Jon LEUNDA

Udarekin batera segalariek ere ekin diote aurtengo denboraldiari

Udarekin batera abiatu da segalaritzaren denboraldi berria. Betiko era eta nazioarteko era, biak uztartzen dira Euskal Herrian. Gipuzkoa da, dudarik gabe, segalaririk gehien dituen herrialdea, hemen gauzak nahiko ongi baitaude. Ez, ordea, gainerako sei herrialdeetan.

Sega eta Migelmari Jauregi Altzo lotuta doaz. Zaldibiakoak segalaritzaren alderik gehienak ezagutzen ditu. Betiko eran aritutakoa da, apustuak ere egindakoa, txapelketez gain, nazioarteko era Euskal Herrian bultzatu zuena ere bada, eta kanpora irteten hasi zen aurrenetakoa. Gaur egun Euskal Herrian segalaritzak bizi duen egoeraz hitz egiteko aproposenetakoa izan daiteke.

Alemaniatik etorri berria da Zaldibiakoa. «Frisia eskualdean izan gara, hiru zatitan banatuta dago, izan ere, Alemaniako, Herbehereetako eta Danimarkako partetan baitago banatuta herrialde hau. Gu Alemaniakoan izan gara», dio Altzok. «Euskal Herritik taldetxo bat joan gara eta txukun aritu gara, baina orokorrean ongi pasatu da. Lehen aldiz Herbehereetako segalariekin egin dugu topo, orain arte ez baitira nazioartean ia aritu, eta haiekin harremanetan sartzeko ere balio izan du», erantsi du.

Izan ere, bera partaide den Almitza elkartearen helburuetako bat baita beste herrialdeetakoekin ere harremanak sendotzea. Gaur egun betiko erako segalaritzan nazioarteko erak izan duen ekarpenaz ere mintzatu nahi izan du. «Gaur egun betiko eran dabiltzan segalaririk gehienak gurekin hasitakoak dira. Guk nazioarteko eran segan egiteko urratsa eman genuenean Euskal Herriko segalaritza kinka larrian zegoen. Oroitzen naiz bi mutil bakarrik zeudela, eta ez zekitela txapelketa jokatuko zen edo ez. Gaur egun Gipuzkoan ez dago arazorik, aurten bertan mutiletan zortzi ari baitira eta Nafarroan bi», dio.

Bizkaian eta Araban egoera ez da horren ona, ordea, eta Altzok garbi dauka non dagoen arazoa. «Hor lana egin behar da, eta garbi dago lan hori ez dela egin. Araban hutsetik hasi eta segalari mordo bat izatera iritsi ziren, baina hori mantendu eta berriak erakartzeko, lana egin behar da, eta begi bistakoa da ez dela egin. Bizkaian ere tankerakoa izan dela esango nuke», dio.

Horregatik, segako bi modalitateak egiteko arazorik ez dagoela onartzen du. «Ez dut uste biak uztartzeko arazorik dagoenik. Ez daukate zerikusirik batak eta besteak, nazioarteko eran lan laburrak dira, eta betiko eran, berriz, lan luzea da, eta gero moztutako belarra pisatu behar da. Hala ere, bat bestearekin egin daiteke, eta ugari izan dira biak uztartu dituztenak», dio Jauregik.

 

Barruko lehiaketa

Almitza elkarteak denboraldi lasaia izango omen du: «Iazko Europako Txapelketarekin lan asko izan genuen, eta aurten lasai hartzea erabaki dugu. Izango dira halere txapelketak denboraldia mantentzeko, baina aurten gauzak lasaiago hartu nahi izan ditugu».

Aurtengo helburua umeak eta gaztetxoak erakartzea da eta hauekin lan egitea. «Hori da gure helburua. Etorkizunean segalariak nahi baditugu, umeekin eta gaztetxoekin egin behar dira gauzak, eta aurtengo helburuetako bat hori izango da», dio Altzok. Zaldibiakoak garbi uzten du nazioartean Euskal Herriko segalaritza erreferentzia bat dela. «Urtean zehar eskaintza asko izaten ditugu kanpora joateko, eta iruditzen zaigu joatea derrigorrezkoa dela, baina denetara ezin gara joan, ez daukagulako ahalmenik. Aurten batera joan gara, baina gehiagotara joateko deiak ere izan ditugu. Horietako bat Errusia izan da. Handik deika ari zaizkigu, baina ez da erraza joatea», azaldu du Miguelmari Jauregik.

 

Beste modalitate batek aukera gehiago emango omen lituzke

Betiko era eta nazioarteko era, horiek egiten dira Euskal Herrian, baina Altzok hirugarren bat sartuko omen luke. «Garbi dago Euskal Herrian lan handia egitearen zale garela, baina betiko erako segalaritzak talde handi bat izatea eskatzen du, eta hori batzuen kasuan arazoa ere izaten da, ez baita erraza izaten hori lortzea», dio Zaldibiakoak.

Horregatik Jauregik erdiko bide bat ere proposatzen du. «Adibidez 800 metroko sail bat moztea, zeinek azkarrago moztu, eta dudarik gabe txukun moztu behar da. Lan hori gogorra da, aukera eder bat litzateke, bi modalitateren tarteko zerbait izango litzatekeelako», dio. «Baina horrek ez du esan nahi beste bi modalitateak kendu behar direnik, denak mantendu daitezke. Horrek segalari gehiagori emango lieke aukera, baina horretarako lan asko egin behar da aurretik», segurtatu du Altzok. J.L.