Jon LEUNDA
errugbia

Avironek mailarik gorenera itzultzeko urratsa eman du

Lehen zatian dezente sufritu behar izan du Baionako taldeak, baina bigarrengoan hobea izan da. Larunbatean Tolosan jokatuko du Aurillacekin.

AVIRON BAYONNAIS 28

COLOMIERS 16


Partida bat irabaztea falta zaio Avironi Top 14 txapelketara itzultzeko, eta hori datorren larunbatean lor dezake. Stade Toulosainen zelaian jokatu beharko du, Aurillacen aurka. Hura gaindituta, berriro ere onenekin izango da talde zuri-urdina.

Giro apartarekin jokatu zen Baionako norgehiagoka. Honelakoak izaten diren bezalaxe, tentsio handikoa izan zen, jakin bai baitzekiten galtzen zuenak Pro 2 Mailan jarraituko zuela.

Baionako taldea indartsu zelairatu zen, gogotsu, partida ahalik eta azkarren utzi nahi zuen erabakita, eta xede horrekin zelairatu zen. 22. minuturako 9-3 ari zen irabazten talde lapurtarra. Puntu guztiak Bustos Moyanok lortu zituen, hiru zigor-kolpe gauzatuta.

Kanpokoak ere ez zeuden etsitzeko, eta beste zigor-kolpe bati esker markagailua murriztu ahal izan zuten. Lehen zatia 9-6koarekin amaituko zela zirudienean, Aurilacek gauzatutako entsegua egin zuen 9-13koa lortuz. Hala ere, lehen zatiko azkeneko jokaldian Bustos Moyanok beste zigor bat lortu eta 12-13koarekin joan ziren aldageletara.

Bigarren zatian, Avironek ez zuen hutsik nahi, eta kanpokoak baino gehiago izan ziren. Aurrean sekulako presioa egin zuen talde zuri-urdinak, eta horri esker zigorrak oso leku onean lortu zituen. Bustos Moyanok, atzoko onena, ez zuen hutsik egin, eta denak barrura sartu zituen. Pokik lortutako entsegua ere gauzatu zuen. Orain denek datorren larunbatean Tolosan Top 14rako itzulera ospatzeko ametsa dute.