Jokin ETXANIZ
Aspeko teknikaria

Ospatu baina berdin jarraitu

Ospatzeko garaia da, bai Ikerrengatik bai Aspe enpresarengatik ere, aspaldian Lehen Mailako txapelik irabazi gabe ginelako. Lortutakoa oso pozgarria da, baina oinak lurrean izan behar ditugu. Errazena urte askorako txapelduna dugula esatea litzateke, baina Ikerrek berak badaki bide beretik jarraitu behar duela, urtero hor egotea oso zail izango duela. Aurten oso une onean heldu da eta aprobetxatu du, baina bidea zaila da oraindik, binaka ere ikasi beharra dago eta bide horretan elkarrekin arituko gara. Iaz Irujoren aurka Eibarren egin zuen entrenamendu batean erakutsi zigun ze gai dituen, denak, Juan bera ere, harrituta utziz. Bigarren Mailakoa jokatzeko zegoen eta 22-13 galdu zuen, baina Irujo izugarri baten aurka. Hor ikusi genuen inoiz hor gora hel zitekeela, baina inoiz ez hain azkar. Inork ezin zuen halakorik espero.

Finala aztertzen jarrita, iruditzen zait hasiera oso garrantzitsua izan dela. Urrutikoetxea oso ondo ikusten nuen, sotamanoz pilota gozatzen, baina atzetik doanak beti egin behar izaten du lan estra bat eta hori inoiz ez da erraza izaten. Momentu txarrak ere etorri dira, baina Jon Apezetxea oso erne ibili da. Iker albotik sotamanoz asko ari zen, baina ikusarazi dio boleaz min handigoa egiten ziola eta hortik joan da partida. Gainera, jo eta jo ezin zuen aritu eta arriskatzeko esan dio. Bada, Ikerrek bikain egin du, garaipen aparta lortuz.