Maider IANTZI
MAKINA

Tresnen garapena ezin da bereizi beste makina konplexuago batetik: gugandik

Burrunba handi batekin ireki ditu ateak BECek. Tinpanoa puskatzeko moduko oihuek hartu dute lehendakaria. «Urkullu, despierta, el paro está en tu puerta», dei egin diote Arcelorreko langileek. Barrenean, aurreskua eta teknologia txundigarria; kristalaren bestaldean, etorkizuna kolokan duten familiak.

Kontraste handi hori izan da 29. Makina-erremintaren Biurtekoa bisitatzean sumatu dugun lehendabiziko gauza. Lantegia itxi dieten Zumarragako langileak protesta bizian, baita UTE TMB Arraiz Bizkaiko hiri hondakin solidoen birziklapeneko enpresakoak ere, instituzioetako ordezkariak iristen diren bitartean, tartean Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusia eta Juan Mari Aburto Bilboko alkatea. Arantza Tapia Ekonomia sailburuak ez du irribarrerik galdu eta Iñigo Urkullu lehendakariari gainera etorri zaizkio hamaika kamera. Arcelorreko langileek beren eskaerak egin dizkiote.

Atea zeharkatu, eta bost pabiloi eta erdi zabal den erakustazokan barneratu gara. 2.605 produktu, 27 estatutako 1.533 enpresa, tamaina handiko 1.163 makina martxan, 6.751 langile erakusmahaietan... Aurtengo nobedadea ADDIT3D fabrikazio gehigarriaren eta 3D inprimaketaren azoka da, hirugarren pabiloian ireki dena.

Pieza bakarrak

Azkenaldian aunitz ikusten dira 3D inprimagailuak. Gero eta gehiago erabiltzen dira, abantaila handiak dituztelako. Lan egiteko modua iraultzen dute: orain arte materiala kendu izan bada piezak egiteko, sistema honekin kapaz kapa eraikitzen dira nahi diren formak. Metalezko objektuak, plastiko, zeramika, kristal eta legarrezkoak... Kataluniatik etorritako Asorsad Reverse Engineering Experts etxeko Hector Rourak esplikatu digun bezala, makina hauek etengabe ari dira aurreratzen eta azkenean material mota guztiak inprimatzen ahalko dira.

Onuren artean, pieza bakarrak egitea eta ohiko fabrikazioa baino merkeagoa izatea aipatu dizkigu. Hainbat arlotan aplikatzea ere bai: aeronautika, automozioa, artea eta ondarea, hezkuntza, medikuntza, kontsumo produktuak... Desabantailak ere baditu: «Oraindik ez du sail luzeak egiteko aukerarik ematen, molde batekin bezala».

Bartzelonako komertzialak azaldu digu beti izaten dituztela aldez aurretik lotutako zitak. Horrez gain, kontatu digu erakustazokak sektoreko jende ugari ekartzen duela, bidaia aunitz aurrezten direlako. Italia, Estatu frantsesa, Alemania, Portugal, Taiwan... Hainbat herritako makinak ikus daitezke bisitaldi bakarrean. Horrek, Rouraren arabera, konpetentzia aztertzeko aukera ematen die bisitariei. Badira gauza zehatzak nahi dituztenak, eta soluzioak bilatzen dituztenak ere bai. Agian ez zuten espero, baina 3D inprimagailuek fabrikazioan lagun diezaieketela deskubritzen dute.

Normalean, feriak irauten dituen bost egunetan, egun osoan egoten dira komertzialak beren postuetan. «Jendea bere komertzialarengana doa. ‘Peperekin hitz egin nahi dut’ esaten du. ‘Ni Peperekin konpontzen naiz’. Horregatik egon behar da».

Urte osoa munduan barna

Alemaniako Lilienthal hiritik datoz Marcela Conde eta Frank Murken. Laster 70 urte beteko dituen eta hazte prozesuan den Nabertherm familia konpainiakoak dira. Industria labeak garatu eta ekoizten ditu, urtean 7.000.

Pila bat bidaiatzen dute, urtero 80 erakustazokatan parte hartzen baitute. «Australian izan ezik, kontinente guztietan egon gara. Jendea hurbiltzen zaigu eta egiten duguna esplikatzen diegu. Gonbidatutako bezeroak ere izaten ditugu».

Agertu dutenez, 3Dn inprimatzen diren metalak “estresatuta” ateratzen dira, hau da, hautsi egiten dira. Horregatik, kasurik gehienetan, inprimaketa bukatu ondotik objektu hauek tratamendu bat behar izaten dute. Naberthermek ematen duen soluzioa berotze tratamendu bat da.

