2016/06/18

OIER GUILLAN
SORTZAILEA

Antzezlea, idazlea, poeta, dramaturgoa... Sorkuntzaren hainbat alorretan ibilia da Oier Guillan eta orain «Mr. Señora» (Txalaparta) argitalpenean zazpi antzerki obra bildu eta liburuari izena ematen dion antzezlanaren irakurketa dramatizatua eskaintzen ari da Metrokoadroka kolektiboarekin.

«Arreta zenbait puntutan jartzea deserosoa da, baina, bestela, zertarako sortu?»
Amalur ARTOLA|ERRENTERIA
0618_kul_guillanaper

Kezka batetik abiatzen da «Mr. Señora».

Testuak idazterako orduan oso intuitiboa naiz eta, gogoeta arrazoitu bat baino gehiago, “Mr Señora”-ren idazketaren oinarrian intuizio, sentsazio edo sentipen bat dagoela uste dut: nik bizi izan ditudan zenbait egoeratan oso lagungarria izan zait armairutik ateratzearen ideia eta, nolabait, kristoren maitasuna sentitu izan dut armairutik ateratzearen ideia jendarteratu duten kolektiboekiko, sentipena baitut kolektibo horien borrokatik ideia eta baliabide asko geratu zaizkigula jendarte osoarentzat. Ezagutzen ez dudanaz ezin dut hitz egin eta, orduan, neure buruari galdetu nion nola sentitu izan naizen nire bizitzan armairutik ateratzea tokatu zaidanean. “Mr. Señora”-k bukatu du izaten begiratuak sentitzen diren gorputzei buruzko gogoeta bat, biluztearen aldeko aldarri bat eta nolabaiteko esker oneko maitasun deklarazio bat armairutik atera den jende horri guztiari. Uste dut inpulso hori bizitzako terreno askotara eraman daitekeela.

«Jaun, andere, jaundere eta ez bata ez besteok» esanez abiatzen da testua. Genero erabilerak arduratzen zaitu.

Bai. Nire egunerokotasunean txertatua sentitzen dudan gai edo gatazka bat da, eta asko gustatzen zait horretan sartzea konturatzen naizelako niregan eta ingurukoengan erreakzio bat sortzen duela: ezerosotasuna. Ideiak aldarrikatzea baino gehiago interesatzen zait ideien arteko talkak egotea, mugimendua. Masaje bat ematean bezala: hatzak jartzean min ematen dizuten puntuak daude, eta hor eragitea behar duzu min hori desagertu dadin. Iruditzen zait badaudela jendarte honetan hatza sartu beharreko puntuak, horrek mina sortzen duelako, baina baita lasaitu bat ere. Generoaren rolak deseraikitzea, esan dezagun, berreraiki daitezen.

Gorputza oso presente dago zure obran. Intuizioz hori ere edo erabaki hausnartua izan da?

Egia da ez dudala hainbeste pentsatzen gauza hauetan idazteko orduan, diskurtsoak gerora datozela gehienetan, eta gorputzarena... Lagun batek esan zidan behin agian antzerkitik natorrelako dela: gorputza da gure lanabesa eta sormena askotan gorputzetik dator, inprobisaziotik, irudi fisikoetatik. Idaztera esertzerakoan, nonbait txertatua daramadan zerbait da. Bestetik, genero gaiekin lotuta gorputza borroka eremua da gaur egun, oso interesgarria iruditzen zaidana.

Irati Jimenezi autore feminista bategatik galdetu ziotenean zure izena eman zuela esan zuen Txalapartako editoreak «Mr. Señora»-ren aurkezpenean. Zer pentsatu emango zizun...

Ez nekien ezer, eta entzun nuenean nire lehen sentsazioa harridurazkoa izan zen; esker onez jaso nuen, baina niri ez zitzaidan sekula bururatuko nire burua idazle feminista bezala aurkeztea. Handiegia iruditzen zait. Ni ahalegintzen naiz ahalik eta modu zintzoenean, eta ez da erraza izaten, islatzen nik sentitzen ditudan gauza batzuk, antzerkian lan egitean ikusten ditudanak, kalean sentitzen ditudanak... Ez da ni gai batzuen bila joaten naizela, baizik eta horiek nigan daude jada eta zer edo zer sortzen dudanean azaleratu egiten dira modu natural batean. Feminismoa ez zait arrotza egiten, are gehiago, bat egiten dut eta asko interesatzen zait eta, segur aski, oso nirea sentitzen dut.

Begiradak ere oso presente daude, batez ere nork bere buruari zuzentzen dizkionak.

Denok ditugu gure ideiak eta nireak ez dute zertan hobeak izan, nireak dira eta lixto, baina konpartitzean nolabaiteko ispilu bilaka daitezke norberak bere gogoeta egiteko. Hori da ideala, lehen esandako ideia talka eta mugimendua. Nik neuk, sormen lan batean sartzen naizenean, nire barrura begiratzen dut eta horrek eragin bat du nigan, ez da bera hasieran nintzena eta amaitzean naizena. Antzerkian berbera gertatzen da, emanaldia publikoaren begiradari esker aldatzen da: ez da berdin estreinaldia edo azken emanaldia, eta hori liburuekin faltan botatzen dut: testuak ezin du eboluzionatu, estankatua geratzen da.

