Andoni ARABAOLAZA
BLOKEA

Mikel Madinabeitiak urrats garrantzitsua egin du

Larraonako «Sorginetxe» (8b+) blokearekin egin berri da 20 urteko arabarra; hain zuzen ere, bosgarren igoeran sinatu du.Zortzi pausu dituen Euskal Herriko lehen 8b+ graduko korapiloarentzat metodo berria asmatu du Madinabeitiak.

Euskal Herrian muturreko zailtasunean ari direnei dagokionez, irakurleari ziur aski Iker Arroitajauregi, Markel eta Ander Mendieta anaiak, Ruben Diaz eta enparauen izenak burura etorriko zaizkio. Bada, badirudi hemendik aurrera Mikel Madinabeitia ere kontuan hartu beharko dugula.

Jakin bagenekien Maeztuko 20 urteko eskalatzailea boulderrean jo eta su dabilela. Baina pasa den hilak 6an erdietsi zuenak ezustean harrapatu gaitu. Izan ere, Larraonako “Sorginetxe” (8b+) egin zuen.

Gogoratu behar dugu Iker Pou izan zela “Sorginetxe” askatu zuen lehena. Hori 2002. urtea amaitzen ari zenean izan zen; abenduaren erdialdean, hain zuzen ere. Pouk lortu zuena handia izan zen oso, garai haietan (duela hamalau urte) 8b+ zailtasuna oso espezialista gutxiren esku baitzegoen. Egun, berriz, blokearen gradua izaten ari den bilakaera kontuan hartzen badugu, Euskal Herrian bederen, ez dira asko (ezta gutxiagorik ere) zailtasun hori egiteko gai direnak. Eta Madinabeitiak urrats garrantzitsu hori egitea lortu du. Gainera, soilik 20 urterekin.

Normala zenez, Pouri kosta egin zitzaion “Sorginetxe” igotzea, baina behin poltsikoan sartu zuenean ulertu genuen zergatik izan zen. Gasteiztarrak 8b+ bezala proposatu zuen. Hots, gradu horretan Euskal Herrian zein Espainiako Estatuan egiten zen gradu horretako lehen proposamena izan zen.

Hamar urte, bai hamar, igaro behar izan ziren Larraonako bloke enblematiko horren bigarren igoera iritsi arte. Ruben Diazen eskutik heldu zen. Ondoren, “Sorginetxe” berak Markel Mendietaren eta Iban Larrionen errepikapenak jaso zituen. Eta, aurreratu dugun bezala, hil honen hasieran Madinabeitia bosgarren igoerarekin egin zen. Eta zalantzarik gabe azpimarratzekoa da Maeztuko eskalatzaile honek soilik 20 urterekin egin duela.

Aipatu dugu ere, hein batean, berri honek ezustean harrapatu gaituela, Madinabeitiak di-da batean egin baitu salto 8b+ gradura. Arabarrak GARAri adierazi dioenez, aurretik hainbat 8a+ eginak zituen: «Onartu behar dut muturreko zailtasunean ez naizela inor. Orain arte, hainbat 8b probatu ditut, eta, batzuk egiteko zorian egon banaiz ere, zerrendan ez daukat bat bera ere. Kontua da ‘Variant’ (8a) igo nuela; hau da, ‘Sorginetxe’ erditik hasita. Eta otu zitzaidan eserita hastea; berez, ‘Sorginetxe’ dena. Larraona etxetik gertu dut, eta bloke hau mitikoa da. Gainera, nire estiloarentzat aproposa denez, probatzen hasi nintzen. Esan behar dut ere bloke hau aurretik egin duten nire lagunek probatzera animatu nindutela. Aholkuak ere eman zizkidaten. ‘Variant’ egina nuenez, horrek eserita hasteko asko lagundu zidan. Pazientziaz hartu nuen; izan ere, orain arteko nire xede gogorrena zen».

Eskalatzaile arabarrak aurreratu digu, azken hilabeteotan Larraonan egon diren baldintzak direla eta, “Sorginetxe” gutxi probatu zuela: «Larraonako egoera ikusita, beste helburu batzuetan murgilduta egon naiz; besteak beste, Baltzolan. ‘Sorginetxe’ gustukoa izateaz gain, nire ezaugarrietarako oso egokia da. Erori handia duen bloke honek soilik zortzi mugimendu ditu; eta guztietan ala guztietan, erregeleta txiki horietan, ondo baino hobeto estutu behar da. Nik metodo berri batekin egin dut, baina helduleku guztiak ez dira aldatzen; hots, berdinak erabili ditut. Metodo berri hori asmatu ondoren, astebete eskasean patrikara sartzea lortu nuen. Uste nuen baino azkarrago egin dut».

