GARA
DONOSTIA

Negoziazioak apurtutzat eman dituzte sindikatuek; Osakidetzak ez, ordea

Sindikatuek elkarrizketak apurtu izana leporatu diote Osasun Sailari, baina honek ukatu egin du. Administrazio Kontseiluak «premiazkoak» ziren gauzak baino ez dituela onartu defendatu du.

Negoziazioak apurtu izana leporatu diote sindikatuek Osakidetzari, eta honek, aldiz, ukatu egin du elkarrizketak eten direla. Satse, ELA, LAB, SME, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek ohar bidez adierazi zutenez, Osasun Sailak «legegintzaldi honetan elkarrizketarako aukerak bukatu direla» helarazi die. «Ez dute batere akordiorik lortu mahaian ordezkaritza duen ezein sindikaturekin, ezein gaitan», esan zuten ohar bidez iragan ostegunean.

Ez dela fede onez aritu ere leporatu zioten Administrazioari, eta, «behin eta berriz» langileen gaineko informazioa emateko eskatu arren, datuak «ezkutatu» dizkiela gaineratu zuten. Horrek zailtasunak handitu baino ez ditu egiten, ohartarazi zutenez, dokumentazio hori izatea «ezinbestekoa» delako negoziazioan «funtsezko gaiei buruzko proposamenak egin ahal izateko». Hala nola, LEPak, lantaldea ugaltzea edo lekualdatze-lehiaketak.

«Gainera –erantsi zuten sindikatuek–, Osakidetzak ez ditu ontzat eman nahi sindikatuen ahobatezko proposamenak, zenbaitetan gastu gehiagorik ekarri ez arren. Adibidez, lekualdatze-lehiaketa batean parte hartzeko aukera Osakidetzaren kategoria guztiei eskaintzea, eta plaza huts guztiak eskaintzea; bestela esanda, etxetik urrun bizi diren langile finko guztiei etxera hurbiltzeko aukera ematea, plaza hutsak egonez gero. Eta proposamen hori ere ez dute jaso», azaldu zuten.

Proposamenak entzun eta jasotzeko «borondate eza» ikusita, uko egin diote «estrategia horretan parte hartzeari, murrizketak zuritzeko baino balio ez duelakoan»; eta «aurka» egingo diote berriro ere Osasun Zuzendaritza horri. Osasun Sailaren proposamen «bakarra» hau izan zen, iturri berberen arabera: «Bere burua zuritzeko gure oniritzia jasotzea izan da, zertarako eta behin-behinekotasun tasa %35 inguruan mantentzeko neurriak hartzeko, lan-karga jasanezinak ezartzeko, eta 3.000 bat lanposturen suntsipena mantentzeko».

Jarrera «irekia»

Sindikatuen bertsioa gezurtatu egin zuen Osakidetzak eta defendatu, Administrazio Kontseiluak «premiazkoak» ziren gauza batzuk onartu behar izan zituela, sindikatuen onespenik gabe, ezin zelako gehiago atzeratu. Jose Maria Armentia Osakidetzako Giza Baliabideen arduradunak Efe agentziari adierazi zionez, «ez da ezer hautsi», elkarrizketei erreferentzia eginez. «Gure aldetik ez da inongo jarrera aldaketarik izan. Kudeatzaile bezala erabakiak hartu behar ditugu eta ezin dugu dena geldiarazi akordio zabal bat lortzeko gai izan ez garelako» sindikatuekin.

Administrazio Kontseiluak onartu zituen gauzen artean daude, besteak beste, lekualdatzeetarako lehiaketa, Urdulizko Ospitalean hutsik dauden plazak betetzeko akordioa eta euskarazko ezohiko proba. Honek urtebete darama negoziazio mahaian, Armentiak adierazi zuenez.

Hitza bete gabe

«Bi hilabeteko atzerapenarekin, Administrazio Kontseiluak onartutako 157 plaza gutxiagorekin, plaza hutsak betetzeko eskaintza eskasarekin eta sindikatuei informaziorik eman gabe. Horrela iragarri du Osakidetzak bere webgunean aldi baterako kontratazioaren eskaintza telematikoaren epearen irekiera», salatu zuen Satse erizainen sindikatuak.

Osasun Sailak aldi baterako lanpostuetan dauden 625 profesional maiatzean interino bihurtuko zirela iragarri arren –«lanpostu horiek behin betiko esleitu arte»–, uztailean onartu dela kritikatu zuen sindikatuak, eta esandakoak baino plaza gutxiago gainera, 468 zehazki. «Eskaintzaren %25 desagerrarazi du, inolako azalpenik eman gabe», gaitzetsi su Satsek.