Metrokoadrokarekin taularatu duzue. Ze harrera izan du?

Bakarrizketa bezala planteatua badago ere lau ahotsetan egin dugu. Hor ikusten da gu geu ere testuaren kontra joan garela. Antzerkia baino errezitaldia da gehiago, baina performancearen munduarekiko interes handia dugu eta horren ukitu bat ere badu, terreno interesgarri batera eramaten duena. Zentzu horretan, ez ginen espektazio handiarekin joan, eta gure sorpresa izan zen harrera oso ona izan duela.

Hitzaurrea Ainara Gurrutxagak egin dizu. Kultur eredu jakin bat hozkailu erraldoi gisa irudikatzen du berak. Hozkailuak ikusten dituzu zuk ere?

Gu Metrokoadrokakoak gara, eta, Mikelazuloren bidez, harreman estuan gaude Dejabu, Rouge Elea, JB Pedradas, Ttak Teatroa… Elkar babestu eta lan egiten dugu kreatiboki eta pertsonalki, oso esparru zaila tokatu zaigulako: nahasten da biziraupena zure apustu ideologikoekin, instituzioen babesetik umezurtz gaude, eta babes hori teatrero eta titiriteroen familiatik datorkigu. Askotan, aurrera egiteko topatzen dugun modu bakarra kontraesanak onartzea da, eta baita aldarrikatzea ere.

Ainarak hori oso ongi erreflejatzen du hozkailuaren sentsazioarekin. Bera Dejabukoa da, Mikelazulokoa, eta hitzaurrearekin, asko pentsarazi dit, puntu batzuetan harritu ere egin nau.

Adibidez?

Adibidez, metafora horrekin. Oso ausarta iruditu zait, ez delako metafora idealista bat, zeinean esaten dugun «gu hemen gaude eta ‘la ostia’ gara». Ez. Abiatzen da guk denok dugun barne gatazka, kontraesan eta borroka horretatik, zeinarentzat ez daukagun soluziorik, ez bada aurrera jarraitzea elkarrekin. Teatroko jende askok esan dit ukituta geratu dela metaforarekin. Arreta zenbait puntutan jartzea deserosoa da guretzat ere, baina, bestela, zertarako sortu?

Egon zara Tabakaleran?

Inaugurazioan egon nintzen, errebotez, lagun batzuek pieza bat egiten zutelako eta, egia esan, ez naiz bueltatu... Zergatik galdetzen didazu? [barreak].

Ainararen testua irakurrita Tabakaleraren irudia etorri zitzaidalako gogora.

Bai, agerikoa den bezala, talka handia sentitzen dugu eredu horiekiko. Eredu horrek kristoren sarraski kulturala sortzen digu, zama izaten denbora asko darama, eta alderdi ezkertiarrenak ere, eredu horri buelta eman beharrean, bertan murgildu dira. Hori ikustea oso gogorra da guretzat. Baina ezer ez da guztiz zuria edo beltza; hor dabiltzan pertsonak bidaide ere izan ditugu, eta askotan gerturaketaren bat eduki badugu halako proiektu batera pertsonen bidez izan da, ez ereduen bidez. Gu publikoari zor gatzaizkio, etengabe zirrikituekin jokatu behar dugu horretarako, aliantzak bilatu gustuko ez ditugun ereduen barnean ere, baina pertsonen bidez; oso gutxitan eredu edo instituzioen bidez.

Baina guk geure kabuz ezer antolatzen dugunean sekula ez gara eredu horien barruan kokatzen. Mikelazulon, adibidez, inguruko talde eta kolektibo mordoa gaude eta, behetik, modu asanblearioan antolatuta, ekimenak egiten ditugu, sortzen dira sareak, ikusten dira dramaturgia berriak... Hori da gure habitat naturala.

Instituzioek antzerkia lagundu beharko lukete?

Ez oztopatzea eta ez erasotzea ja bada laguntzea [barreak]. Hortik aurrera eztabaidatu beharko litzateke ea zer den diru publikoa, zer egin behar den harekin eta ze ereduren arabera. Egin ez den hausnarketa da eta egun gure gain erortzen dena, gu garenean prekarioan gaudenak... Hori eskizofrenikoa da guretzat, baina egin egiten dugu. Faltan botatzen dut ezkerrean kokatzen diren korronte, alderdi eta mugimenduek kultur politikei buruz benetako gogoeta bultzatzea, gogoeta serioa, eta ez egotea lehendik zegoenaren errestan. Agian gerturatzen ari da planteamenduak positiboan egiteko ordua, ez dadila izan dena erreakzioa eta kontra egitea, baizik eta guk ze eredu planteatzen dugun eta horra iristeko zer egin behar dugun eztabaidatzea. Asko gara horretarako prest gaudenak baina, klaro, hori ezin dugu sortzaileen esku bakarrik utzi, nahiko lan badugu-eta bizirauten eta kontraesan horiek guztiak kudeatzen, gure eskizofrenia ideologiko horretan.