«Pribilegiatua»

Arabarrak aipatu duen bezala, “Sorginetxe” beste metodo batekin eskala daiteke. Argibideak Madinabeitiak berak eman dizkigu: «Bloke mitiko horrek helduleku alderantzikatua du. Nire aurretik egin dutenek ezkerrarekin heltzen zuten; nik, aldiz, eskuinarekin. Beste era batera esanda, esku ezberdinak erabili ditugu. Hori da aldatzen den bakarra. Agian, era horretara errazagoa izan daiteke, batez ere garaiera txikia duten eskalatzaileentzat. Metodo berri hori batzuk-batzuk probatu dute, eta adierazi didate graduan nahiko antzekoa dela. Nik zailtasunari buruz ezer gutxi esan dezaket; izan ere, mundu horretan erreferentziarik ez dut. Ez dut uste helduleku hori esku ezberdinekin hartzegatik gradua aldatuko denik, baina batek daki. Nire metodoarekin inork egiten badu bere iritzia eman dezala. Nik argi eta garbi daukana ‘Sorginetxe’ igo egin dudala da, eta horregatik pozarren nago».

Era horretara, Madinabeitia blokearen bosgarren igoerarekin egin da. Eta galdetu diogu “Sorginetxe” bezalako bloke bat egiteak (Euskal Herriko zein Iberiar penintsulako lehena) eta izen handien artean muturra sartzeak zer esaten dion: «Bada, niretzat, pribilegio bat da. Iker, Markel eta enparauak lagunak ditut. Eskalatzaile indartsuak dira, oso fanatikoak, eta niretzat haien ondoan egotea ohore handia da».

Ingurumari honetan, muturreko zailtasun horretako bloke bat 20 urterekin egitea ez da batere ohikoa. Arabarrari lortu berri duenak ezustean harrapatu gaituela esan diogu. Bere erantzuna honako da: «Pixka bat, bai. Kontuan hartu behar duzu bloke hau ez dela morfologikoa, eta, arestian esan dudan bezala, nire estiloarentzat oso aproposa dela. Hori guztia laguntza handia izan da. El Escorialen, adibidez, nire estiloko 8a graduko blokeren bat edo beste egun bakarrean egitea lortu dut. Nik uste dut ia denei gauza bera gertatzen zaigula. Gure estiloko blokeetan ondo jarduten dugu, baina hortik ateratzen garenean buruhauste handiak izaten ditugu. Beste era batera esanda, nire estilokoak ez diren blokeetan ‘pakete’ bat naiz».

Oro har, hori guztia da arabarrak “Sorginetxe”-ri buruz esan diguna. Eta gehitu digu gogor estutzen segituko duela: «Egun beste xede batzuetan sartuta nago. Larraonan, adibidez, gutxi eskalatzen ari naiz; izan ere, bero egiten du. Argi dudana da blokean estutzen jarraituko dudala. Lehen lehietan parte hartzen nuen, baina ezer gutxi. Egun ez dut soka gerrira lotzen, kirol eskaladari ez diot puntua hartu; errespetua eta beldur pixka bat ematen dit. Agian, uda honetan zer edo zer probatuko dut. Blokeak kirol eskalada baino askoz gehiago motibatzen nau».

Argi dago Madinabeitiak blokean gustura jarduten duela, eta esan digu han eta hemen ibiltzen dela: «Baldintza egokiak daudenean, Larraonan asko ibiltzen naiz; hango blokeen estiloa gustuko dut. Mañaria, Baltzola eta Jaizkibelera ere joaten naiz. Eta Euskal Herritik kanpo, Albarracin, Hoyamoros, El Escorial, Targasonne... Gainera, lehen aipatu ditudan lagun indartsu horiekin jarduten dut. Eta asko laguntzen didate. Uste dut egun sasoiko nagoela. Oso motibatua eta eskalatzeko gogo handiekin. Hainbat bidaia egin ditut, eta leku horietan makina bat bloke egiten ari naiz. 8a batzuk egunean ateratzen ari naiz, edo oso saio gutxitan. Bestalde, une honetan buruan ez dut muturreko helburu zehatzik. Soilik eskalatu egin nahi dut. Eta ahal badut, bidaia gehiago egin».