Haritz Larrañaga Altuna
Zarautz
Elkarrizketa
LORE EIZAGIRRE ERGUIN
GIPUZKOAKO SURF FEDERAZIOKO IDAZKARIA

«Ulertu behar da errendimendua sustatzeko abiapuntua aisia dela»

Lore Eizagirre Erguin oso ezaguna da surf munduan. Urte askoan lehiaketa munduan aritu da eta txapel andana eskuratutakoa da. Orain Gipuzkoako Surf Federazioan dabil idazkari eta bertatik emakumeen artean surfa sustatu eta zabaltzeko lanean ari da. Orain dela bi urte martxan jarri zen Emakumea Surflari proiektuko zuzendaria da. Egitasmo honen nondik norakoen berri eman digu zarauztarrak.

Lore Eizagirre, Gipuzkoako Surf Federazioko kidea, Emakumea Surflari proiektu aitzindariaren sortzaileetako bat da. Berarekin izan gara solasean eta emakumeen surfa zertan den azaldu digu.

Nola eta zergatik sortu zen Emakumea Surflari proiektua?

Martxan 2014an jarri bazen ere, proiektuari bueltak ematen aspaldi hasi ginen. Orain dela lau urte gure federatuen artean egoera zein zen aztertzeari ekin genion eta bi multzo nagusi bereizi genituen. Batetik, kirol errendimenduak biltzen duen jendea dago, lehiaketan aritzen dena, eta beste multzoa, gehiengoak osatzen duena, aisiarekin lotua dago.

Horren ostean, multzo bakoitza adinaren arabera sailkatu genuen; alegia eskola kirola, gaztaroa eta helduaroa. Emakume mailan zahartzaroa osatzeko multzo nahikorik ez dago oraindik, goizegi da, baina egunen baten hori ere etorriko da.

Gero, taula moduko bat osatu genuen eta aipaturiko faktoreei hastapena, aisia eta jarraipena gehitu genien. Taula horretatik profil desberdinak atera genituen eta konturatu ginen federazioak egiten zuen eskaintza gehienbat errendimendura bideratua zegoela. Hor datu interesgarri bat ikusi genuen, lehiaketan aritzen ziren nesken kasuan 23 urtetik gora oso gutxik jarraitzen zuela lehiatzen. Datu hori urte askotan errepikatu zen.

Horrez gain, konturatu ginen nesken lehiaketan belaunaldien arteko erreleboa ez zela jarraian zetorren belaunaldiarekin gertatzen, bi belaunaldi atzeragoko neskekin baizik, eta ondorioz txandetan puntako neskak zeuden eta horiekin lehian tarte handiarekin, askoz ere gazteagoak ziren surflariak zeuden.

Beraz, zera pentsatu genuen, tarteko belaunaldiak piztu behar zirela, baina puntako surflariak hor mantentzeko ere zerbait egin behar zela ere ikusten genuen.

¿Nola egin puntako zein tarteko surflariak bultzatzeko?

Puntu honetara iritsita, gainditu beharreko oztopo bat identifikatu genuen. Alegia, ez dira berdinak mutilek eta neskek irabazten dituzten sariak. Mutil batek 800 euro irabazten baditu eta neska batek 200, diru kopuruaz aparte ematen zaion garrantziaren adierazle ere bada, ez du balio bera txapel batek eta besteak. Modu horretan, neskak beti bigarren mailako irabazleak ziren; beraz, zentzu horretan aldaketa bat gertatu behar zela konturatu ginen, zeren bestela neskek lehiatzeko motibazioa gal zezaketen eta justu horixe zen ekidin nahi genuena.

Aldaketarik izan da mutilen zein nesken sariei dagokienez?

Babesleek bi aitzakia jartzen zituzten neskak mutilen pare ez jartzeko. Batetik, lehiakide gutxi zeudela eta, bestetik, nesken maila eskasa zela. Lehen puntuarekin ados geunden eta horregatik hasi ginen neskak surf egitera gerturatzeko federaziotik zer eskain genezakeen hausnartzen.

Nesken mailari dagokionez, ordea, ez da egia maila eskasa dagoenik. Ikusi besterik ez dago Pro Juniorretan hemengo neskek lortu dituzten emaitzak. QS mailan oraindik hastapenetan daude, hori egia da, baina hori jada mundu mailan aritzea da eta neskak gogor ari dira lanean.

Bi urteko ibilbidea egin behar izan dugu txapelketetan neskek zein mutilek sari berdinak izan ditzaten, baina bai, hori behintzat lortu da.

Nola egin urautsian nesken presentzia handitzeko?

Lehenik eta behin, nesken artean profil desberdinak sortu behar dira; batzuk lehiatuko dira, besteak ez, beste batzuk tarteka arituko dira surfean, baina multzoa handitzeko oso garrantzitsua da neskek ulertzea eredu bakar bat ez dagoela, zeren orain artean horrela izan dela esan daiteke.

Surfa haien bizitzetan “sartu” behar da, bakoitzak ikus dezala nola egin nahi duen, baina surfa aukeren artean jartzen bada eta norberaren bizitzan osagai bat gehiago bilakatzen bada, ziur nago surf egiten duten nesken multzoa handitu egingo dela eta horrela belaunaldien arteko erreleboa bermatu ahal izango dela. Hori da Emakumea Surflari proiektuaren eginbehar nagusia, bestelako ereduak badirela sinetsarazi eta neskak surf egitera erakartzea.

Baina nola egin neskak surfera erakartzeko?

