GARA
BILBO

Atuna markatzeko kanpaina baterako lau milioi euroko kontratua lortu du AZTI-k

2017ko amaierara arteko epea duen proiektua uztail honetan hasiko da. Azore eta Kanaria uharteen inguruan eta Afrikako itsasoan ibiliko dira AZTIko ikertzaileak. Horiez gain, bestelako itsas ikerketa zentroek ere hartuko dute parte Europar Batasunak sustatutako egitasmoan.

Atlantikoko Atuna Kontserbatzeko Nazioarteko Batzordeak Ozeano Atlantikoan atunak markatzeko programa bat abiarazi du. Horren baitan, hainbat herrialdetako itsas ikerketa zentroek hartuko dute parte, tartean AZTIk; honek 44.000 atun markatu ahal izateko lau milioi euroko kontratua sinatu du.

Europar Batasunak finantzatutako egitasmo hau uztailean hasiko da. AZTIko ikertzaileak nazioarteko partzuergo baten buru jarriko dira Atlantikoko lau eremutan –Afrikako mendebaldea, Gineako golkoa, Kanaria uharteak eta Azore uharteak– atun tropikalak markatzen.

Lehenengo hiru hilabeteetan 11.000 marka jartzea aurreikusten dute; 2017ko urtarriletik ekainera, 6.500; 2017ko ekainetik urrira bitartean, 4.500; eta udazkenean gainerako 22.000 markak jarriko dituzte.

Programa honen helburua zenbait atun espezieren mugimenduak eta migrazioak aztertzea da, baita populazioaren tamaina eta duten portaera ere. Ikertuko dituzten animaliak hegats-horiak, lanpo sabelmarradunak, atun mojak eta bi eskonbrido txiki (lanpo bularpikarta eta Acanthocybium solandri) izango dira.

Hala, biltzen duten informazioa lagungarria izango da kontserbazio-neurri egokiak hartzeko, Atlantikoko atun tropikalen baliabideen kudeaketa jasangarria gauzatzeko eta arrantza-tokien kudeaketa egoki bat egin ahal izateko. Horrez gain, Atlantikoko kostaldeko herrialdeen hazkunde ekonomikoa eta elikadura-segurtasuna indartzeko balioko du programak.

Markatu eta uretara

Afrikako uretan izango da markatze kanpaina luze eta garrantzitsuena. Bertara abiatzeko Hondarribiko “Aita Fraxku” bazka biziko arrantzako ontzia erabiliko dute.

Jarriko dituzten markak plastikozko gailu kodetuak izango dira, markatze-data eta lekua adierazten dutenak. Harrapatutako arrainaren datu biologikoak –espeziea eta neurria– eta harrapaketa datuak bilduko dituzte, bizkarrean marka jarri eta berriro uretara itzuliko dituzte animaliak.

Beste ontzi batek arrain hori harrapatzen duenean informazioa Atlantikoko Atuna Kontserbatzeko Nazioarteko Batzordera bidali beharko du, eta hasierako eta amaierarako informazioak alderatuko dira. AZTIk adierazitakoaren arabera, eskuratzen diren datuak oso interesgarriak dira.