Madrildik etorritako Rosaren enpresak izen polita du: Printed Dreams. Amestutako guztia inprima daitekeela irudikatzen du. «Zerbitzu enpresa bat da, eta gure balio erantsia da ez garela fabrikatzaileak –hasi zaigu azaltzen–. Espezializazioa eta aholkularitza dira desberdintzen gaituzten elementu nagusiak».

E-mailak idazten dizkiete bezeroek eskuratu nahi duten ekiporako aholkularitza eskatuz. Batez ere funtzionamenduaz galdetzen dute. Rosaren hitzetan, teknologia honen abantaila da zure ideiak sor ditzakezula azkar eta merke, eta merkatura atera feed-backa jasotzeko. Mahai gainean dituen askotariko objektuak eskuetan hartuz –betaurrekoak, pilota bat, hortz inplanteak...– agertu du elementu fisiko baten aitzinean segituan erreakzionatzen dela.

Eskua emanez hasten dira harremanak. Eskua emanez ireki bideak eta itxi tratuak. Eta, hemen ere, mahai inguruan egiten dira negozioak. Stand ugarik kafetegia ere badute eta patata eta gaileta goxoak jaten dituzte koadernoan edo tabletean apunteak hartzen dituzten bitartean. Barra batean urdaiazpiko bat ere ikusi dugu.

Roboten txundidura

Kamera lepoan hartuta dabiltza aunitz standez stand kuxkuxean. Balizko bezeroez gain, kuriositatez hurbiltzen denik ere bada, 3D inprimaketaren kontu hau berria delako, Ermuko Sergio Martinek komentatu duenez. Stratasys etxekoa da eta lehendabiziko aldia du azokan.

Inprimagailu hauez aparte, txundidura handia sortzen dute robotek. Pasilloan barna irribarrea atera digu ura eskainiz hurbildu zaigun robotak. Honek ez, baina inguruan zituen pertsona zaintzaileek barrez erantzun digute. Kuka-ren standean, aldiz, robot batek ateratako laranja zukua edan dugu.

Barra ertzera gerturatu, eta mugimendu txikiak eginez agurtu gaitu beso baten forma duen makinak. Jarraian laranjak zukutzeko aparatuaren azpian jarri du pitxerra eta zukuz bete du. Plataforma borobil bat dago barraren gainean eta horrantz zuzendu da; ez dago edalontzirik eta robota konturatu da, ezezko keinua eginez adierazi du. Edalontzia jarri eta zukua zerbitzatu digu. «Ze graziosoa! Ze sinpatikoa!» komentatzen dute bezeroek irriz.

Desmasa.com moto tailer automatikoa da. Argazkiak ateratzen ari dira motxiladun gazteak, harrituta. Makinek egiten dute dena.

8 ordu lanean, 8 gozatzen

Daniel Oprisan eta Jenny Aviles bikotea dira argazki kamera hartuta bueltaka dabiltzanetako batzuk. Azpeititik datoz. Danielek mekanikako mantenimendua du ogibide, bere arloa da, eta «egunean egotea» gustatzen zaio, «munduan dagoena» ezagutzea. «Iruditzen zait oso inportantea dela herrialde batek edo eskualde batek industria izatea. Desindustrializazioa ikusi dut eta oso txarra da. Niretzat, makineria ikustea plazera da».

Argi utzi nahi izan du efizientzia handitzeak ez duela langileen eskubideak murriztea erran nahi. «Makinak besterik ez dira eta langileen espezializazio handia eta serioa eskatzen dute. Gelditu ezin den joera bat da eta egokitu egin behar dugu, baina aldi berean pertsona bezala garatu behar dugu», defendatu du.

Gogoeta bat konpartitu nahi izan du gurekin: «Gure arbasoek 12-14 ordu egiten zituzten lan eta bizkarra puskatzen zuten. Gaur, 8 ordu lan egin ditzakegu eta beste 8 gozatu». Aukera hori egonda, zergatik ez da bada hala egiten? Bere ustez, hor dago borroka eta langileek elkar hartuta egin behar dute bidea.

Erantsi du urtetik urtera automatizatuago ikusten duela azoka, baina ezin dela bereizi makinen garapena bertze makina konplexuago baten garapenetik, hau da, guretik. Kanpoan, Arcelor Mittaleko langileek ematen digute horren adibidea.

«Makinen garapenak lanpostuen galera ekar dezake, bai, baina langile espezializatuak ere behar dira». Alde horretatik itxaropentsu begiratzen dio etorkizunari Danielek. Dioenez, ez da erraza makineria mantentzea. Maitasunez tratatu behar da.