Edozein modutan, baina surf egitea, hori da klabea. Surf egiteko elkartu, neskak eroso sentituko diren eremu bat eraiki eta itsasoratu, batez ere itsasoratu eta surf egin, mailari garrantzia handirik eman gabe.

Bitxia da, baina momentu batean surf entrenamenduetako eredua guzti hau sustatzeko bitarteko egokia izan zitekeela pentsatzen hasi ginen. Hortik ez ziren zuzenean txapelketetan lehian arituko ziren surflariak aterako, baina epe luzera nesken multzoa handitzen eta lehiaketan parte hartzen lagun zezakeen eredua izan zitekeela pentsatu genuen.

Lehiaketa bitarteko gisa ulertu behar da, lehiaketa bera helburu izan gabe, zeren proiektu honetan aisia oinarri hartzen da, baina era berean errendimendua sustatzen da.

Nola jarri zenuten entrenamendu eredua martxan?

Hastapen surf ikastaroekin hasi ginen, baina pixkanaka mailaren arabera surflariak multzoka sailkatzen hasi ginen, eta horrela, mailaren arabera entrenamendu modukoak egiteari ekin genion. Bakoitzari dagokion maila eta nahiaren araberako eskaintza egiten saiatu ginen. Paradoxikoki, neskak surf mailaren arabera sailkatzeak, banandu baino, profil desberdinen sorreran lagundu du, baita multzo gisa handitzen ere.

Zer nolako erantzuna izan du proiektuak?

Lehenik topaketa bat egin genuen, 2014ko uztailaren 5ean izan zen Zarautzen eta EMAK Emakume Kirolarien Taldearen laguntza izan genuen. EMAK Donostian lan egiten duen talde bat da, baina lehen urratsa egiten lagundu zigun.

18 urtetik gorako edozein emakumerentzat irekia zegoen gonbidapena egin genuen eta lehen saio hartan 45 neska inguru agertu ziren. Gehienak hastapen ikastaroa egitera etorri ziren, baina aurrera egiteko aukera zabala zegoela ikusi genuen. Jarraipena irailean eman genion; zazpi asteko ikastaroa antolatu genuen, astean egun bat, eta 30 neskak hartu zuten parte; beraz, bigarren deialdiak ere arrakasta itzela izan zuen.

Aldaketarik nabaritu duzu Emakumea Surflari proiektua martxan jarri zenetik?

Hasteko, federatuen kopuruak gora egin duela esan daiteke, zeren parte hartzeko baldintza bakarra hori da, federatzea alegia, eta ondorioz nesken presentzia federatuen artean lehen baino handiagoa da.

Maila orokorra igotzeko urteak behar diren arren, parte hartzaileen artean surf mailak nabarmen gora egin duela uste dut. Esate baterako, mailaren arabera banatutako multzoak egin genituen, eta adibidez, lehen A multzoan ziren batzuek B multzora pasatzea lortu dute eta B multzoko batzuek D multzora; alegia, mailaz igo dira. Bakoitza bere erritmoan doa, baina orokorrean maila gorantz doa. Gainera, jendea errepikatzen ari da; beraz, surfak gero eta presentzia handiago du beren bizitzetan.

Ekimenaz aparteko beste ekimen batzuk ere atera dira. Iaz Marokora surf egitera joateko elkartu ziren hamahiru parte hartzaile. Entrenamendu saio baten ostean atera zen ideia eta azkenean gorputza hartu zuen.

Aurten, lehen aldiz euskal zirkuituan sariak berdindu egin dira eta lehiaketa egiteko lekuak ere berdinak izango dira nesken zein mutilen kasuan. Lehen egiten zen Nesken Surf Biltzarra ere indartu egin da. Iaz lehiaketa eredua aldatu eta parte hartzea erraztearren taldekako lehiaketa egin zen. Horrez gain, tailer eta hitzaldiak ere antolatu ditugu eta erantzun zabala izan da. Beraz, bai, aldaketa batzuk gertatu direla esango nuke.

Aurrera begira zein helburu dituzue?

Euskal zirkuitua indartsu dago. Momentu honetan ongi dabiltzanak lehiatzen jarraitu ahal izateko giroa eta motibazioa badago. Horiek jarraitzen badute eta atzetik datozenekin elkartzen badira, multzoa forma hartzen hasiko da. Bestalde, txapelketa eredu desberdinekin jende gehiago erakar daitekeela ikusi da; beraz, bi bideak jorratu behar dira, zeren parte hartzea handitzeak puntako lehian ere eragiten duela agerian geratu da.

Hala, modu taktiko batean lehen helburua parte hartzea handitu eta ondorioz belaunaldien arteko erreleboa bermatzea da. Estrategikoki, ordea, eman beharreko pausoa buruan dago, gauzak ulertzeko moduan. Surfean ere eredu desberdinak badirela erakutsi behar dugu, guztia ez dela goi mailako lehiaketa, alderantziz, goi mailan eragiteko behean, oinarrian, lan egin behar dela, eta abiapuntua aisian dagoela eta ez lehiaketan.

Zarautz eta Donostiatik atera eta Gipuzkoako beste hondartza batzuetara zabaltzeko asmoa ere badugu, orain artean egin ditugun ekimen guztiak bi herri hauetara mugatu baitira.

Interesgarria litzateke Bizkaian ere antzeko zerbait egiten hasiko balira. Gure laguntza izango lukete dudarik gabe, ahal dugun guztian laguntzeko prest gaude, baina beraiei dagokie beren eremuan zer eta nola egin erabakitzea. Laguntzeko prest gaude, baina ezin dugu haien lana egin.