Jon LEUNDA
Elkarrizketa
IñIGO RODRIGUEZ
SD LOGROÑES TALDEKO FUTBOLARIA

«Futbolean aukera asko daude, eta atzera begira egotea alferrikakoa da»

Zubietan ohikoak diren zaleek gogoan izango dute Iñigo Rodriguez aurrelaria. Hernaniarrak gaur egun SD Logroñes taldean jokatzen du, eta denboraldi bikaina ari da osatzen, nahiz eta hiru hilabete geldirik egon behar izan duen lesio bat dela medio. Igoera fasean jokalari garrantzitsua izango da, duen maila agerian geratzen baita jokatzen duen bakoitzean. Bigarren B Mailara igotzea du helburua.

Iñigo Rodriguez hernaniarra SD Logroñesen ari da jokatzen. Bigarren urtea du Logroñoko taldean, eta Hirugarren Mailan ari da lehiatzen. Aurretik UD Logroñesen ere jokatu zuen, eta Errioxako hiriburuko bi talde nagusietan aritutako jokalari bakarrenetakoa da. Aurretik, ordea, Realeko, Athleticeko eta Sportingeko harrobietan ere aritu da, nahiz eta oraindik 25 urte besterik ez dituen. Amorebietan ere jokatu zuen denboraldi bat Bigarren B Mailan.

 

Nola zabiltza Logroño aldean?

Oso gustura. Nire neska-laguna hemengoa da, kuadrilla ere egin dut Logroñon, eta etxetik ordu eta erdi eskasera nago, beraz ahal dudanean Hernanira joateko arazorik ez dut. Oso pozik nago Logroñon bizitzen. Leku ona da hau, lasaia, eta etxetik gertu. Ez nago kexatzeko moduan.

 

Kirol arloan nolakoa ari da izaten denboraldia?

Oso ongi hasi nintzen, maila ona eman nuen, baina gero lesio bat izan nuen, eta bi hilabete egon behar izan nuen ezer egin gabe, eta hori orain nabari dut. Osatu naizenean berriro ere jokatzen hasi naiz, baina erritmo hori falta zait. Orain Bigarren B Mailarako igoera fasea jokatzen ari gara, eta intentsitate handiko partidak izaten dira horiek. Hor nabaritzen dut erritmo falta hori, baina berehala berreskuratzea espero dut.

 

SD Logroñes taldearen helburu bakarra igotzea al da?

Bai, hasieratik garbi izan dugu hori. Igoera faseko kanporaketak jokatzen ari gara, eta igo egin nahi dugu. Lehen kanporaketan Constancia kanporatu dugu, baina hori pasatu dugu. Orain Palencia taldearen aurka jokatu behar dugu, eta oso itxaropentsu gaude.

 

Bi «logroñesetan» aritu den jokalari bakarrenetakoa izanda, nola bizi duzu hori?

Inongo arazorik gabe, naturaltasun osoarekin. Ni UD Logroñesera etorri nintzen, eta han urte bat egin nuen, eta oso gustura egon nintzen han jokatzen. Gero SD Logroñeseko aukera etorri zen, eta hemen bi urte daramatzat, eta hemen ere oso gustura nago. Bi taldeetako jokalarien artean ez dago inongo arazorik. Hirian egon daitezke batzuen eta besteen aldekoak, baina ez dago liskarrik. Batzuen ustez, batu egin beharko lirateke, klub indartsu bat egiteko, besteek beste era batera pentsatzen dute, baina ez dut aparteko arazorik ikusten. Biok, gainera, etxeko partidak Las Gaunasen jokatzen ditugu, eta nik behintzat, ez dut aparteko ezer ikusten.

 

Zu Athleticen, Realaren eta Sportingen harrobietan aritu zara jokatzen. Nola oroitzen dituzu denboraldi horiek?

Oso pozik ekartzen ditut gogora, oso une politak izan ziren haiek. Athleticera oso gaztea nintzela joan nintzen. Bilbon familia batekin egon nintzen, eta oso urte polita izan zen, zentzu guztietan. Errege baten pare tratatu ninduten, ez dut inoiz urte hura ahaztuko. Sportingen denboraldi bat egin nuen, eta ongi egon nintzen, baina oso gutxi jokatu nuen, eta azkenean jokalari batek jokatu egin nahi du, eta han gutxi jokatu nuen, ez nuen aukerarik izan. Realean eman ditut urterik gehien, eta han ere oso gustura aritu nintzen. Sanseraino iritsi nintzen, eta oso urte onak izan ziren. Azkenean Reala zen etxeko taldea, denok jokatu nahi genuena, eta hango denboraldiak ere oso gogoangarriak izan ziren, oso politak.

 

Lehen Mailan jokatzetik horren gertu egonda, zer falta izan zaizu azkeneko pauso hori eman, eta harrobietan aritu zaren lehen talde horietara iristeko?

Ez dakit, ez da erraza jakitea, eta saiatzen naiz buelta gehiegi ez ematen, ez du-eta merezi. Azkenean talde horietan zaudenean gertu ikusten duzu lehen talderako jauzi hori, baina aldi berean oso zaila ere bai. Jokalari asko gaude helburu berarekin, amets berarekin lanean, baina hortik gutxi batzuek lortzen dute ate hori gurutzatzea, eta asko kanpoan geratzen gara, eta nik ezin izan dut hori lortu. Dena dela, talde horietan ez da amaitzen futbola, ezta bizitza ere. Une honetan Logroñon nago eta oso gustura. Amorebietan ere egin nuen denboraldi bat, eta han ere oso gustura aritu nintzen. Futbolak aukera asko ematen ditu, eta atzera begira egotea alferrikakoa da.