Markel IRIZAR
Trek-Segafredo taldeko txirrindularia

Ongi etorri Nahia

Amets egitea doakoa eta librea da. Eta badirudi, amets hori egia bihurtzekotan denean eroriko batek lapurtu eta dena pikutara joatea ere zilegi dela. 

Ez da axola aurreko 18 egunetan zer gertatu den, ez da axola zenbat lan eta ilusio zegoen Bauke-ren bigarren postu horren atzean. Kontua da kurba batek, katakrak bat entzun eta 2 segundoko tarte horrek gure Tourra pikutara bota zuela.

Arlo pertsonalean ez da Tour superra izan, eta arlo kolektiboan Baukeren baitan zegoen Tourra eta denboraldia bera salbatzeko aukera, eta azkenean ez bata ez bestea ez ditugu lortu.

Etapan zehar, euriarekin grupetan sufritzen nindoala gauza mordo bati eman dizkiot bueltak. Neure buruari esaten nion ea hau izango ote zen nire azken Tourra. Ez al zen hobea izango beste gazte batzuei tokia uztea, edo akaso datorren denboraldirako hobe litzatekeela helburuak aldatzea.

Nire emazteak askotan esaten dit, oso tremendista jartzen naizela. Gezurra dirudiela, bizitzan pasatutakoak pasatuta, nola eragiten didaten txirrindularitzako emaitza txarrek.

Baina, akaso, batetik atzoko disgustuak eta bestetik nekeak, helmugara “baju” samar iristea ekarri dit gaurkoan.

Eskerrak moralez baju samar nengoela, berriz ere irribarrea berreskurarazi didaten bi berri jaso ditudan helmuga pasatu eta berehala.

Aurrena, Ormaiztegiko «katxarrok» eman digun poza. Izagirre anaiek Tourraren alde gaziena Gorkaren erorikoarekin ezagutu zuten, eta gaur anaia gazteenak, alegia, Ionek, duen kategoria eta klase horren beste erakustaldi bat egin, eta Tour honetako etapa garrantzitsuenetariko bat irabaztea lortu du.

Bigarren berri pozgarria eta are garrantzitsuago eta politagoa Markina-Xemeindik dator.

Oraindik ume aurpegia duen arren, nire zutabekide Amets Txurruka eta haren neskalagun Lexuri Aresti gaur Nahia izena duen neska eder baten guraso bihurtu direla jakin dut.

Horrexegatik Tour honetako irakurle fidel horiei guztiei eskerrak eman eta Ion Izagirre zoriontzeaz gain, Nahia Txurrukari eskainiko dizkiot nire azken hitzak.

Ongi etorri Nahia eta eta laztan potolo bat. Euskal Herrira iristean zu ezagutzera joango naizela hitzematen dizut.

Ordura arte, txintxo-txintxoa izan.

Txoko-marrubizko muxu eta besarkadez agurtzen zaitu zure osaba Markelek.