Amaia U. LASAGABASTER
Emakumezkoen futbola

«Tentazio handia da, baina ez ditugu kontuak egiten»

Titulua gero eta gertuago izan arren, Irene Paredesek «partidaz partidaren» filosofiari eusten dio.

Larunbat biribila ospatu zuen Athleticek. Are gehiago, Irene Paredesek. Lesiotik itzuli eta lehen partida osoa jokatu, eta taldea sailkapenaren lehen postuan mantentzen duen garaipenaren gola sartu zuen. Asteburuak ez zion «biribiltasunari» eutsi, Bartzelonak ere irabazi baitzuen. Liga lortzeko lehia bizi-bizirik dago, beraz.

Baina jaiegunak ospakizunetan emateko argudioak izan dituzte zuri-gorriek. Cerro del Espinoko garaitzak denboraldiko lehen saria ekarri zien, Championserako txartela ziurtatzea, eta, batez ere, lidergoari eustea ahalbidetu zielako. Ordena horretan, Paredesen esanetan, «helburua txapelketa baita. Oso pozik gaude Championsera sailkatzearekin ere, dudarik ez, taldeak urte asko baitaramatza Europan jokatu barik eta sekulako lehiaketa polita delako. Baina poz handiena lehen postua mantentzeak eman zigun». Alde horretatik, denboraldia dagoeneko arrakasta itzeltzat har daitekeela onartu arren, atzelari gipuzkoarrak nahiago du «balorazioak hemendik bi astera egin. Ados nago, denboraldia oso ona izaten ari da, eta egia da ere azken partida hauetan emaitza txarrak lortuz gero ikuspegia kutsa daitekeela; denboraldiak ona izaten jarraituko lukeen arren, balorazioa guztiz desberdina izango litzateke. Bidezkoena ez da, akaso, baina futbola horrelakoa da». Azpimarra ere egin du: «Une honetan gure ardura bakarra ondo amaitzea da, ikuspegia ez ‘kutsatzea’. Are gehiago, gure ardura bakarra hurrengo partida aurrera ateratzea da. Eta gero, gerokoak».

Ez da gutxi. Izan ere, hurrengo jardunaldia ere ospakizunekin amaitu daiteke, Athleticek Oviedo Moderno (larunbata, 18.00, Lezama) gainditu ondoren Bartzelonak Atleticoren aurrean (igandea, 12.00, Joan Gamper) galtzen badu, titulua matematikoki bizkaitarrentzat izango baita. «Nahiago nuke», dio Paredesek irribarretsu, baina, sekulako ahaleginaz bada ere, ez da kontuak egiteko tentazioan erortzen. «Helduko da ospatzeko unea; hala espero dugu, baina denboraldi osoan egin duguna egiten jarraitu behar dugu». Hau da, «aurrera begira beti, baina epe motzera, hurrengo partidara. Partida bakoitza final bat bezala ikusi, halakoak baitira. Eta orain arte ikusten ari garenez, geurea eginez gero, dena ondo joango da. Irabazi eta presioa sartzen diogula Bartzelonari? Atleticok mesedea egiten digula? Askoz hobeto, baina guk gurean pentsatu behar dugu».

Esatea egitea baino errazagoa dela aitortu du jokalari legazpiarrak. «Kontuak ez ateratzea, amets ez egitea, ez pentsatzea... Hori ere ez litzateke normala izango. Baina benetan esaten dizut oso zentratuta gaudela. Beharbada, azken urteotan izan ditugun esperientzia txarrengatik edo, denboraldi osoa horrela daramagunez partida guztiak irabazi beharrak sortzen duen presioa kudeatzen ikasi dugulako, baina errealitatea da partida bakarrean pentsatzen ohitu garela. Eta partida irabazi behar dugula pentsatu baino, partida irabazteko zer egin behar dugun lantzeaz arduratzen gara».

Ilusioa

Horregatik guztiagatik, ziur aski, Paredesek ilusioa sumatzen du aldagelan, urduritasuna baino. «Kontziente gara zer dagoen jokoan, ze zaila izan den honaino iristea eta ze zaila den, motza bada ere, aurretik daukagun bidea. Baina nik ez dut jendea urduri ikusten. Ilusioa, berriz, sekulakoa da».

Eta burua amaierara arte fresko eta garbi mantentzea espero du, argi baitauka azken bi jardunaldietan Athletic bera izan daitekeela bere aurkari nagusia. «Oviedo eta Teneriferi errespetu osoa izanda, beraiek ere jokatzen dutelako eta partidak jokatu aurretik ez direlako irabazten, baina argi daukat, gure aukera den bezala, gure erantzukizuna dela partida horietan gertatzen dena. Inoiz baino garrantzitsuagoa izango da buruan partida besterik ez izatea eta gure lana eta jokoa egiteko kapazak izatea. Gure esku dago».