GARA
ATENAS

Elkartasun Karabanakoek pasaporteak erre dituzte

Errefuxiatuen asilo eskubidea babesteko eskatzea eta Europar Batasunaren politika «ankerrak» salatzea helburu zuen Karabanak atzo amaitu zuen 3.000 kilometroko ibilbidea, Estatu espainolak Atenasen duen enbaxadaren aurrean pasaporte batzuei su emanez.

Estatu osotik, baita Euskal Herritik ere, irtendako bost autobusetan iritsitako 300en bat lagunek amaitutzat eman zuten atzo beren ibilbidea, 3.000 kilometrotik gora egin ondoren.

Grezia zuten helmuga, Europar Batasunak bizi duen errefuxiatuen krisian, kontinenteko hego-ekialdeko herrialde hori izan baita Europako sarrera Ekialde Hurbileko gatazketatik eta beste leku askotako miseriatik ihes egin nahi zuten pertsonentzat. Balkanetako ibilbidea itxi izanaren eraginez, 57.000 gizaki inguru daude herrialde horretan ez aurrera ez atzera egin ezinik.

Greziara iristean Tesalonika hirian No Border Camp ekimenak prestatutako kanpalekuan ezarri ziren. Bertatik irten ziren zenbait ekitalditan esku hartzeko, esaterako, errefuxiatuak atxilotuta edukitzeko europar agintariek zabaldu dituzten bi zentroren aurrean eta hilabeteotan oso ezaguna egin zaigun Idomenin (Mazedoniako mugan). Jose Masa Karabanako eledunak adierazi du Grezian izan den kanpaleku inprobisaturik handiena aukeratu zutela beren protestaldia egiteko «Europako migrazio politiken porrotaren ispilu delako».

Karabanan esku hartu dutenek errefuxiatu eta migranteek bizi duten egoera penagarria agerian jarri nahi zuten, «ez Grezian soilik, non larrialdi humanitario baten aurrean gauden, baizik Europako hegoaldeko muga guztietan, hobi komun bihurtzen ari dira-eta».

Azken ekitaldia Atenas hiriburuan egin zuten, Estatu espainolak bertan duen enbaxadaren aurrean. 500en bat lagun elkartu ziren Europako eta Estatu espainoleko agintarien kudeaketa salatzeko. Gainera, Europar Batasunak Turkiarekin sinatutako migrazio ituna bertan behera uzteko exijitu zuten.

Manifestari batzuk Poliziak enbaxada babesteko egindako hesiaren aurrean jarri ziren, oinetakoak kendu eta etzateko. Olana zuri batekin estali zituzten, Europara iritsi nahian itsasoan hildako milaka lagunak gogorarazteko.

Estatuen arteko mugak zabaltzeko exijitu ondoren, oihuka gogorarazi zuten ez dagoela «legez kontrako gizakirik» eta manifestari batzuek pasaporteak txikitu eta su eman zieten.

Ankararekin sinatutako ituna

Turkiarekin sinatutako migrazio ituna arriskuan ikusten du Reinhold Mitterlehner Austriako kantziler-ordeak, Erdogan presidentearen aurkako estatu kolpearen ondoren nagusitu den errepresioaren eraginez. «Nork esaten digu aurki ez ditugula turkiar errefuxiatuak gurera etortzen ikusiko?», galdetu zuen. Omer Celik Turkiako Europako Gaietarako ministroak atzo bertan esan zuen ituna arazorik gabe betetzen ari dela.