Bada denbora bat ez duzula poesiarik argitaratzen.

Hiru urte. “Elkartasun basatia”, 2013an. Gertatzen ari zaidana da gero eta gehiago lausotzen zaizkidala generoak, zentzu guztietan; bizitzan eta idazkuntzan [barreak], eta gainera... gustatzen zait sentsazio hori, mugak lausotu eta beste zerbait bilatzearena. “Mr. Señora”-k poesiatik baduela esan didate, baita narratibatik ere... eta momentu batean sentitzen dut horra doala egiten dudana, mugak eta generoak difuminatzen zaizkidala. Noizbait bueltatuko naizen poesia idaztera? Agian bai, baina oraingoz eszenara begira nago.

Agian genero berriren bat asmatu beharko duzu…

Ez dut uste, jada dena dago asmatua, baita hau ere [“Mr. Señora”-ren aleari begira], baina ezerosotasuna sortzen duen heinean, interesgarria da. Antzerkiak ez ditu erantzunak planteatzen, planteatzen ditu galderak, eta niri interesatzen zait ezerosotasunaren antzerkia eta sorkuntza. Errazagoa da txaloen bila joatea eta gogorra da emanaldi batetik hainbeste txalo jaso gabe irtetea, nahiz eta zerbait mugitu delako sentsazioa izan. Aukera kontua da, eta guk ezerosotasuna aukeratzen dugu. Hori da gure konpromisoa: ezerosotasun bat probokatzea gure buruetatik hasi eta publikoraino, baina beti denen alde, mugimenduaren alde, ideiak ez estankatzearen alde.

 

«Antzerkia publikatzeko modu asko daude literatura egin gabe ere; hor lan interesgarria dago egiteko»

Zenbat kostatzen da antzerki obra bat paperean argitaratzea?

Oso zaila da, ia ez dago antzerkia argitaratzeko espaziorik. Ez dago bildumarik, ezta horretara dedikatzen den argitaletxerik ere, ArtezBlai kenduta. Gertatzen dena da antzerkiak harreman gatazkatsua duela literaturarekin: antzerki garaikidean, idazten den asko ez da literatura kontsideratzen. Hala ere, antzerkia publikatzeko modu asko daude literatura egin gabe, beste era bateko liburuak, prozesuak agertzen, erdi saiakerak... nik uste dut hor lan asko eta oso interesgarria egin daitekeela, baina oraindik ez gara horretara iritsi.

Zure kasuan, zenbat obra idatziko zenituen eta zenbat argitaratu dituzu?

Argitaragarriak direnetatik oso gutxi iritsi dira paperera. Baina idatzi ditudanetatik asko ez dira publikagarriak, ez literaturaren zentzuan behintzat. Adibidez, Metrokoadrokaren ibilbidean klabe izan diren obra asko ez dira idazketa klasiko batetik etorri: testu bat ematen duzu, taldea aportazioak egiten doa, hau kendu hau jarri, material berriak sortzen dira, eta emaitza ez da autore emaitza, talde emaitza baizik. Horko material testuala paperean jasotzen bada, zentzua edukiko luke prozesua ere kontatzen bada, eta agertzen bada idazketa izan dela hitzen bidezkoa, baina baita gorputzaren bidezkoa ere. Alegia, zuk gidoi batean koreografia bat markatu dezakezu, eta hori ere idazketa da. Baina ez da literatura. Hor gogoeta interesgarria dago egiteko zergatik, adibidez, zergatik atera da liburu hau [“Mr. Señora”]?

Zergatik atera da ba?

Testu irekia da, akotazio gutxikoa, pertsonaiak gutxi markatuak daude, iruditzen zaidalako aktorea ez dela interprete hutsa, sortzailea dela. Literaturatik egiten diren testuetan autorea sakralizatu egiten da, aktorea eszena bakoitzean nondik sartzen den erabakitzen du, eta nik ez dut horrela ikusten. Inork “Mr. Señora”-ko pasarte bat erabil dezake, edo lau esaldi, berak lau esaldi horietan dena dagoela sentitzen duelako eta hortik abiatuta material berria sor dezake. Eta, hala ere, jarraituko luke “Mr. Señora” izaten. Hasierako hazi edo probokazioa hor dagoelako. Eta hazi egin da gainera.

Antzerki testuak, zerbait maskatua baino gehiago, balizko hazi bezala ikusten ditut.A.A.

ANTZEZLANA


«‘Mr. Señora’-k bukatu du izaten begiratuak sentitzen diren gorputzen gaineko gogoeta bat, biluztearen aldeko aldarri bat eta armairutik atera den jendeari esker oneko maitasun deklarazio bat»

KULTUR EREDUAK


«Egungo kultur eredu nagusiak kristoren sarraski kulturala sortzen digu, zama izaten denbora asko darama, eta alderdi ezkertiarrenak ere, eredu horri buelta eman beharrean, bertan murgildu dira»