Maitane ALDANONDO
Bilbo

Tradizioaren eta jatorriaren aldeko apustua eta ez irabaziak lehenetsiz

Clap Shoes abarketa tradizionalak berreskuratzeko xedez LEINN ikasle taldeak sortutako marka da. Azken hilabeteotan eraldaketa prozesu bat jasan du, baina, bide errentagarriagoak aukeratu beharrean, bere filosofiari eustea nahiago izan dute arduradun berriek.

Clap Shoes 2014an sortu zuen Mondragon Unibertsitateko Lidergo Ekintzailea eta Berrikuntza gradua ikasten ari den talde batek. Ikasketetan zehar egiten ari diren proiektuetako bat da, artisau abarketa tradizionalak berreskuratzea eta berritzea ardatz dituena. 3. maila amaitzear zuten ikasleen Igloo elkarteak abiarazi zuen, baina duela bost hilabete horretan jardun diren lau gazteek lekukoa eman zioten taldekide Irene Sierrari eta maila bat beheragoko Tangram elkarteko Lucia Araluzeri. Ardura utzi duen Maialen Ezkurrak azaldu duenez, «zerbait berriaren beharra ikusten zen. Egitasmoa jende berriak hartzea, motibazio, ideia eta ikuspegi berriekin».

Aurrera egiteko nahiak bultzatuta, barrutik ez ezik, kanpotik ere aldatu dute egitasmoa, betiere, esentzia mantenduz. Izan ere, euren filosofia erosleentzat ezkutuan gelditzen zela konturatu ziren. Sierraren hitzetan, «espartinak hemen diseinatu, ekoitzi eta saltzen dituen marka bakarra gara eta ezagutaraztea erabaki genuen». Hori dela eta, markaren izena Clap Basque Espadrilles izatera pasatu da. Gainera, artisau tradizionalen aldeko apustua islatu dute atera berri duten laugarren bilduman. Ezkurrak argitu duenez, «abarketa pare bakoitzak artisau baten izena eta historia ditu. Lotura estutu nahi izan dugu abarketa daraman eta abarketa egin duen pertsonaren artean». Zehazki Josetxo donostiarraren eta Teo bolibartarraren izena eta izana batu dizkiete oinetakoei. Bilduma «sinpleagoa eta klasikoa» bada ere, Sierraren ustez, «balioa ematen dio historiari eta ohore egiten artisauei».

Jatorria eta ohitura ikur dituen produktua izan arren, Internet bidez bakarrik eros daiteke, 25 eurotik 55 eurora bitarteko salneurrian. Dendetan saltzeko asmoa izan dute, baina horrek prezioak igotzera behartuko lituzke, salmenta are gehiago zailduz. Izan ere, Sierrak zehaztu duenez, «jendeari gustatzen zaizkio, politak direla esaten du, baina gero ez du erosten garestiak iruditzen zaizkiolako. Ez da errentagarria».

Gasteizko eta Irungo bi abarketagile tradizionalekin lan egiten dute, saiatu arren, besterik ez baitute aurkitu. Horrek kostuak murriztu eta ekoizpena handitzeko zailtasunak eragiten dizkie, baina beraien filosofiari eustea nahiago izan dute. «Historia oso garrantzitsua da, atzetik zerbait dela transmititzea. Gurea artisautza lana da, hemen egina eta bestelako balioak dituena», gehitu du Araluzek. Bilduma berriaren ekoizpena 130 parera murriztu dute, salmenten arabera zabaltzeko asmoz. Aurreko bildumako 200 bat saldu zituzten, 5.000 euro inguru fakturatuz.

Nahiz eta ekoizpen bide tradizionalak mantendu, berrikuntza ere gehitu nahi diote produktuari, esaterako, materialei dagokienez. Ingalaterran anana azalarekin egindako ehunak espartinetan nola erabili aztertzen ari dira, baita “jantzi adimentsuen” alorreko zenbait aukera ere. Hala nola, pausoak kontatzeko txipak edo hari eroalek. Ikuspegi soziala ere barneratu nahi izan dute. Lehen urrats gisa, oinetakoek daramatzaten marka-etiketak Otzarki elkarteko kideek egin dituzte. Hau da, lana aurkitzeko arazoak dituzten lagunek. Gerora, betiko abarketagintza balioetsi eta ofizioa irakasteko lantegi bat irekitzea dute helburu. Datorren urtean abiarazi nahiko lukete Bilbo inguruan, baina ez dakite epea nahikoa den. «Erronka urtebetean guk edo beste norbaitek proiektua gauzatzea da. Asko gustatuko litzaidake aurrera egin eta norbaitek bertatik bizitzeko aukera izatea; orain ez litzateke posible», aitortu du Sierrak. Lantegia ekoizpena zabaltzeko aukeraz gain, tailerrak, lehiaketak... egin eta balio horiek partekatzen dituztenen topagunea izatea nahi dute.

 

Eginez eta esperimentatuz ikasteko proiektuak

Lidergo Ekintzailea eta Berrikuntza gradu ikasketak ezagutzen ez dituztenentzat arraroa izan daiteke negozio baten ardura esku batetik bestera aldatzea. Ikasleek helburu ekonomiko batzuk lortzeko sortzen dituzte negozioak, jarraipena emanez edo ez, beste ikasle batzuei pasaz edo hauekin partekatuz... Eginez ikastea dute helburu, jakintza hori beste proiektu batzuetan erabili ahal izateko. Tangram elkarteko Lucia Araluzek dioenez, Clap proiektua «mantendu eta iraunkor egitea lan asko egitea eta asko ikastea da. Artisauekin jardun, sozial bilakatu, smart technology-ak sartzea, berritzea... Oinetakoekin esperimentatzea da».M.A.