GARA
JERUSALEM

Liebermanekin, Israelgo Gobernurik eskuindarrena

Avigdor Lieberman eskuin muturreko politikariari lekua egin dio Israelgo Gobernuan Benjamin Netanyahu lehen ministroak, Estatuak inoiz izan duen Exekutiborik eskuindarrena osatzeko. Defentsa Ministerioko burua izango da, hau da, lurralde okupatuen ardura duen kargua beteko du Liebermanek. Ahaztuta geratu dira ministro berriak lehen ministroari buruz aurten bertan esandakoak: «Netanyahu gezurti, tranposo eta lotsagabea da».

Astebeteko negoziazioak behar izan dituzte Netanyahuren eta Liebermanen negoziatzaileek ados jartzeko. Azkenean Defentsa Ministerioa izango da Yisrael Beiteinu alderdiaren sortzailearentzat, eta beste alderdikide bat Immigrazio ministro izango da Benjamin Netanyahuren gobernu berrian.

120 eserleku dituen Israelgo Parlamentuan 66 izango ditu bere alde Exekutiboak, eta orain arte 61 besterik ez zituen. Alde horretatik, beraz, egonkortasuna eman beharko lioke Liebermanek Gobernuari.

Baina palestinarrekiko jarrera aztertuz gero, oso bestelako kontuak egin behar dira. Lieberman nabarmendu izan da palestinarren aurka sekulakoak esateagatik. Israelgo pasaportea izan eta Estatu horrekiko leialtasunik ez duten «arabiarrek» aizkora batez burua moztea merezi dutela esan zuen iaz, eta Mahmud Abbas palestinar presidenteari buruz 2014an adierazi zuen «terrorismoaren diplomazialaria» dela. 2000ko hamarkadan, Egipton palestinarren Intifadaren aldeko mugimendu indartsu bat zegoela-eta, Aswango urtegia bonbardatzea proposatu zuen, Egipton izugarrizko uholdeak eragiteko asmoarekin.

Liebermanek hartu duen kargua Moshe Yaalonek utzi du. Eguna eta gaua: orain artekoa palestinarren aurrean moderazioa erakustearen aldekoa bazen, berriak mehatxuak ditu gogoko. Zera esan zion Ismail Haniyeh Gazako Hamaseko buruari 2014an, palestinarrek Israelgo soldadu batzuen gorpuak zituztela-eta: «48 orduko epean itzultzen ez badituzu, zu eta Hamaseko zuzendaritza osoa garbituko ditugu».

Izaera borrokazalea

Horrelako izaera borrokazaleak kezkatu egin ditu makina bat begirale. Batek baino gehiagok idatzi dute gaiztotu egin daitekeela bestela ere oso tragikoa den gatazka politikoa. Liebermanek berak, giroa lasaitu nahian, politika «arduratsua eta orekatua» agindu du.

Ministro berriaren posizioa erabat aldatu da. Netanyahurekin egin dituen negoziazioak hasi baino egun batzuk lehenago, palestinarren erasoen aurrean nahikoa ez egitea leporatu zion Gobernuari, eta Zisjordanian nahikoa kolonia judu eraiki ez izana.

Hala ere, berak ez du erabat baztertzen palestinar estatu bat sortzea. Berak lurralde trukea defenditu izan du: palestinarrak nagusi diren Israelgo zati batzuk Palestinar Agintearen esku geratuko lirateke, eta horren truke Zisjordaniako kolonia eremu handienak, Israelentzat. Jakina, ideia hori onartezina da palestinarrentzat.

Analista batzuek uste dute Liebermanek jarrera aldatu eta gobernuan dagoen bitartean pragmatismoari helduko diola.

 

Hamas: «Una escalada en el racismo y en el extremismo»

El movimiento de la resistencia islámica Hamas, que dirige la Franja de Gaza, denunció ayer el retorno de Lieberman como «una escalada en el racismo y en el extremismo». Ya el pasado viernes, durante la ceremonia para conmemorar el 68 aniversario de la Nakba (catástrofe), portavoces del movimiento se refirieron al ultraderechista: «Las amenazas de Lieberman no asustan a Hamas». Lo aseguró Fathi Hammad, un alto oficial del movimiento, que dejó claro que las palabras de Lieberman no les asustan ni afectarán a sus acciones. Advirtió de que la resistencia palestina responderá con dureza cualquier acto violento del régimen de Tel Aviv. «No llamamos a la guerra, pero lucharemos si nos la imponen», dijo. Durante el acto, los asistentes quemaron imágenes de Lieberman.

«Este Gobierno acarrea una amenaza real de inestabilidad y de extremismo en la zona», declaró ayer el número dos de la Organización para la Liberación de Palestina (OLP), Saeb Erakat.GARA