez

Ero. Hitza nahi bezala uler daiteke. Eta badu, edo izan dezake loturarik James Rhodesekin. Nahiz eta barne mundu horren barruan adierazpide asko dituen musikaria, idazlea, den. Atzo San Telmo betetzea lortu zuen, musikaz, klasikoz, eta Bachen azpian gertatutakoekin.

«Bach» dio James Rhodesen jertseak. Agertokian azaldu da. Eta argazkilariek zutik jarraitzen dute. Pianoaren gainean ile bat ikusiz gero, hura ez ukitzeko ahaleginean kiribilduko da. «Jotzen ari denean argazkirik ez, mesedez», esan dute mikrofonoetatik. Maniakoa. Klik. Klik. Argazki jaurtiketen zarata inurria. Pieza klasiko birtuosoa pianoan. Rachmaninov. Eta teklen isuri hutsa. Bere mundura noa, beldur banaiz ere. James Rhodes. Musika klasikoaren pop izarra. “Instrumental” liburuagatik Zilarrezko Euskadi sariduna. Eta Mikel Chamizo, konpositore tolosarra, GARAko kolaboratzailea. Elkarrizketa musikatu bat. San Telmo. Sarrerak agortuta goizeko 11.00etatik. Ikuskizun erakarlea erabat.

«Boxeo irakasleak bortxatu egin zintuen sei urterekin, eta bederatzirekin Bach deskubritu zenuen, eta bizitza salbatu zizula diozu». «Bat-batean gauzek zentzua hartu zuten. Aurki nezakeen Jesu Kristo, baina ez. Etxean zegoela aurkitu nuen Bach. Eta bizitza aldatu zen. Baina mundu guztiak du bizitzan halako une bat eta ez du inoiz ahaztuko». Bachen “Chaconne” zen. Ez zuen irakasle berezkorik izan 14 urtera arte, autodidakta moduan ikasi zuen pianoa jotzen. «Garai hartan ez nintzen oso ona, baina gogo handia nuen». Horixe da “Instrumental”.

Bach

Bachez asko dio Rhodesek. Bere liburuak. Bere bizitzak. Eromenarekin lotuta, urteetan. Biak, paralelismo berean. «Ez zait gustatzen pentsatzea eromena eta sormena lotuta daudela. Musikagile bikainek sufritu zuten zuk eta nik sufritu dugun bezala. Tristura, antsietatea, oinazea, mina. Bachen anai-arreba asko hil ziren, emaztea hil zitzaion, hogei seme-alaba izan zituen. Sormena, nire ustez, ongizate mentalaren adierazpide bat da».

Bi irakurketa ditu “Instrumental”-ek. Inpaktuarena, gordintasunarena, lehena. Bigarrenak bariazioei begiratzea onartzen du. Eta honela idatzi zuen: «Lehenengo zirriborroa hiru astetan egin nuen. Ez dut oso ondo lo egiten. Hiruretan esnatzen nintzen eta gau osoa egoten nintzen idazten». Lagun batek eman zion aholkua. «Idatzi 2.000 hitz egunero eta ez ezabatu ezer. 80.000 hitz idatzi nituen eta editoreari bidali nion. Azkar egin nahi nuen».

Rachmaninov. Azken preludioa. Iluna. Dramatikoa. Depresiboa. Schumann. Bach bera.

Zergatik ez musika garaikidea? «Ez zait gustatzen ‘musika klasiko’ esamoldea, badirudi bereizketa bat egiten dela. Uste dut gaur egungo musika klasikoa ez dela inoiz ulertu. Gaur badaude musikagile zoragarriak, baina behin Bach eta Bethoveen –eta zerrenda luze bat– jo ondoren, nire mundu honetan musikagile horiek zentzua ematen diote nire bizitzari».

Eliteetatik behera, herrira jaitsi nahi luke barne munduan bere egin duen musika. «Lapurtu egin digute musika klasikoa azken 50-70 urteetan eta segregazio handia dago. Jendeak uste du aberatsena soilik dela. Nahi baduzu kontzertu batera joan Londresen, arau batzuk ezagutu behar dituzu, era batera jantzita joan, autoreak ezagutu, sinfonia batek zenbat mugimendu dituen. Eta horrek amorrua ematen dit».

Eta ez. Ez da musika ulertu behar edo ezagutza akademikorik behar hartaz gozatzeko. Musika klasikoaren industriaren aurka. Kritiko. «Badirudi jende guztia gorroto dudala, baina noski badaude salbuespenak arauan». Barre-algara apurrak atera ditu esaldi horrekin. Jendetzak isilik entzuten ditu bere piano notak, ulertzen, edo gozatzen saiatzen. Jesu Kristoren aitzinean.